astekaria 2017/10/13
arrowItzuli

gizartea

Bi portu eta amildegi bat

Garikoitz Goikoetxea

Bi portu eta amildegi bat

Badituzte antzekotasun nabarmenak. Kostaldeko herriak dira, Bizkaikoak, arrantzak pisu handia eduki duen lekuak. Portu garrantzitsuak. Baina, arlo soziolinguistikotik begiratuta, amildegi handia sortu da bien artean. Azterketa bat egin du Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Bermeon eta Ondarroan euskara zertan den ikertzeko. Bi herrietan euskaldunak dira herritar gehienak —Uemako kide dira—, baina, erabilerari dagokionez, amildegia agertu da Ondarroatik Bermeora: kalean, %80 sumatu dituzte euskaraz Ondarroan, eta Bermeon, erdiak ere ez, %34. Zer dago diferentzia horren oinarrian? Ekosistema osoari erreparatu behar zaio, ikerketan azaldu dutenez: «Ekosistema horrek huts egiten duenean sortzen da etena ezagutzaren eta erabileraren artean».

Datu soziolinguistikoei erreparatuta, ezagutzan ez da nabari sekulako alderik Ondarroatik Bermeora: sei puntukoa. Ondarroan herritarren %79 dira euskaldunak, eta Bermeon, %73. Euskara lehen hizkuntza dutenen ehunekoan ageri da alde handixeagoa —%70 eta %60—. Koska handia da, baina, erabilerarena. Etxean %64 aritzen dira euskaraz Ondarroan, eta Bermeon, %45. Bietan jaitsi da etxeko erabilera urteotan, baina ez neurri berean: bi puntu Ondarroan, eta hamabi Bermeon. Erabilera datu aitortua da hori, mapa soziolinguistikoetan bildutakoa.

Kaleko erabileraren neurketan are diferentzia handiagoak agertu dira: euskara gehiago entzuten da Ondarroako kaleetan, Bermeon halako bi baino gehiago. Adin talde gazteetan are nabarmenagoa da aldea: Ondarroan, haurrak eta gazteak hartuta, hamarretik bederatzi baino gehiago entzun dituzte euskaraz kalean; Bermeon, berriz, hiru umetik bat jarduten da euskaraz, eta zazpi gaztetik bat.

Egoera hori aztertu dute Uemako bi teknikarik: Eneritz Albizuk eta Goizane Aranak. 1.024 inkesta egin dituzte, eta elkarrizketa sakonak eta talde eztabaidak ere bai.

Kokapenaren garrantzia

Bizkaiko kostaldean daude bi herriak, Ondarroa eta Bermeo, baina kokapen aldetik badituzte diferentziak. Mendebalderago dago Bermeo. «Udalerri erdaldunagoak ditu inguruan. Gainera, hango bizilagunek ohitura handiagoa dute herritik irteteko, eta, oro har, errealitate soziolinguistiko desberdina aurkitzen dute, Bilbo Handian, esaterako». Ondarroa, aldiz, herri euskaldunez inguratua dago: Lekeitio, Markina-Xemein... «Bermatuta daukate, nolabait, inguruko udalerriekin eta herritarrekin harremana euskaraz izango dutela», azaldu du Albizuk. Herritik irtetean zein hizkuntza erabiltzen duten galdetuta, alde handia ageri da ondarroarren eta bermeotarren artean. «Ikusi da ondarroarrek herritik kanpo ere aukera gehiago dutela euskaraz jarraitzeko. Horrek eragina du gero herrira itzultzen direnean».

Inguruak badu eragina euskararen erabileran, eta herriko egoerak ere bai. Arana: «Herri bizitza indartsuak herritarren arteko harreman sareak sendotzen ditu. Komunitate izaera ematen dio horrek herriari». Ondarroan, bai, sumatu dute giro hori, eta euskaraz funtzionatzen duela, herriko eragileak eta erreferenteak euskaraz aritzen direlako. «Oso natural egiten dute hori, eta nabaria da hizkuntzari prestigioa ematen dion aldagai bat dela». Herri giro ahulagoa ikusi dute Bermeon; poteoa, esaterako, «asko» jaitsi da.

Galera adinean

Bermeoko kaleko erabileran bada datu deigarri bat: gazteek erabiltzen dute euskara gutxien (%15). Euskal Herriko joera orokorraren aurkakoa da hori. Adinekoek egiten dute euskaraz gehien Bermeon —Euskal Herrian, gutxien—. Mahai gainean jartzekoa da, beraz, transmisioaren gaia. Etxean hutsune bat izan dela azaldu du Aranak: «Ezagutza, bai, transmititzen dute, baina erabiltzeko ohitura, euskara hautatzekoa, ez». Guraso euskaldunen erabilera aipatu du, eta umeengan duen eragina. «Talde eztabaida zein elkarrizketetan aipatu digute haurrek gero eta azkarrago egiten dutela erdararako saltoa: 8 urterekin ari dira erdaraz. Eskoletako zuzendariek ere nabarmendu dute hori».

Hizkerari dagokionez ere badago galera, Uemako teknikariaren esanetan. Itsas herriak dira biak, baina gainbehera jasan du bizimodu horrek. «Bermeon euskarak ere izan du beherakada; Ondarroan, berdin heldu diote hizkuntzari, egokitu egin direlako».

Euskalkia zertan den ere aztertu dute. Bermeon «gutxiespen sentimendu bat» dago. «Banatu egiten dituzte Bermeoko hizkera eta euskara: 'Nik ez dakit euskaraz, bermeotarrez soilik dakit!' eta horrelakoak». Aranak dio «indar» egin behar dela hor, euskalkia «lehengai indartsua» dela eta. Euskara batuarekiko «errezeloak» gainditzea ere aipatu du.

Ondarroan ez dute gutxiespen giro hori nabaritu. «Justu kontrakoa: oso harro daude beren euskalkiaz, eta beren izatearen zati garrantzitsutzat hartzen dute».

Arau sozialak

Inguru erdaldunagoa, ahuldutako herri giroa, ohituren transmisio txikia. Hiztunen motibazioan ere hutsuneak daude Bermeon, Albizuren esanetan. «Horrek ez du esan nahi ez dagoela jende motibaturik; falta da jende hori elkartzea eta trinkotzea». Bestela, erdarara jotzea baita joera. «Idatzi gabeko arau sozial bat dago gaztelaniaz funtzionatzeko; beraz, motibatuta dauden pertsona horiei tokatzen zaie eusten lan handia egitea, oso nekagarria izan daitekeena. Euskaltzaleek diote etsi egiten dutela, arau soziala gaztelania delako, eta, bestela, etengabe borroka batean bizi direlako».

Arrantzale herriak dira Ondarroa eta Bermeo, eta immigrazioa izan dute: herritarren %17 inguru dira Hego Euskal Herritik kanpo jaioak. Herri bakoitzeko arau sozialak bistaratu ditu immigrazioak. Albizu: «Bermeon inguru erdaldunagoa aurkitu dute, eta horrek erosotasuna eman die gaztelaniaz bizitzeko. Ez dute halako beharrik sentitu euskara ikasteko eta erabiltzeko». Ondarroan euskaraz egitea da arau soziala, eta kalean euskaraz aritzen dira gehienak. «Ondarroan oso garbi dago euskara integrazio tresna dela».

Kaleko giroarekin lotuta, aztertzekoa da turismoaren gaia ere. Kostaldeko herriak dira biak, baina turismo aldetik ez dute erakarmen bera sortu. Bermeok, bai, gorakada handia izan du azken urteetan —Gaztelugatxeren eragina nabarmena da—, eta Uemako teknikariek uste dute gogoeta egin behar dela gai horri buruz: turismoa sustatzeko neurri iraunkorrak hartu behar direla, «euskara eta herriko identitatea aintzat hartzeari lehentasuna emanda».

Kaleko egoerari begiratuta, beste aldagai bat ere ikusi dute Ondarroan: «Euskaldunak oso trinkotuta daude. Etorkin helduak ez dira sartzen harreman zirkulu horietan, eta erabat aparte egiten dute bizimodua», azaldu du Albizuk. «Kaleko erabileraren datuetan ez da azaltzen erdaldunen errealitate hori». Horrela azal daiteke kaleko erabilera etxekoa baino hamasei puntu handiagoa izatea Ondarroan. Beste udalerri euskaldun batzuetan ere antzeko datuak jasotzen ari dira: erdaldunek ez dutenez herrian egiten bizimodua, kaleko erabileraren datuetan ez da nabari haien eragina.

Herritik kanpoko faktoreak

Bi udalerrietako egoera aztertuta, nabarmendu dute ezinbestekoa dela eremu euskaldunetan «politika berezituak» egitea: «Euskara gune horietan mantentzen da osasuntsu, eta hori aztertzen eta zaintzen jarraitu behar dugu». Euskararen gaia «zeharkakotasunez» jorratzea ere eskatu dute.

Kanpoko faktoreez ohartarazi dute, izan ere. Ondarroan, esate baterako, %93 aritzen dira euskaraz Whatsappen. «Baina Interneten, musikan, liburuetan eta halakoetan gehiago jotzen dute erdaretara», azaldu du Aranak. Ikusi dute kontsumo baxua dela euskarazko komunikabideena —telebista %13k ikusten dute euskaraz, adibidez—, eta kultur arloko kontsumoa ere txikia dela. «Erakundeek erabaki politiko ausartak hartu behar dituzte, horrek eragina duelako herritarren hautuetan eta mundu ikuskeran».

BERRIAn argitaratua (2017/10/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA