astekaria 2015/12/04
arrowItzuli

mundua

Heriotzaren kontaketa beltza

Jone Amonarriz

Heriotzaren kontaketa beltza

Hamasei aldiz egin zion tiro polizia batek gazte beltz bati joan den urteko urriaren 20an, Chicagon. Gertakariaren lekukoek aste honetan Interneten zabaldutako bideoak oihartzun izugarria izan du sare sozialetan, ezohikoa balitz bezala. Baina egunean, batez beste, hiru lagun hiltzen dituzte segurtasun indarrek Ameriketako Estatu Batuetan. Hildako bat eta hiltzaile bat ditu hilketa bakoitzak. Izen bat eta abizen bat hildako eta hiltzaile bakoitzak. Eta izen-abizen bakoitzak, erantzukizuna edo inozentzia. Ezkutuan geratu den errealitate hori argitzeari ekin diote The Guardian eta The Washington Post egunkariek.

AEBetako Gobernuaren afera horren inguruko hutsunea inoiz baino ageriago dagoela eta, eztabaida piztu da azken asteotan. Hori horrela, urteetan egin ez dena egiten hasi dira, zenbakiak jartzen hilketa horiei guztiei. Zenbakiak, izen-abizenak, aurpegiak, istorioak... 1.029 dira, oraingoz, 2015ean Poliziak eta segurtasun indarrek hildako lagunak, The Guardian-en arabera. Aurtengo ekainean jarri du abian ikerketa: The Counted —kontaketa—. Bitxia da Erresuma Batuko hedabide batek AEBetako errealitate baten inguruko halako ardura hartzea. Webgunean azaldu dutenez (www.theguardian.com), Poliziak 2014an Fergusonen Michael Brown tiroz hil ondoren munduan sortutako eztabaidaren harira sortu zen proiektua.

Banan-banan ari da zerrendatzen eta izendatzen kasu bakoitza, modu parte hartzailean, eta hainbat ikertzaile eta kazetarik aurrez eginiko lanari jarraikiz, crowdsourcing delakoaren bidez —lankidetza jendetsua—. Orrialde bat sortu du sarean, eta datuak une oro eguneratzen ari da. Ikerketa proiektu ia berdina jarri du abian Washington Post-ek ere (www.washingtonpost.com/graphics/national/police-shootings). 884 hilketa zenbatu ditu. Azken hilabetean Poliziak 72 pertsona tirokatu dituela nabarmendu du eratzen ari den datu basearen atarian.

Milioi bat biztanleko 6,2 zibil beltz hil dituzte aurten segurtasun indarrek, orain arteko informazioaren arabera; 261 guztira. «Gazte beltz bat hil du polizia zuri batek». Hori da prototipoa, eta hori islatzen dute datuek. Oro har, biktimen kopururik altuena zuriena baldin bada ere, portzentajeei dagokienez, zibil beltzak dira gehien hiltzen dituztenak, nabarmen. Bestalde, eraildakoen 1029tik 984 gizonezkoak dira The Counted ikerketaren arabera, eta 884tik 850 The Washington Post-ek kaleratuek diotenez. Hildakoen adinaren batez bestekoa, oro har, 30-40 urte inguru da.

Kontaketarik ez gaurdaino

FBIk programa bat dauka espresuki gertakari horiek urteko kontaketetan txertatzeko: URC, krimenen inguruko salaketak izenekoa. Segurtasun indarren esku jartzen du, ordea, erabakia; hau da, haiek aukeratzen dute «homizidio justifikatuen» urteko kontaketa aurkeztu ala ez; «polizia agentea bere betebeharra egiten ari zela gertatutako kriminal baten heriotza» gisa definitzen dute delitua. The Counted plataformaren arabera, «inongo sistemarik ez edukitzeak baino gutxiago» balio du FBIren formula horrek, ez baitute gertakarien jarraipenik egiten; gainera, ez dago baleko datu bilketarik. Ondorioz, sistema horren bidez jasotako informazioak interpretazio okerretarako parada besterik ez du ematen, osatu gabea delako.

2005 eta 2012 artean, 1.100 polizia etxek eman zioten «homizidio justifikatu» baten berri FBIri, eta 2014an, 224k —18.000 polizia etxe daude orotara—. FBIk 461 «homizidio justifikatu» kontatu zituen sistema horren bidez 2013an. Eta, urte berean, kopuru hori baino 300 hilketa baino gehiago kontatu zituzten herritarrek. Egoera ikusita, instituzioek egin ez duten lana hartu dute bere gain eragileek.

FBIk ez du begi onez ikusi egitasmoa; James Comey zuzendariak adierazi du afera horren inguruan informatzeko «iturri nagusi» bilakatzen ari direla The Guardian eta The Washington Post egunkariak eta hori «onartezina» dela. Era berean, bere frustrazioa azaleratu du esanez ez dela gai jendeari datuak ematea exijitzeko.«Deserosoa eta barregarria da entzun behar izatea informazio falta dagoela polizien hilketen inguruan», nabarmendu du Comeyk. Hemendik aurrera ardura hori gobernuak hartuko duela jakinarazi du.

Barack Obamaren gobernuak ez ikusiarena egin du luzaroan, eta, orain, sortzen ari den mugimendua ikusirik, iragarri dute neurri zorrotzagoak hartzen hasiko direla Poliziak eraildako pertsonen erregistrorako; BJS Justizia Estatistiken Mahaiak programa bat jarri du abian.

Informazioa biltzen hasi direnen ekimena txalotu du AEBetako fiskal nagusi Lretta Lynchek. Argitu du Justizia Sailak polizien hilketen jarraipena egiteko legea bete dadin sustatuko baldin badu ere Poliziaren eta komunitateen arteko harremanak hobetzea lehenesten duela AEBtako gobernuak. «Polizien tiroketak eta hilketak ez dira inolako huskeria, eta administrazioak uste du ondo osatutako datuak eta informazioa behar ditugula, nazio guztikoak».

Hiltzea merkea da

Azken hamarkadetan ez da ia ezer ere aldatu. 35 urtean lehen aldiz zigortuko dute polizia bat Chicago hirian, lanean ari zela gazte bat hamasei tiroz hiltzea egotzita. Gainerako estatuetan, egoera antzekoa da, zibil beltz bat hiltzea merkea baita AEBetan. «Mehatxatuta» sentitzen direla argudiatu ohi dute polizia hiltzaileek, euren buruaren defentsan jardun izana «baleko» argudioa delako. AEBetako Auzitegi Gorenak baimena ematen die poliziei ihesean dabiltzan susmagarriei tiro egiteko, «agenteari edo beste pertsonei heriotza edo kalte handia eragin diezaiekeen mehatxua» sentitzen badute. Zaila da hori neurtzea, ordea, poliziek legearen babes handia baitute.

Washington Post-ek kaleratutako txosten baten arabera, azken hamar urteetan 54 polizia agente zigortu dituzte hilketa bat egotzita Estatu Batuetako epaitegiek. Gainera, batez beste, lau urteko espetxe zigorra jartzen diete hiltzaileei; gehienek aste batzuk besterik ez dute egiten kartzelan. Asko absolbitu egiten dituzte.

Amnesty International erakundearen arabera, Poliziaren indarkeria neurtzeko arauak ez dituzte betetzen AEBek. Giza eskubideak bermatzeko beharra azpimarratu du.

BERRIAn argitaratua (2015/11/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA