astekaria 2017/10/13
arrowItzuli

bizigiro

Joko zelai bera nahi dute

Iker Tubia

Joko zelai bera nahi dute

Ez dira joko zelai berean ari. Kirolaren munduan ohikoa izaten da txapelketetako sariek genero bereizketa egitea. Kirolari batzuk diskriminatzen dituzte emakumeak izateagatik. Berriki egoera hori agerian geratu da Bruselan. Maratoia irabazteak ez zuen ordain bera gizon eta emakumeentzat. 1.000 euroko saria zuten gizonek, 300 eurokoa emakumeek. Hainbat politikarik egindako kritikei esker, antolatzaileek saria berdintzea erabaki zuten.

Berdintasuna «garrantzitsua» zela azaldu zuten antolatzaileek, baina era berean aurretik zuten erabakia zuritu zuen Gert Van Goolen maratoiko komunikazio arduradunak. Hark zioen gizonen proban kirolari profesionalek parte hartzen zutela, eta emakumezkoan ezetz. «Maila altuko maratoia izateko, nazioarteko atletak erakartzen saiatu gara, eta hori sari ekonomiko handiagoarekin baizik ez da lortzen». Baina kritikak direla tarteko, erabakia aldatu zuten. Bianca Debaets Bruselako Aukera Berdintasuneko estatu idazkariak Twitterrera jo zuen diskriminazioa salatzera: «Zergatik irabazi ditu Stephenek 1.000 euro eta Christellek 300 baino ez?».

Debaetsek egoera orokorra ere kritikatu zuen, gizon futbolariek arratsalde batean jasotzen dutena emakumeek urte osoan irabazten dutena dela deitoratuz. «Kirol batzuetan inon baino handiagoa da emakume eta gizonen ordainsarien arteko aldea». Ez zen izan kexa azaldu zuen politikari bakarra. Catherine Fonck diputatu federalak egoera «surrealista» zela esan zuen, are gehiago Europako bihotzean gertatu zelako. Baina surrealistatik gutxi du Bruselan gertatutakoak. Diskriminazio hori ohikoa baita kirolean.

«Anitzetan gizonek dute preferentzia». Saioa Jaurenak argi du. «Gero gelditzen dena neskendako». Jaurena errugbi jokalaria da Baionako ASB Neskak taldean eta Espainiako selekzioan. Antzeko esperientzia bizi izan du Ane Pescadorrek arraunean. San Juanen aritzen da bera. «Askotan, zoritxarrez, konformatzen zara esatearekin beste emakumeen kirolekin alderatuta hobe dagoela arrauna». Kirol ezberdinetan ari dira, baina diskriminazio bera jasaten dute biek.

Pescadorren taldeak Kontxako Bandera irabazi du aurten, eta, horrekin batera, 15.000 euro. Hala ere, ez zuten gizonek jasotako sari bera izan, azken horiek 24.000 euroko saria baitzuten. Donostiako Udalak esan duenez, heldu den urtean sariak berdinduko dituzte. «Urtetik urtera pausoak ematen dira, hasieratik hona saria dezente igo da», azaldu du Pescadorrek. «Baina beste ligetan aldeak izugarriak dira». Gipuzkoako ligan ez dute dirurik irabazten, eta Euskotren ligan arrakala handia da. Gizonek estropada bakoitzeko jasotzen dute saria, emakumeek soilik liga osoko sailkapenarengatik. Hori gutxi ez, eta emakumeek 8.000 euroko saria jasotzen dute liga irabazteagatik. Gizonen ligan estropada batean hamabigarren geratzeagatik mila euro baino gehiago jasotzen dute. Hau da, zortzi estropadetan azkena geldituta, emakumeek liga irabazita baino gehiago eskuratuko lukete.

«Mutilek adina ordu sartuta, ikusten duzu zenbat irabazten duen dena irabazten duen mutil batek edo zenbat guk, eta aldeak lotsagarriak dira. Gurea musutruk da erabat», kexu da Pescador. Horren muinean emakumeen kirolaren pertzepzio okerra egon litekeela uste du: «Gizartean ikusten da gurea zaletasun bat balitz bezala, ikuskizun bat. Distantzia erdia egiten dugunez, horrekin justifikatzen dute, baina mutilek adina ordu sartzen dugu. Ezberdin entrenatzen dugu».

Txirrindulariak maldan gora

Berdin gertatzen da Euskal Herriko beste txapelketa batzuetan. Adibidez, txirrindularitzan. Agustin Ruiz Emakumeen Birako antolatzailea da, eta, esan duenez, kirol horretan ere aldeak handiak dira. Aurten saria igo dute World Tourreko sarien mailan egoteko: 15.000 eurotik 25.000ra pasatu dira. «Hori miseria bat da, baina ez dago gehiago». Esan duenez, gizonezkoen mailan hamar bider gehiago da saria. «Hor berdintasuna lortzea zaila da».

Zailtasun handienetako bat babes pribatuarena dela azaldu du Ruizek. Emakumeen txirrindularitzak ez du arreta handirik jasotzen, ez da telebistan zuzenean ematen, eta horrek ez du erakargarri egiten babesle pribatuendako. «Arreta gutxiago dugu. Desberdina da zuzenean agertzea edo laburpenetan. Eta hori, agertzen bada». Baina egoera hori ez da soilik txirrindularitzan ematen: «Askoz gehiago baloratzen da gizonen kirola, orokorrean. Emakumeena soilik tenisean edo golfean, horrelakoetan».

Arrakala oso nabarmena da futbolaren kasuan, adibidez. Munduko kopa horren lekuko. AEBek irabazi zuten azkenengoz emakumeen munduko txapelketa. 1991tik ez da hirugarren postutik jaitsi. 2015ean jokatu zen azkenengo txapelketa, Kanadan. AEBetako selekzioko emakumeek bi milioi dolar jaso zuten txapelarengatik (1.693.952 euro). 2014an Brasilen jokatu zen gizonen txapelketa. Bederatzi milioi dolar jaso zuen AEBetako selekzioak (7.623.722euro), nahiz eta final zortzirenetara baizik ez ziren ailegatu. Brasilgo txapelduna Alemania izan zen. Alemaniako gizonek 35 milioi dolar jaso zuten (29.641.523 euro). Emakumeek baino 40 bider gehiago.

Badira, dena den, sari berak eskaintzen dituzten lehiaketa batzuk. Adibidez, Zegama-Aizkorri mendi lasterketak edo Zarauzko triatloiak ez dute genero diskriminaziorik egiten sariak banatzerakoan. Gizonek eta emakumeek berdin jasotzen dute. Baina, oraindik ere, hori ez da ohikoena. «Kirolean argi eta garbi ikusten da gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna, beste alor batzuetan baino arrakala sakonagoa eta agerikoagoa da», esan du Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak. «Horretan eragin handia du umetatik neska eta mutilek jasotzen duten sozializazio ezberdina».

Horren aurrean, kirolarekin zerikusia duten politiketan genero ikuspegia txertatzea beharrezkotzat jo du. Bide hori proposatu du emakumeak normaltasunez aritu daitezen kirolean, baita bestelako postuetan: kudeatzaile, zuzendari, tekniko... Hezkuntza estrategiaren alde egin du, neskek ikus dezaten kirola ere haiena dela. Hala ere, uste du ez dela kirol profesionalera edo federatura mugatu behar. Kirola, bere zentzurik zabalenean hartu behar da egoera irauli ahal izateko.

Berdintasun eza estrukturala dela gogorarazi du Landaidak. Beraz, hezkuntzaz gainera, beste alor batzuk ere landu behar direlakoan dago: federazio eta taldeetako arduradunek estrategietan genero ikuspegia txertatzea eta hedabideek emakume kirolariei espazioak ematea, adibidez. «Oso garrantzitsua da ikusaraztea emakumeak daudela eta lan eta esfortzu horri balioa ematea». Baina bada horrekin batera jorratu daitekeen bide bat: salaketarena. Hain zuzen ere, salaketa publikoak hainbatetan aldarazi du diskriminazio egoera. «Berdintasunean oinarritutako gizartea lortzeko guztion inplikazioa beharrezkoa da. Geroz eta jende gehiago baldin badago adi, azalpenak eta zuzenketak eskatzen, horrek behartzen du askotan gauzak hausnartu eta erabakiak hartzera. Askotan aldeari erreparatu ere ez diotelako egiten».

Emakumeak haserre

Baina desoreka handiak ez dira soilik txapelketetako sarietan. Ordain sarian ere berdin gertatzen da. Jaurenak ez du deus ere kobratzen Baionan jokatzeagatik, nahiz eta lehenbiziko mailan den emakumeen taldea. Gizonena bigarrenera jaitsi zen, eta, hala ere, errugbia dute ogibide. Jaunarenari gasolina baizik ez diote ordaintzen. «Lehenengo mailan egonda, ez digute deus ordaintzen. Fitxa federatiboak, arropak... dena gure esku da».

Bere aburuz goi karguetan diren pertsonak aldatzen ez diren bitartean, konponbide zaila du desorekak. Egoera ez da batere samurra kirolarientzat. «Horrek haserretzen du, eta desanimatzen du, zuk daukazun guztia ematen duzulako eta izugarrizko sakrifizioak egiten dituzulako, eta gero ez duzu laguntzarik jasotzen», kexu da Jaurena. Baina gogotsu dago, hala ere: «Ilusio eta anbizio pertsonalak bultzatzen zaitu hori egitera edozein kondiziotan. Baina borrokan aritu behar duzu». Pescadorrek ere aipatu du haserrea: «Hau guk ez dugu diruagatik egiten, baina haserrea sortzen dizu zenbaten aldea dagoen ikusteak. Gauza askotan ikusten dugu aldea».

BERRIAn argitaratua (2017/10/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA