astekaria 2015/10/09
arrowItzuli

ekonomia

Pazifikoak badu bere TTIP

Ivan Santamaria

Pazifikoak badu bere TTIP

Globalizazioari bultzada berri bat emango dion akordioa hitzartu dute AEBek, Japoniak eta beste hamar herrialdek. TPP Trans Pacific Partnership (Lankidetza Trans Pazifikoa) izeneko itunak 800 milioi biztanle dituen eremuko arau komertzialak bateratuko ditu. Akordio komertzial klasikoei jarraituko die, tarifak eta bidesariak murriztuta edo kenduta; baina zabalagoa ere bada, inbertsioei, zerbitzuei, ingurumenari edo enpleguari buruzko jokaleku komuna sortzea aurreikusten baitu.

AEBek merkataritzaren alorrean bultzatu duten estrategiaren lehen garaipen handia da. Munduko Merkataritza Erakundea sortu zenetik, 1994. urtean, porrot egin dute liberalizazio saio guztiek. Negoziazio globalak zokoratuta, bi akordio handi bilatu ditu Barack Obama presidentearen administrazioak. Pazifikoan bat, orain lortu duena. Bestea Europako Batasunarekin, oraindik ere negoziazio fasean dagoena.

Edukiari berari baino gehiago, TPPren balio estrategikoari erreparatu zaio orain arte. Txinak eremu geografiko horretan duen itzal gero eta handiagoari mugak jartzeko bitartekotzat jo izan da. Horretarako AEBak eta Japonia —munduko lehen eta hirugarren ekonomia handienak— gai izan dira lehen aldiz historian elkarri lotzeko itun komertzial baten bidez. Gorabidean bizkor dabiltzan Asiako ekonomiekin harremanak indartuko dituzte —Vietnam edo Malaysia—, eta Txinak Hego Amerikan izan zezakeen garapena trabatuko dute.

Bost urte iraun dute negoziazioek. Urriaren 2rako akordio bat lortzea zen negoziatzaileen helburua. Asteburu osoa bilduta pasatu dute Atlantan (AEB), eta atzo iragarri zuten ados jarri direla. 30 atal izango ditu akordioak, baina denbora pixka bat pasatuko da osorik argitaratu arte. Azken egunotan AEBetako botika berriek izan beharreko patente babesa izan da eztabaidagai. Hamabi urte irautea nahi zuten AEBek, eta bost Australiak eta Zeelanda Berriak. Zortzi izango dira, azkenean.

Orain, tramitazioa

Akordioa lortzea prozesuaren baldintza ezinbestekoa zen, baina ez bakarra. Orain, herrialde bakoitzeko gobernuburuen sinadura eta herrialde bakoitzeko parlamentuaren oniritzia jaso behar du. Ez da bide erraza espero, toki gehienetan akordioaren kontrako oposizio sendoa eraiki baita, ituna sekretupean negoziatu eta multinazional handien mesederako baino ez dela uste duena.

Ingurumenean, osasunean edo enpleguan kaltegarria izango den salaketa errefusatu zuen atzo Obamak. Ituna onartzeko prozedura azkarra du gobernuak —ezin zaio zuzenketarik jarri—, baina herritarrek eta Kongresuak ituna goitik behera aztertzeko «hilabeteak» izango dituztela azaldu du.

Herrialdeen babesa lortzeko prozesu gogorra espero da, baina AEBeko negoziatzaileek eskuak libre dituzte EBrekin negoziatzen ari diren TTIP akordioren eztabaida azkartzeko. Negoziazioak fase aurreratuan sartuko dira laster, eta gai korapilatsuenak ez dira aztertu ere egin. Esaterako, Europako Batzordeak inbertitzaileen eta gobernuen arteko desadostasunak epaitzeko proposatu duen eredu berria. TPP onartu izanak aldekoen presioa areagotuko du TTIPen prozesua azkartze aldera.

BERRIAn argitaratua (2015/10/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA