astekaria 2015/12/04
arrowItzuli

gizartea

Euskararen argazki eta agiriak, sarean

Ibai Maruri Bilbao

Euskararen argazki eta agiriak, sarean

«Jendeak erabiltzen ez badu, funts honek ez du funtsik». Beraz, zaintzen dituen artxibo funtsen katalogoa herritar guztien eskura ipini du Euskaltzaindiak, sarean. Andres Urrutia euskaltzainburuak atzo azaldu zuenez, orain arte ere dokumentu gehienak fisikoki eskuragarri zeuden, Azkue Biblioteka eta Artxiboan ?Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan?. Atzotik, Interneten ere badaude: Euskaltzaindiaren webgunean sartu eta Azkue Bibliotekaren atalera joanda egin daiteke bilaketa. Gainera, akademiak berak fisikoki ez dituen agiri batzuk ere kontsultatu ahal izango dira aurrerantzean, sarean ipintzeko kopia digitala egin dietelako. «Gero eta gehiago ordenagailuaren pantailan egiten dira ikerketak. Dagoeneko ez da beharrezkoa agiria bera eskuetan izatea».

Euskaltzaindiak 22 funts bildu ditu katalogo horretan. Osotara, 13.700 fitxak osatzen dute: 7.300 dosierrak dira ?artxiboetako unitate dokumental estandarrari hala deitzen zaio?, eta, gainontzekoak, argazki eta soinuak. Katalogoan aurki daitekeen elementu zaharrena 1403ko agiri bat da, Arrasatekoa (Gipuzkoa): Martin Martinez Urizarkoaren testamentua. Berriena argazki sorta bat da: urrian Euskaltzaindiak Donostian egindako ahoskerari buruzko jardunaldietakoak.

Guztiek dute euskal kulturarekin lotura. «Baina ez dira bakarrik euskarari, filologiari, lexikologiari eta halakoei buruzkoak. Euskaltzaindiak betidanik ulertu du kultura zentzu zabalagoan. Eta katalogo honetan antropologiari edo historiari buruzko dokumentuak ere aurki daitezke, beste batzuen artean», azaldu du Pruden Gartzia Azkue Biblioteka eta Artxiboko zuzendariak.

Dokumentuen artean duela ia ehun urte lanean hasi zenetik Euskaltzaindiak berak egin dituenak dira asko. «Akademiaren administrazioari dagozkion agiriak eta hizkuntzaren bultzatze eta arautze lanetan sortu dituenak dira, besteak beste». Zenbait euskaltzain eta euskaltzaleren artxibo pribatuetako dokumentazioa ere katalogoan dago, norbanako horiek akademiaren esku utzita. Lehen dohaintza garrantzitsua Resurreccion Maria Azkue hiltzean egin zen, 1951n. Orduan ipini zuten martxan Euskaltzaindiaren Artxibo Historikoa. Izan ere, lehen euskaltzainburuak testamentuan utzitako liburutegia eta artxiboa eskuratu zituen erakundeak. «Balio handiko dokumentuak» direla nabarmendu du bibliotekaren arduradunak.

Ikerketa bideak ugari

Azkueren gordailu horretako bi adibide aipatu ditu. Bata, irudia, joan den mende hasierakoa. Urtea ez dakite. «Gaur egun guk dugun edozein argazki ikusten dugunean badakigu noizkoa den eta bertan nortzuk ageri diren. Baina duela 50 urte edo gehiagokoetan zaila da data zehaztea». Azkue bera ageri da Lekeitioko plazan (Bizkaia), sermolari. «Ez da argazki esanguratsua, baina gehienentzat ezezaguna delako aukeratu dut». Bestea, dokumentu bat, 1911ko eskuizkribu bat da, Azkueren kantutegitik hartutakoa. Aita San Frantzisko Jabierri du izenburua abestiak. «Datorren astean, Xabierko San Frantziskoren egunean, Euskararen Eguna gogoratuko dugu».

1911ko irailaren 10ean sinatuta dago orria, Amaiurren (Nafarroa). «Seguruenik egun hartan herrian zegoela norbaitek kantatutakoa jasoko zuen Azkuek». Lehen begiratuan kanta bat baino ez dela dirudien arren, Gartziaren arabera, ikerketa asko egiteko balio du. Osorik errezitatu du; bukaeran hau nabarmendu du: «'Beazu otoi, zure aberrira' irakur daiteke. Aberri esaten du. Baina denok dakigu aberri neologismo bat dela. Aberri esango zuen kantatu zuenak edo Azkuek moldatu egin zuen idazterakoan? Abertzale nafar batek idatzia izan daiteke. Baina Amaiurren egongo zen kantuan 1911ko irailaren 10ean? Handik gertu Lekaroz dago. Herrian bada kaputxinoen komentu garrantzitsu bat; agian hara jo beharko genuke ikertzera».

Horrez gain, Euskaltzaindiak ikus-entzunezko artxibo bat ere osatu du urteotan. Erakundearen ekitaldiei, euskaltzainei edo euskaltzaleei dagozkien irudiak direla azaldu du Gartziak. Soinu grabaketak eta bideoak ere badaude.

Bibliotekako beharginek lan luzea eta gogorra egin behar izan dutela aitortu du euskaltzainburuak. Egin dutena, egiten ari direna eta egingo dutena. Izan ere, katalogoa etengabe berritzen joango dira. Dokumentu eta argazki berriak gehituko dizkiote, sortu edo jaso ahala. Aurki helduko zaie dohaintza berria. «Baina futbolean fitxajeak aurreratzen ez diren bezala, datorrenean jakingo duzue zein diren».

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: Euskaltzaindia.eus

BERRIAn argitaratua (2015/11/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA