astekaria 2017/10/21
arrowItzuli

mundua

Karrikako bidaideak

Mikel Rodriguez

Karrikako bidaideak

Gure egoitza itxita eduki zuten 63tik 67ra. Orduan lortu bagenuen aitzinera egitea, ziur izan orain ere lortuko dugula. Beharrezkoa bada, klandestinitatera itzuliko gara lanera, erakunde bezala ezaugarritzat izan ditugun gure sustrai baketsuez eta demokratikoez erabat konbentzituta». Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidenteak erakundearen erroetara jo zuen haren elkarteak herenegun argitaratu zuen bideoan emandako mezuan. Espetxeratuko balute grabatu zuen bideoa, eta aurreikuspenik beltzenak bete ziren. Frankismo betean sortu zuten Omnium, errepresioaren eraginez gainbeheran zegoen kultura katalana azkartzeko asmoz. Hamarkadak igaro, eta Kataluniak nazio gisa autodeterminatzeko bidea hartu zuenean, Omniumek jada profila politikoagoa zuen, eta bidaide berri bat agertu zitzaion: ANC Biltzar Nazional Katalana. Elkarrekin, Kataluniako hiriak eta herriak mobilizatu dituzte azken sei urteotan, eta, orain, erronkarik handienari aurre egin behar diote: buruzagien espetxeratzea, eta legez kanporatzearen mehatxua.

Omnium Cultural 1961eko uztailaren 11n sortu zuten bortz enpresarik: Lluis Carullak, Pau Rierak, Felix Milletek, Joan Vallvek eta Joan Baptista Cendrosek. Eragin handiko pertsonaiak ziren garaiko gizarte katalanean —Carullak, errate baterako, Gallina de Oro elikagai enpresa sortu zuen, gaur egun Gallina Blanca izena duena—, eta ibilbide politiko ezberdinetakoak elkartu ziren —Milletek faxisten alde borrokatu zuen gerran, eta Riera 1952ra arte erbesteratuta egon zen Argentinan—. Diagnosi eta helburu komun batek elkartu zituen: kultura katalana frankismopean arriskuan ikusi zuten, eta mezenazgoaren bidez hura suspertzeko ekintzak egin nahi zituzten. Sorrerako urteetan Entziklopedia Katalana sustatu zuten, lehenbiziko literatur lehiaketak sortu zituzten, eta katalanaren irakaskuntza bultzatu zuten. Horrekin batera, bertze hainbat erakunderen finantzaketan lan egin zuten.

Hasieran, Omniumek ez zuen Kataluniarentzat proiektu politiko zehatz bat defendatzen —Cendros independentziaren alde mintzatu ohi zen, eta bertzeak autonomia baten alde—, baina lan kulturala mehatxutzat zuen frankismoak, eta 1963ko abenduaren 2an Brigada Politiko-Sozialak Bartzelonako Montcada karrikako egoitza miatu zuen, eta gobernadore zibilaren aginduz Omnium legez kanporatu zuen. 1963ko udazkenean erakunde eta pertsona katalanisten aurka egin zituzten sarekaden biktima handienetakoa izan zen Omnium.

Tarradellasen kritikak

Cuixartek herenegungo bideoan erran bezala, Omniumek klandestinitatean jarraitu zuen jarduerarekin. Katalana irakasteko eskolei eutsi zien, eta kultura katalanaren inguruko ikerketak finantzatu zituen. Cendrosek ordainduta Parisen egoitza bat ere ireki zuen klandestinitateko aldian. 1967an, estatutuak berridatzi zituen zentsuraren irizpideak betetzeko, eta berriz ere legeztatu zuten.

Katalanismoaren sektore batzuetan mesfidantza sortu zuen Omniumek. Enpresariek sortu zuten elkartea, eta, batzuek, harremana zuten frankismoarekin. «Omniumen egiazko eginkizuna ekintza katalanistei eduki antifrankista kentzea zen», idatzi zuen Josep Tarradellas Generalitateko presidenteak erbestetik.

Kulturaren aldeko lana beti ardatz gisa hartuta, Omniumek 1981etik aitzinera azkartu egin zuen Katalunia naziotzat aitortzearen aldeko mezua. Espainiako Auzitegi Konstituzionalean estatutu berria zapuzteko ahaleginak hasi ondoren (2006tik), Kataluniaren nazio aitorpenaren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko jarduerak indartu zituen Omniumek, eta, 2011. urtean, aliatu bat gehiago agertu zitzaion. Ongi antolatutako aliatua.

2011ko apirilaren 30ean sortu zuten ANC, profil eta helburu politiko argiarekin: autodeterminazioaren eta independentziaren aldeko herri mobilizazioa sustatzea. 2009tik aitzinera hainbat udalerritan egin zituzten independentziari buruzko kontsultek sortu zuten inertziaren ondorio izan zen plataforma sortzea. Bidean, Omniumekin bat egin zuen karrikan; modu ikusgarrienetan, azken Diadetako ospakizun erraldoien antolakuntzan. Jordi Sanchezen presidentetzan (2015etik), egiaren ordua hurbiltzean, «erresistentzia baketsu eta zibila» praktikara eramateko lanari ekin dio ANCk.

BERRIAn argitaratua (2017/10/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA