astekaria 2017/10/21
arrowItzuli

kultura

BI EGUNEKO ERROMANTZEA

Amagoia Iban

BI EGUNEKO ERROMANTZEA

Berrogei urte atzera. 1977ko irailaren 29ko goiz albara. Ostirala. Zakilixut jaio da, Antton Olariagak (Usurbil, Gipuzkoa, 1946) lagunduta. Egin egunkarian. Ez zuen lehen umea marrazkilariak, Anaitasuna eta Argia aldizkarietan ere sortuak zituen kaleko pertsonaiak, baina Zakilixutek eguneroko zaintza eskatuko zion, aurrekoek ez bezala, eta, jaiotzear zegoela, «bertigo pixka bat» sentitu omen zuen. Juan Carlos Egillorren eta Jon Zabaletaren umeak izango zituelako etxekide.

Bertigoak bertigo, Apgar testa aise gainditu zuen jaioberriak: giharrak, birikak, bihotza, erreflexuak... primerakoak zekartzan. Zurbiltxoa izatea, aukeran. «Hogei urte bete artean ez zuen zurbiltasun hori galdu. Orain, kolore ederra dauka». Olariaga doktoreak. Zakilixuten koloreari, hitzei, gogoetei, ibilerei adi egindako berrogei urteen talaiatik. «Hastean, tripode moduko baten gainean eraiki nuen pertsonaia». Umorea, euskara eta sexua. «Zalantza grafiko eta linguistiko askorekin abiatu ginen, Egin-en lehen alearekin. Jaiotzean, masailekoa jaso eta negar pixka bat egin zuen. Ikusi nuenean, paperean, hunkigarria izan zen. Askotan, inkontzientzia atrebentziaren oinarria izaten da, badakizu».

Olariagarena bakarrik ez, 1977ko giroaren umea ere bada Zakilixut. Franco diktadorea hil osteko trantsizio betean jaio zen. Eta laguna bazuen: Marizikin berehala agertu zen Egin-eko auzora. «Propio jarri nizkien Zakilixut eta Marizikin izenak. Ez zuten protestarik egin». Halaxe hasi zen Zakilixuten apopilo bizimodua. «Harridura» hitza darabil marrazkilariak orduko sentimenduak azaltzeko. «Zerbait organikoa zen, paperezkoa izanik ere».

Ordutik, asko aldatu dira gauzak. Olariaga eta Zakilixut bera ere bai. Ez dute harremana eten, hala ere. «Astero biltzen naiz berarekin oraindik ere». Ez omen du Zakilixuten bizitza kontrolatzen, argi utzi nahi izan du. «Oraindik ez dakit lanik egiten duen ere». Lotsagabea dela, hori badaki. «Ederki bizi haiz nire kontura!», esan zion behin paperean. Minduta dago oraindik Olariaga. «Gezurra baita».

Gezur handia eta formula

Gezur hori txikia du, baina, Zakilixutek. Berrogei urtez iraun dio beste handiago batek: «Betirako dela uste du berak, baina Zakilixut hamar-hamabi segundo besterik ez da egoten jendearen begien aurrean. Egunak 86.400 segundo ditu, eta hori zati hamabi egiten baduzu, 7.200 da». Zakilixuten bizitza, Olariagak formulatuta. «Dozenatik gora mila zinta egingo nituen harekin. Zinta guztien segundoak batu, eta bi egun dira horiek, ez berrogei urte». 48 ordu. «Jogur batek baino iraungitze epe laburragoa dauka». Ez dio sekula esan, minduko ote den beldur. «Lehen baino sentiberagoa da orain, izan ere».

Aldaketa askoren lekuko izan da, gainera, apopilo bizi den paperezko atikotik; bertatik ikusi ditu pasatzen hamaika albiste eta argazki. Atikoa bera ere, barrualde zuri-beltzetik kontrazaleko koloreetara aldatu zitzaion duela hogei urte. Aldaketa asko ezagutu ditu bere baitan ere. «Uste dut gauza batzuk lehen baino gehiago ulertzen dituela; beste batzuk, aldiz, inoiz baino gutxiago. Eta, zenbaitetan, absurdoaren bidetik jotzen duela, nahita, horrexegatik». Umorea konjuratzeko. Jakin baitaki, inkomunikazioa eta deskontestualizazioa bezalaxe, miragarri bat dela. Hala, zientzia gaiak sexuaren eremura eramateko joera garatu du. Edo, alderantziz, sexua zientziarenera eramatekoa. Eta politika ekonomiaren menpe ikustekoa. «Trabestismo oso krudelaren lekukoa da egunerokoan. Politika judizializatuaren lekuko, esaterako. Eta trabestismo hori umore iturri ikusten du. Gauzak komunikatzeko era gisa hartuz umorea». Hasieran politikoen aurpegiak agertzen zituen; egun, desagertu zaizkio halakoak. «Susmoa dut uste duela, umorea egiteko erabilita ere, propaganda egiten diela».

Esandakoak bai, horiek hartzen dizkie Zakilixutek politikariei. Politikariei bakarrik ez. Ekonomialariei, kulturgileei, kaleko jendeei ere bai. «Jogurt triste batek berak baino bizitza luzeagoa du, albisteek ere gero eta iraungitze epe estuagoa daukaten garaiotan. Eta inkontziente puntu bat badauka Zakilixutek». Eta ez zaizkio gustatzen testu luzeak. Gai politikoetan gero eta gehiago sartzen da, bizimoduarekin lotuta betiere. «Kezka handia daukala uste dut, degradazioa ikusten duela eskubideetan eta beste arlo askotan. Neu ere askotan aspertu egiten naiz bere jarioarekin. Eta sexu kontuetan badauka sofistikazio puntu bat, oso puntu atzerakoiarekin nahastuta». Hori bai, nahiko lotsatia omen da sexu espliziturako: «Ondoren edo aurretik harrapatu dut nik beti». Bion artekoak irauteko sekretua, hala ere, «24 orduak elkarrekin ez pasatzea da», Olariagaren ustez. «Eta gero, beti zalantza izaten dut: ez dakit berarekin ageri den neska bera den beti, ile kolorea aldatuta, edo bat baino gehiago diren. Estereotipo jakin bat gustatzen zaiola esango nuke, eta neska batekin baino gehiagorekin egoten dela. Ze, bestela, gaixoa neska!».

Harremanaren ajeak

Berrogei urteko harremanak, jakina, baditu bere ajeak. «Inozoegia ikusten dut; askotan, frustratuegia ere bai». Olariagak, Zakilixut entzuten ari ez denean. «Den bezalakoa da, baina, eta, poz txikiak ematen dizkidan bitartean, lagun gaude». Sekula ez omen dio galdetu, hala ere, ez ote dakien oraindik pertsonaia bat besterik ez dela. «Bakea nahi dut, eta elkarrekin ondo pasatzeko tartea badaukagu oraindik ere».

Noiz arte? Auskalo. Oso gutxi egoten dira elkarrekin, eta hobe. «Oso desberdinak garelako. Batzuetan, ni esaten atrebitzen ez naizen gauzak esaten ditu, eta, beste askotan, nik esango ez nituzkeenak». Eskerrak horri ere. «Eta badut errezeloa zalantza egiten duela, neuk bezala, hitzei ematen dien balio eta esanahi bera ematen ote dioten belaunaldi gazteagokoek». Hitzen bigarren, hirugarren eta laugarren esanahien borroka «galdua» ote den. «Pentsatzen dut Zakilixutek ere badakiela zenbait hitzen esanahia zirkulazioan jarriz gero zenbait jendek ez duela ulertuko, baina, askotan esaten diodan bezala, ni papereraino heltzen naiz, ezin dut bestaldera pasatu». Kultismo faltsuan erortzeko asmorik gabe. Inkomunikazio hori ukatu gabe. Gaiez gain, hitzen esanahia aldatuz, erregistroak eraldatuz. «Hizkuntzarekin gozatzeko beta badaukagu. Eta gozamena ere behar da». Irudiaren mendean, irudiak leitzeko gero eta zailtasun gehiago duten begien aroan bizi direla ahaztu gabe. «Datuekin berdin. Dataismo hutsean bizi gara, gaindosiraino. Eta informaziorik jaso gabe».

Konturatzerako, papera lortzeko dauzkan arazoei buruz hasi da hizketan Olariaga. Eta betiko markako borragomaren zapore goxoaz. Eta letra tipoen iraultzaz. Eta bisitatu izan dituen hirietako seinaleen edertasunaz. Nola ez zuen arrastorik utziko marrazkilariaren bizitzak, bada, marrazkiarenean? «Ez, ez da jeloskorra. Ni beste batzuekin eta beste lan batzuetan aritzea maite du, horren ondorioz bera lasai utziko dudala badakielako». Hala, Olariagak ilustratutako azken liburuko urdin bizia Zakilixuten atikoan ager daiteke bat-batean. Eta entzundako elkarrizketa bat. Eta irakurritako liburu pasartea. Eta ikusitako filma. «Nekeak eragin izan du gure artekoan, bai. Diziplinatua naiz eta bera ere egunero agertzen da gure hitzordura. Krisiak baditugu, baina harreman guztietan gertatzen da, ezta?».

Elkarrizketa bukatzear dela, paper bat mahai gainera. «Zakilixutek eman dit, zuretzat». Olariagak. Atikoko hitzak daudela bertan, bateko eta besteko zintetako esaldiak. «Zuk galderak egiten badituzu, erantzun bezala erabil ditzakezula esan dit. Baldintza bakarra jarri dit: itsu-itsuan ezkondu behar dira galderak erantzunekin». Dozenaka lerro. «Adarpe diem!», lehena. Aldarrikapen betea, 40 urteen —edo 48 orduen— talaiatik.

BERRIAn argitaratua (2017/10/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA