astekaria 2017/10/21
arrowItzuli

gizartea

Ikasketak, 64 koadrotxotan

Jon Rejado

Ikasketak, 64 koadrotxotan

Xake taula batean nola koka daitezke zortzi erregina, elkarri eraso egin ez diezaioten? Modu bat aurkituz gero, gehiago lor al daitezke irudi horiek biratuz, edo, ispilu baten aurrean balego bezala, islatuz? Halako galderak entzun ahalko dira datorren ikasturtetik aurrera Nafarroan, Bigarren Hezkuntzako ikasgeletan. Hezkuntza Departamentuak lekua egingo die 64 koadrotxoko taulei, eskola orduen barruan. Ez ikasleek elkarren aurka lehiatzen ikas dezaten, baizik eta ikasteko erabil dezaten xakea: edukiak, balioak, prozedurak...

Nazioarteko xake maisu eta Nafarroako proiektuan parte hartzen ari den kideetako batek, Roi Reinaldok, xake hezigarriaren oinarrian jarri du arreta. «Xake lehiakorraren helburua partidak irabatea da: jokoa da helburua. Xake hezigarrian, aldiz, bitartekari bat baino ez da, beste eduki batzuk lantzeko». Reinaldok gaineratu du abiapuntu horrek bat egiten duela gaitasunetan oinarritutako ikaskuntzarekin, eta, ondorioz, hamaika aukera eskain ditzakeela hezkuntza formalean.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ildo horretan sakontzeko asmoa berretsi du. Hala ezagutarazi zuen Maria Solana Hezkuntza kontseilariak iragan astean. Datorren ikasturtetik aurrera, DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleei eskainiko die, hautazko ikasgai moduan. Asmo hori gauzatzeko, departamentuak aditu talde bat du bidaide: Julian Perez Nafarroako Xake Federakuntzako Begiraleen Batzordeko presidentea, Carlos Francisco Soler pedagogo eta xake jokalaria, eta Roi Reinaldo bera.

Gobernuak eta aditu taldeak osatzen duten lantalde horrek hainbat eginbehar ditu esku artean, datorren ikasturtean xake hezigarria eskaini ahal izateko. Batetik, ikasgaiaren curriculuma lantzen ari dira, ikastetxeek ikasgaiaren eduki eta jarduerak modu egituratu batean jaso ditzaten. «Neketsua bezain atsegingarria» izaten ari dela jakinarazi dute horretan lanean ari direnek.

Bestetik, ikasgaia emango duten irakasleen formakuntza indartzen ari dira. Aitor Lakasta Nafarroako Ebaluazio, Kalitate, Prestakuntza, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak azaldu du modu askotan ari direla lanean: ikasturte hasieran, saio informatibo bat egin zuten, xake hezigarriaren nondik norakoak azaltzeko, eta ematen dituen aukerak aztertzeko. Horrez gain, ikasturte amaieran jardunean lortutako esperientziak trukatuko dituzte. Roi Reinaldok prestakuntza horren garrantzia nabarmendu du. Izan ere, irakasleek xakea baliabide gisa erabiltzen ikasi behar dute, ez xakean jokatzen. «Gerta daiteke haur batzuk irakasleak baino hobeto aritzea, baina hori ez da helburua; irakaslearen lana jokoa baliatzen jakitea da, hezteko helburuekin».

Azkenik, xake hezigarria beste etapa batzuetara zabaltzeko bidea urratzen ari da lantaldea. 2019-2020ko ikasturtean helburu hori erdiesteko asmoa dute. Proiektu berritzaileak baliatuko dituzte horretarako. Honela azaldu du Aitor Lakastak: «Heldu den ikasturteko deialdian, xake hezigarria jasoko dugu, eta proiektu horiek bultzatuko ditugu».

2014tik, eskarmentua

Xake hezitzailea sustatzeko ideia ez da egun batetik bestera agertu Nafarroako Gobernuan. Esan bezala, 2014. urtean hasi ziren xake hezigarriarekin lanean, eta ordutik asmoari eutsi diote. Irakasleak Laguntzeko Zentroen bitartez egin zuten lehen ahalegina, irakasleei formakuntza eskaintzen dien zerbitzu publikoan. Tuterako UNED Espainiako Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitateak ere eskaintzen du formakuntza, 2015etik. «Ordutik 150 irakasle baino gehiagok jaso dute prestakuntza», ezagutarazi du Lakastak. Lan horren emaitzetan oinarrituta erabaki du Nafarroako Gobernuak aurrera jarraitzea. «Emaitza positiboak eraman gaitu apustua indartzera».

Oro har, eskolaz kanpoko ikasgai gisa eskaini dute ikastetxeek, baina ez guztiek. Iturrama Bigarren Hezkuntzako institutuan eskola orduetan eskaintzen dute. Andrea Garcia irakaslea dago ekinbidearen atzean; 2014. urteko formakuntza saioan parte hartu zuen. «LOMCEri zirrikitu bat aurkitu nion, ikastetxeak diseina zezakeen ikasgai bezala planteatu nuen, eta hautazko gisa eskaini genien DBHko lehen mailako ikasleei», azaldu du. Ikasgaiak betetzen ditu araudiak eskatzen dituen baldintza guztiak: programazio bat du, ikuskarien baimena... Ordea, xake hezigarriak «askatasun puntu bat» ematen diola aitortu du Garciak.

Maila profesionalean «aukera» moduan ere ikusi zuen Garciak xake hezigarria. Matematikako irakaslea da, eta eskoletan antzematen zituen hutsuneak betetzeko modua ikusi zuen. «Ikasleei testuingurua falta zaie matematikak lantzean; alegia, zertan eta zertarako erabili. Xake hezigarriak hori eskaintzen die: testuingurua». Horrez gain, eskolaren malgutasunak bestelako edukiak landu ahal izateko tartea eskaintzen dio: ahozko azalpenak, lankidetza... Ikasgaiak harrera ona izan du ikasleen artean, Garciak azaldutakoaren arabera: «Areago, hiru urte hauetan ikusi izan dudana da xakeari buruzko oinarrizko ezagutzekin heltzen hasi direla; hau da, Lehen Hezkuntzan errotzen ari da».

Ikasgaiaren lanketa leku batetik bestera aldatzen bada ere, abiapuntu bertsua dutela azaldu du Roi Reinaldok. Hain zuzen ere, xakea baliabide bat izan dadin, jokoaren oinarriak ikasi behar dituzte ikasleek: pieza bakoitzaren mugimendua... Andrea Garciak hala egiten du: «Lehen hiru hilabetean jokoaren oinarriak finkatu behar dira, halabeharrez; hartara, xake testuingurua duten buruketak landu ahal izan ditugu». Ariketa horiek zehaztea izan da erronka nagusietako bat orain arte. Garciak, adibidez, bere kabuz bilatu du bibliografia, eta irakasleen ezaugarrietara egokitu du. Ordea, etorkizunean oinarri bibliografikoa partekatuko dute irakasle guztiek: Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan ari den aditu taldeak sortutako materiala: Zazpi koloretako eredua.

Ezagutzen transferentzia

Reinaldok gogora ekarri ditu xakeari aitortzen zaizkion onura guztiak. Horietako batzuk agerikoak direla azaldu du, hala nola, matematikako edukiak lantzea, eta bestelako gaitasunetan sakontzeko aukera (oroimena, kalkulua...). Horietako batzuk bestelako jarduerekin landu daitezkeela gaineratu du, baina batean arreta berezia jarri du: erabakiak hartzeko prozesua. «Egoera aztertu, gure aukerak neurtu, izan ditzakeen ondorioetan pentsatu... Jokoak hori egiten laguntzen du». Ordea, gaitasun horiek xakearen testuingurua gaindi ditzaketela nabarmendu du Aitor Lakastak. «Lantzen dituzten gaitasun horiek beste alor batzuetara transferitu ahal dira, eta hori oso positibotzat jotzen dugu».

Nafarroan DBHn hasiko badira ere, adituek nabarmendu dute adin talde guztietarako baliagarria izan daitekeela. Roi Reinaldok azaldu du Haur Hezkuntzan ere baliatzen dela xakea, haurren ezaugarrietara egokituta. «Taula erraldoia jartzen diete umeei, pieza erraldoiak, eta aztertzen dituzte zutabeak, lerroak, diagonalak... Etapa bakoitzean badago irakasteko modu bat, eta gainditu ezin diren mugak».

Nafarroako egitasmotik at ere antzeman daiteke eskoletan egiten den lan hori, beste modu batean bideratzen bada ere. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eskolaz kanpo eman ohi da xakea. Iñigo Argandoñak, Gipuzkoako Gros Xake Taldeko nazioarteko xake maisuak, eskolaz kanpoko klaseak ematen dizkie Zurriola Ikastolako Lehen Hezkuntzako 200 haur ingururi. Ikastaro horien abiapuntua ez da Nafarroan ezarriko duten xake hezigarria. Ordea, zehaztu du parte hartzen duten umeengan eragina duela. «Xakeak baditu bere balioak: errespetua, laisko egotea —lasai, isilik eta kontzentratuta—... Hori guztia txikitatik ikasten dute, eta epe luzera begira oso interesgarria da». Areago, azaldu du irakasle eta guraso batzuek ere eskertu izan diotela xakeak ume batzuei emandako laguntza.

BERRIAn argitaratua (2017/10/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA