astekaria 2015/12/04
arrowItzuli

mundua

Munduan beste 3.678 Sofia Elface Fumo

Kristina Berasain

Munduan beste 3.678 Sofia Elface Fumo

Sofia Elface Fumok 11 urte zituen mina bat zapaldu zuenean. Azaroa zen. Larunbata. Bostak aldera. Egur bila joan zen ahizparekin. Mariari urdaila zulatu zioten printzek. Maputoko ospitalean hil zen, hilabete eta erdira. Sofiari, berriz, bi hankak errotik moztu zizkion leherketak. Egun ilun hartatik 22 urtera, seme-alabekin bizi da, Leonaldo eta Aliarekin, Massacan, Mozambiken.

Gervasio Sanchez kazetari eta argazkilariak haren lekukotasuna eta beste askorena jaso du pertsonen kontrako minek eragiten dituzten ondorioen inguruko lan zirraragarrian: Bizitza minatuak. Munduan, iaztik, beste 3.678 Sofia Elface Fumo daude. 1999tik, 96.492. ICBL Minak Debekatzeko Nazioarteko Kanpainak argitaratutako txostenaren arabera, azken bederatzi urteetan ez bezala, iaz gora egin zuen kopuruak —2013an 3.308 biktima izan ziren—.

Zerrenda beltz horretan aurreneko herrialdeak Afganistan, Kolonbia eta Myanmar dira. Mark Hiznay Human Rights Watcheko ikerlariak kezka agertu du gero eta pertsona gehiagok, bere buruaz beste eginez, lehergailu horiek erabiltzen dituztelako atentatuak egiteko: «Afganistanen eta Iraken bereziki kezkagarria da egoera; izan ere, izari handian erabiltzen ari dira, eta biktimak berak aktibatzen ditu».

Afganistan, Kolonbia, Libia, Myanmar, Pakistan, Siria, Yemen, Irak, Tunisia eta Ukrainan talde armatuak dira minak arma gisa baliatzen dituztenak. Biktimak munduko 54 herrialdetan daude, eta 57 estatutan daude minak egun. Eta horietatik 37k sinatuta daukate Pertsonen Kontrako Minak Debekatzeko Hitzarmena. Otawako Ituna 1999an sartu zen indarrean, eta minak eskuratzea, ekoiztea, metatzea eta erabiltzea debekatzen du. Egun, 133 estatuk egin dute bat hitzarmenarekin, baina, sinatu ez dutenen artean, munduko potentzia handienak daude: Ameriketako Estatu Batuak, Errusia, Txina eta India.

Bielorrusiak, Ukrainak, eta Greziak, berriz, ituna hitzez babestu arren, praktikan urratu egiten dute. Eta larriagoa da minak egiten dituztenak —Txina, India, Iran, Myanmar, Ipar Korea, Pakistan, Rusia eta Vietnan—, eta minak gobernuek beraiek jartzen dituztenean; Myanmar, Ipar Korea eta Siria, kasurako.

Libian eta Israelen ere, azken urteetako datuei erreparatuz, agintariek minak baliatu dituztela salatu du Human Rights Watchek. Siriaren kasuan, berriz, erregimenean jarri du arreta HRWek. Steve Goose ikerlariaren esanetan, errefuxiatuak ihes egiteko baliatzen dituzten bideetan ipini ditu minak erregimenak. «Libano eta Turkiako mugetan; injustua eta moralgabea da pertsonen kontrako minen ezein erabilera, baina guztiz justifikaezina da ezein erabilera ezein herrialderen partez, ezein lekutan eta ezein dela ere arrazoia».

Munduan 110 milioi mina

Landmine Monitor 2015 txostenak zehazten du 110 milioi mina daudela munduan barreiatuta. Nagorno-Karabakh, Somaliland eta Mendebaldeko Sahara ere aipatzen ditu ikerketak, estaturik gabeko eremuak edo herriak. Mendebaldeko Saharan, esaterako, zazpi eta hamar milioi mina artean daude basamortuko hondarraren azpian, eta azken asteetako euriteek leku batetik bestera mugitu dituzte. 1975etik, 2.500 biktima eragin dituzte.

Munduan, berriz, egunean hamar biktima eragin zituzten minek iaz, %80 zibilak, horietatik %39 umeak eta %12 emakumeak. Nazio Batuen Erakundeko Minen Kontrako Agentziaren arabera, bereziki umeentzako dira arriskutsuak minak, duten tamaina, diseinua eta kolorea aintzat hartuz jostailuak direlakoan daudelako.

Bada, ordea, itxaropenerako zirrikiturik. Iaz 200 kilometro koadrotan kendu zituzten minak, eta, oro har, biktimak gutxituz joan dira urtetik urtera; 1999an, egunean 25 biktima eragiten zituzten minek, urtean 9.220. Otawako Ituna sinatu zen urteko datuak dira, eta, orduz geroztik, estatuek 49 milioi mila suntsitu dituzte; iaz, 530.000. Genevan astelehenean abiatuko duten nazioarteko bileran, konpromiso irmoagoak hartzeko eskatu die ICBLk. Ezen mina bat erostea (3 euro) indargabetzea baina merkeagoa baita (700 euro), eta minak 50 urtez egon baitaitezke aktibatuta.

BERRIAn argitaratua (2015/11/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA