astekaria 2017/10/13
arrowItzuli

mundua

Kaletik bulegora joan da iraultza

Mikel P. Ansa

Kaletik bulegora joan da iraultza

«Baina, orduan, zer esan du Puigdemontek? Independentzia aldarrikatu du, edo ez du aldarrikatu? Edo deklarazioa egin du?». BERRIAren erredakzioan hizketaldi batzuk izan ditugu azkeneko egunotan, independentzia deklaratzea gauza bat zela, eta aldarrikatzea beste bat. Deklarazioak asmo bat adieraziko luke; aldarrikapenak, berriz, errepublika indarrean sartzeko momentua. Nolabait bereiztearren.

Neure kasa pentsatu nuen, atzo, aldarrikazio bat edo deklarapen bat gerta zitekeela agian. Eta horrelako zerbait izan da azkenean. Seguru asko, atzo Kataluniako Parlamentuan gertatu zenari buruz irakurri dugun definizio zehatzena da deklarazio inplizitua. Puigdemontek ez zuen esaldi bakar batean ere esan «deklaratzen dut/dugu» edo «aldarrikatzen dut/dugu» Kataluniako Errepublika. Nahita saihestu zuen esaldi hori. Baina diskurtso guztiak norabide hori zeraman. Deklarazioa, modu inplizituan, diskurtso guztian zegoen; baina esplizituki deklaratu gabe. Nahitakoa izan da anbiguotasun hori. Diskurtso kalkulatua, bitartekariak eta elkarrizketaren alde agertu diren ahots guztiak kontetu uzteko modu bat, U-1ean botoa ematera joan zirenak ere bazterrean utzi gabe, aldi berean.

Eta gero, independentzia aldarrikatu eta momentuan bertan etetearen beste kontu hori dago. Ez da ezer berria, berez. Bide esloveniarra deitu izan diote, herrialde horrek gisa horretako zerbait egin zuelako: independentzia aldarrikatu, baina aldarrikapen horien ondorioak airean utzi, Yugoslaviako Gobernuarekin eta konfederazioko beste herriekin independentzia negoziatzeko. Sei hilabetez, negoziatzen saiatu zen Esloveniako Gobernua, baina, ezezkoaren aurrean, urrats bat egin, eta independentzia indarrean jartzen saiatu zen. Gerra deklaratu zion Yugoslaviak, Hamar eguneko gerra. Esloveniarrek eutsi egin zioten, eta, nazioarteko bitartekaritzarekin, bereizketa hitzartu zuten azkenean.

Usain bat bazebilen airean aurreko egunetan. Urrutira joan gabe, Ramon Tremosa PDECateko europarlamentariak, Onda Vasca irratiari astelehenean eman zion elkarrizketan, propio aipatu zuen bide esloveniarra. «Hau ez da broma bat», esan zuen; «prozesua bidearen bukaerara iritsi da», esan zuen; baina «inoiz ez dugu esan hau erraza eta azkarra izango denik» ere esan zuen. Eta esplizituki aipatu zuen bide esloveniarra: independentzia deklaratzea, baina deklarazioaren ondorioak ez ezartzea, beste aldearekin negoziazio bideak ez ixteko. Marta Pascal PDECateko koordinatzaileak halaber astelehenean egindako adierazpen batzuen harira ere sortu zen iskanbila. BBCko kazetari bati, ustez, adierazi zion asteartekoa «deklarazio sinboliko» bat izango zela. Gero zuzendu egin nahi izan zuen. Beharbada ez zuen sinboliko hitza erabili nahi. Beharbada adierazi nahi zuen Puigdemonten atzoko diskurtsoak anbibalentzia kalkulatu bat bilatuko zuela. Baina usaina hor zegoen, eta hori gertatu da. Kataluniak independentzia deklaratu, deklaratu du. Parlamentuko saioaren ondoren, Junts Pel Siko eta CUPeko diputatuek agiri argi bat sinatu zuten, Kataluniako Errepublika deklaratzeko. Hortaz, egin, egin du. Baina badirudi ez duela egin, etetea proposatu duelako. Apur bat nahastu, eta hoztu egin du giroa Puigdemonten diskurtsoak. Eta hori ere bazuen asmoa seguru asko.

Hitzaldiaren hasieratik argi esan zuen tentsio giroa lasaitu beharra dagoela. Oreka zaila zuen Generalitateko presidenteak, eta abilezia diskurtsiboa behintzat erakutsi du. Batetik, urriaren 1eko erreferenduma babestu bai baina baiezko botorik eman ez zutenei, eta egun hartan Espainiako indar armatuek erabili zuten indarkeria gaitzetsi duten guztiei -En Comukoak eta Unidos Podemosekoak, batez ere, baita PSCkoren batzuk ere- irabazi ditu bere diskurtsora. Bestetik, azkeneko astean sortu diren bitartekaritza eskaintzei ez die aterik itxi.

Seguru asko, Puigdemontek eta haren taldeak baloratu dute independentzia deklarazio gogor edo esplizituago batek, ñabardurarik gabeko adierazpen batek uxatu egingo zituela bai Kataluniako gizartearen parte bat, bai bitartekari gisa aritzeko prest agertu diren nazioarteko eragile ugariak. Puigdemonten diskurtsoak, beraz, alde ia guztiei helduleku bat ematen die. Epe motzeko arazoa salbatu du presidenteak: urriaren 1eko emaitzak errespetatu eta aintzatetsi ditu, emaitza horien zilegitasunarekin ados ez zeudenak ez ditu guztiz uxatu, eta bitartekari gisa aritzeko prest daudenei ere heldulekua eman die. Bakearen nobel saridunak, Kataluniako gizarte zibileko eragile garrantzitsuak, Espainiako alderdiren batzuk, enpresari asko eta Suitzako Gobernua bera ere agertu dira, jendaurrean, bitartekari aritzeko prest.

«Negoziatu norekin? Zertaz?», galdetu dio CUPek parlamentuko saioan. Ur txarro bat bezala erori dira presidentearen hitzak independentista askoren kolkotik behera. Beste zerbait espero zuten. Dezepzioaren ondorioekin ere lehiatu beharko du orain Generalitateak, baina presioa Madrilen gainean jartzea izango du datozen asteetako erronka. Pilota Rajoyren teilatuan baitago orain. Eta Puigdemontek atzoko diskurtsoak norbait heldulekurik gabe uztekotan, Madril baita heldulekurik gabe gelditu dena.

Sortzen ari den jokaleku berrian, Espainiak lehen baino konplikatuagoa du erantzuna. Atzo gauean nabari zen Espainiako Gobernua ere kontrakarrean harrapatu zuela Puigdemonten diskurtsoak. Gaur Espainiako Kongresuan agerraldia egitekoa du Rajoyk, arratsaldean. Ordurako denbora pixka bat izango du erantzuna lotuta eramateko. Esku artean zeuzkan neurrietako batzuk kolokan gelditu zaizkio, ordea. Edozein kasutan ere, 155. artikulua ezartzea guztiz logikoa litzateke Espainiarentzat, eta Kataluniako instituzioen kontrola hartzea -guztiarena, edo atal batzuena, nahi bezala-. Hortik aurrera, baina, zaildu egin zaio errepresio neurri gogorragoak ezartzea. Negoziazio eskaintza bat egin duen presidente bat eta haren gobernua atxilotuko ditu, adibidez? Armada bidaliko du negoziatzea eskatzen ari den herri bateko trenbideak, portuak, aireportuak eta kaleak okupatzera? Independentzia deklarazio gogor batekin argiago zuen bidea Madrilek. Orain nekezagoa izango zaio erabaki horiek hartzea. Baina, aldi berean, bi aho dituen labana bat da atzoko Puigdemonten deklarazioa. Espainiako Estatuak jarraitu dezake negoziazioaren bidea ukatzen eta errepresio bide bigun edo gogorrekin. Arazoa da, neurri batean, Generalitateak Espainiako Gobernuaren esku utziko duela hemendik aurrerako ekinbidea. Presioa bai, jarri dio Madrili, baina erritmoa eta ekinbidea markatzeko aukera ere eskaini dio. Madril izango da erabakiko duena zer noiz egingo den, eta Katalunian hauteskundeak antolatzea ere bere esku har dezake, esate baterako.

Arazoa muinera gerturatu da horrela. Izan ere, arazoa da Madrilek ez duela negoziatzeko inolako intentziorik, ezer eskaintzeko asmorik ez duelako. Rajoyk esan zuen, igandean El País-ek argitaratu zuen elkarrizketan: «Espainiaren batasuna ez da negoziatzen». Puigdemonten keinuek askori balio izan diote, baina Espainian elkarrizketaren alde dauden indarrek badute Rajoy eserarazteko? Edo kanpoko bitartekari horiek ere badute horrelako ahalmenik? Asteak pasatuko dira negozizazio horiek zer emango duten jakiteko. Hurrengo egunetan, giroa baretuko da seguru asko -Espainiako Gobernua urrunegi joaten ez bada bere erabakietan-, eta bitartekarien lana hasiko da. Iraultza kaleetatik bulegoetara pasatu da.

BERRIAn argitaratua (2017/10/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA