astekaria 2017/10/13
arrowItzuli

mundua

Ordu batzuetan estatu

Mikel Rodriguez

Ordu batzuetan estatu

Lluis Companys Generalitateko presidentea gobernuaren egoitzako balkoira atera zen 1934ko urriaren 6an, 20:10ean —herenegun 83 urte—. Bartzelonako Sant Jaume plaza beteta zegoen, une hori noiz ailegatuko zain. Haiei mintzo, Companysek «Espainiako Errepublika Federaleko Estatu Katalana» aldarrikatu zuen, eta Generalitateak «boterearen ahalmen guztiak» hartu zituela jakinarazi zuen, «herriaren eta parlamentuaren izenean». Espainiako gobernu errepublikanoak ez zuen adierazpena onartu, eta, ordu batzuen buruan, Bartzelona indarrez hartu zuen kontrolpean. Companys eta Generalitateko kide gehienak espetxeratu zituen, eta urtebete baino gehiagoan Katalunia salbuespen egoeran eduki zuen. Hil honen 1eko erreferendumaren harira, behin baino gehiagotan oroitarazi dute Estatu Katalanaren aurrekaria. Manel Lopez Esteve historialariarentzat, «burujabetza eta autodeterminazio ekintza bat» egin zuen Companysek, baina ez da «independentismo garaikidearen irizpideekin ulertu behar». Lopez Esteveren arabera, nahiz eta katalanismoarentzat «beharrezko erreferentzia bat» izan den Estatu Katalana, 1934ko urritik aitzinera Kataluniak pairatu zuen patu beltzaren ondorioz ez da izan «independentziarako erreferentzia bat».

Estatu Katalana Espainiako egoera politikoari Generalitateak eman zion erantzuna izan zen. «Kataluniako gizartearen zati batek, nagusiki Esquerra Republicanari [ERCri] botoa ematen zionak, pentsatu zuen Espainiako Estatuan likidazio proiektu bat martxan zegoela, errepublika deuseztatzeko, autonomia deuseztatzeko, eta erreforma sozialak deuseztatzeko», azaldu du Lopez Estevek. Horregatik, Companysek «pauso bat aitzinera» ematea erabaki zuen «autonomian, autogobernuan eta proiektu errepublikanoan sakontzeko, modu pixka bat abstraktuan bazen ere». Lleidako unibertsitateko irakaslea da Lopez Esteve, eta Els fets del 6 d'octubre de 1934 lanean ikertu zuen Estatu Katalana (1934ko urriaren 6ko gertakariak, Editorial Base, 2013).

Pelai Pages Bartzelonako unibertsitateko irakasleak ere iritzi bera du Estatu Katalanaren sorrerari buruz. «Bulkada bat izan zen. Gibelean ez zuen aitzinetik landutako proiektu politiko bat». Pagesek azaldu duenez, «Katalanismo politikoaren tradizioa federala edo autonomista zen. Bazegoen sektore independentista bat, baina nahiko txikia zen. Esquerra Republicana bera erran dezakegu duela urte gutxi definitu zela independentista gisa. Garai hartan, beti federaltzat zuen bere burua». Espainiako Errepublikaren eta gerraren aroa (1931-1939) ikertu ditu Pagesek, Katalunian zentratuta. Estatu Katalanaren proklamazioa ulertzeko, 1931ko apirilaren 14tik aitzinerako bilakaera politikoa hartu behar da kontuan. «Espainiako eskuina hagitz autoritarioa izan da historikoki, eta 1931tik aitzinera baziren hiru gai ez zituenak inondik ere onartu nahi: nekazaritzako erreforma, antiklerikalismoa —errepublikak estatua eta Eliza bereizi nahi zituen, eta sektore errepublikanoen artean antiklerikalismoa azkarra zen—, eta Kataluniako auzia».

Espainiako Errepublika aldarrikatu zen egunean, Francesc Macia ERCko buruak «Kataluniako Errepublika» aldarrikatu zuen «errepubliken federazio iberiar baten barrenean», udal hauteskundeetan Katalunian ERCk lortu zuelako gehiengoa. Espainiako Errepublikaren behin-behineko gobernuak hiru ministro bidali zituen Bartzelonara, eta, negoziatu ondoren, Maciak proklamazioa bertan behera utzi zuen, eta Espainiak onartu egin zuen Kataluniako Generalitatea sortzea. Autogobernua martxan paratu zen orduan, eta 1932an autonomia estatutua onartu zuten Espainiako Gorteek. «1932ko udan, Jose Sanjurjo jeneralak estatu kolpe bat emateko ahalegina egin zuen, eta horrek huts egin eta berehala onartu zituzten nekazaritzako erreforma eta Kataluniako Estatutua», azaldu du Pagesek. «Hori bai, hasieran egin zuten estatutua, Kataluniako herriak erreferendumean onartutakoa, ikaragarri mugatu zuten Espainiako Gorteek. Hala ere, eskuinak ez zuen onartu».

Eskuinaren mehatxua

1933ko azaroko hauteskundeetan hasi zen egoera okertzen, eskuineko indarrek koalizio batean elkartuta irabazi baitzuten. Pagesek eta Lopez Estevek solas berarekin deskribatu dute ordutik aitzinera Espainiako Gobernuaren eta Kataluniakoaren artean sortu zen desadostasuna: «Etengabea». Alejandro Lerroux PRR Alderdi Errepublikano Erradikaleko buruak hartu zuen presidentetza Espainian, eta, Macia hil ondoren —1933ko Eguberrian—, Companysek Katalunian. «Berme Konstituzionalen Auzitegiak, gaur egungo Auzitegi Konstituzionalaren baliokidea litzakeenak, bertan behera utzi zituen Kataluniako Parlamentuaren hainbat lege sozial, horien artean nekazaritzako legea, landako arazoa konpontzeko berebiziko inportantzia zuena», kontatu du Lopez Estevek. «Horrek eragin zuen gatazka instituzionala etengabe handitzea».

Erakundeen arteko gatazka horri bertze faktore batzuk gehitu zitzaizkion: «Eskuina boterera ailegatu ondoren, gatazka sozialak areagotu egin ziren, eta Europan eta Espainiako Estatuan faxismoa hazten ari zen», azaldu du Lleidako Unibertsitateko irakasleak. 1934ko urriaren 4an, CEDA Espainiako Eskuin Autonomoen Konfederazioa gobernuan sartzea onartu zuen Lerrouxek. «Eskuin muturreko erakunde bat zen, eta, 1933an bertan, [Adolf] Hitlerrek Alemanian boterea lortu zuen hauteskundeen bidez», kontatu du Pagesek. «CEDA gobernuan sartzea mehatxu erreal bat zen, eta, horren ondorioz, PSOEk greba orokor batera deitu zuen, eta Asturiasen egiazko langile iraultza bat piztu zen».

Giro horretan, ezinbertzekoa zen bertze fronte bat zabaltzea. «Denak Kataluniara begira zeuden, han zer gertatuko», erran du Pagesek. Urriaren 4tik aitzinera giroa nolakoa zen deskribatu du: «[Espainiako] Estatu guztian mobilizazio orokor bat zegoen, eta Katalunian manifestazio anitz egin ziren Companysi eskatzeko errepublika aldarrikatu zezala. Bereziki handia izan zen bat, Langileen Aliantzak deitutakoa, Kataluniako langile erakunde gehienak biltzen zituenak. 24 ordu baino gehiago zeramatzaten manifestazioak egiten, era guztietako leloekin, eta Companysi kostatu egin zitzaion erabakia hartzea». Pagesen ustez, Generalitateko presidenteak ez zuen «uste osoarekin» jokatu, «ez zegoelako argi nola defendatuko zuen Estatu Katalana», baina 1934ko urriaren 6an, 20:10ean, pausoa eman zuen. «Beti erraten da proklamazioaren ondoren Companysek kideei erran ziela 'orain ez duzue erranen ez naizela behar bezain nazionalista'».

Estatu Katalanak gutxi iraun zuen, ordea. Espainiako Gobernuaren aginduz, Domenec Batet jeneralak, armadak Katalunian zuen kapitain nagusiak, ordu batzuen buruan hartu zuen egoera kontrolpean «esku hartze eraginkor batekin», Lopez Esteveren arabera. Pagesek azaldu duenez, Companysek ez zuen defendatzeko ahaleginik egin. «Langileen Aliantzako sektore batzuk saiatu ziren defentsa bat antolatzen Rambletan, CADCI Industriako eta Komertzioko Saltzaileen Zentro Autonomistan. Borrokak izan ziren, eta batzuk hil zituzten, baina Companysek ez zuen Mossos d'Esquadra erabili Estatu Katalana defendatzeko».

Lopez Estevek azaldu duenez, mobilizazioek eta protestek astebetez iraun zuten Katalunian, baina, Espainiako Gobernuak Bartzelona hasiera-hasieratik kontrolatu zuenez, «matxinadak iraungitze data izan zuen».

Lleidako Unibertsitateko irakaslearen arabera, Companysen proklamazioak «aterki baten antzera» jokatu zuen. «Bakoitzak bere helburu, interes eta proiektu politikoak sartu zituen, koordinazio eraginkorrik gabe. Horregatik, estatuaren esku hartze militar batek arrakasta izan zuen. Companysek espero zuen mobilizazio sozial inportante batekin eustea, baina armadak mugimenduaren erdigunea desaktibatu zuen».

Espainiako Gobernuaren jarduna, ordea, ez zen esku hartze militar soil batean gelditu. «Lehenik eta behin, gobernua atxilotu zuten, eta autonomia eta parlamentua kendu zituzten. Armadako ofizial bat paratu zuten gobernadore nagusi, eta lau udaletik hirutan eskuindarrek kontrolatutako gestorak ezarri zituzten». Horrez gain, errepresio gordina erabili zuten. «Mota guztietako erakundeak legez kanporatu zituzten: politikoak, sindikalak, kulturalak... eta 1934ko urriaren eta 1935eko urtarrilaren artean, gutxienez 5.000 herritar atxilotu zituzten. Batzuei jurisdikzio militarra ezarri zieten, eta zigor luzeekin zigortu zituzten». Companys bera, 30 urteko espetxealdiarekin.

Oinordekotza

Lopez Esteveren arabera, «gutxi» izan dira Estatu Katalana «defendatu beharreko eredutzat» hartu duten sektore politikoak. «Katalanismo tradizionalaren ikuspuntutik akats historikotzat hartu izan da beti, baina, nire ustez, interpretazio horrek ahuleziak ditu. Katalanismo hegemoniko kontserbadorearentzat, Companysen gisako tipo bat deserosoa izan da, hagitz errepublikanoa zelako, eta langile mugimenduarekin lotura zuelako. Analisi horrek ez du kontuan hartu Companysek inboluzio egoera baten aitzinean erreakzionatu zuela». Gainera, Lopez Estevek uste du proklamazioaren ondorengo hilabeteetako errepresioak garrantzi handia izan zuela 1936an ezkerreko Fronte Popularrak hauteskundeetan lortu zuen garaipen zabalean. «Espainolismoaren eta antierrepublikanismoaren aurkako amorrua pilatu zen». Gaur egungo mugimenduaren eta Estatu Katalanaren artean, berriz, ezberdintasun nagusi bat ikusten du: «Gaur egun, gizartearen zati handi bat dago mobilizatuta, eta helburu politiko argi bat du».

BERRIAn argitaratua (2017/10/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA