astekaria 2017/10/06
arrowItzuli

bizigiro

MAIDER GALARZA

«Asko irakurri behar duzu gustuko ipuina aurkitzeko»

Iker Tubia

«Asko irakurri behar duzu gustuko ipuina aurkitzeko»

Hitza maite du Maider Galarzak (Irun, 1982), eta hitzarekin egiten du lan. Ostiralean Artikako kultur etxean (Nafarroa) ariko da ipuin kontalari. Haurrentzako saioa da, baina helduentzakoak ere eskaintzen ditu. Berriki, Iruñeko Udalaren haurrentzako antzerki testuen lehiaketa irabazi du.

Irudien eta telebistaren garaietan, nola lortzen da ipuinekin arreta erakartzea, hasieratik bururaino?

Egia esan, herri ipuinak kontatzean ez dugu gehiegirik egin behar, oso eredu trinkoa dutelako. Urtetik urtera perfekzionatu den zerbait da. Istorioak berak umeak edo helduak eramaten ditu. Betidanik interesatu edo arduratu zaizkigun gauzak direnez, arreta segituan lortzen da. Ipuin moderno batzuetan ere horrela gertatzen da; beste batzuetan, poliki ikasten da arretari nola eutsi.

Nola harrapatu publiko osoa?

Badaude kezka edo interes orokor batzuk. Ipuina, nahiz eta zerbait zehatza kontatu, zerbait orokorraz ari da funtsean.

Youtubek ez du desagerraraziko kontalarien jarduna?

Ez dut uste. Ipuin kontalaritza ahozkotasuna da, batik bat, eta ahozkotasuna berezkoa dugu. Ahozkotasunik gabe ezingo ginateke bizi. Egunero, eskolatik itzuli eta istorio bat kontatzen hasten zara.

Zuk kontatu, haiek aditu, baina interakzio bat dago, ezta?

Zuzen-zuzena gainera. Hori da gehien erakartzen nauena, bai publikoan bai oholtzan. Momentu horretan pasatzen den zerbait da, ez dena berriz errepikatuko.

Publikoaren begiradari eusten diozu?

Antzerkian normalean —ez beti—, nahiz eta publikoari begira egon, badago pareta imajinario bat. Ipuin kontalaritzan kontrakoa da: zuzeneko harremana lortu nahi duzu. Jendearekin egon behar duzu.

Txikitan ipuinak kontatzen zizkizuten? Edo nahiago zenuen zuk zeuk kontatu?

Etxean, ipuinak kontatzekoak baino gehiago, oso kantuzaleak gara eta mahai inguruko istorioak kontatzekoak. Bazkalondoen zaleak gara. Horrela asko landu dugu ahozkotasuna. Bestalde, txikitan txisteak kontatzea asko gustatzen zitzaidan; baina oso luzeak ziren, eta ez zuten graziarik. Asmamena nuen istorioak sortzeko.

Kontatzen dituzun ipuinak zuk idatziak dira?

Oraindik ez naiz idaztera ausartu. Nik irakurtzen denbora asko pasatzen dut. Izotz mendiko puntatxoa ikusten da, baina irakurmena da lanaren %80. Asko irakurri behar duzu gustuko istorioa aurkitzeko.

Noizbait ahantzi egin duzu ipuin bat saioaren erdian?

Ez. Behin gertatu zitzaidan gazteleraz kontatu behar nuela ipuina, eta euskarazkoa etortzen zitzaidala burura. Ezin gaztelerazkoa gogoratu. Oso ezberdina da gazteleraz edo euskaraz kontatzea, eta nik, normalean, euskaraz egiten dut.

Inprobisatzeko prest egon behar duzu. Behin hasita, bukatu behar.

Gainera, normalean ipuina ez duzu buruz ikasten. Soilik ezinbestekoak diren ekintzak edo gertaerak. Beste guztia, aldatuz joaten da. Bertsolaritza eta ipuin kontalaritzaren artean badago antzekotasuna. Gertaerak dira bertsolaritzako oinak, eta hortik aurrera, bat-batekotasuna.

Helduentzako saioak egiten dituzu. Ipuinak ez dira haurrentzat?

Kontrakoa litzateke. Berez, ipuinak helduentzat ziren. Kezka baten aurrean zerbait azaltzeko, edo arrisku baten berri emateko erabiltzen ziren. Uste dut Disneyk eragina izan duela.

Kontalari ez ezik, clown ere aritzen zara. Dagoeneko infantilizaturiko diziplinak dira biak?

Asko gertatzen da hori. Askotan, sudur gorria etxean utzi behar izan dugu, bestela umeentzako gauzak egiteko bakarrik deitzen gaituztelako. Mister Bean clown bat da, nahiz eta sudur gorria etxean utzi zuen.

Zer iruditzen zaizu infantilizazioa?

Pena handia ematen dit. Haurrentzako programatzen da gehienbat, eta badirudi helduek ez dutela horretarako astirik. Helduentzako programazioa murriztu da.

Zer ondorio izan dezake horrek?

Elikadura falta. Fruta hartu ezean, bitamina batzuk faltako zaizkizu; ez baduzu kultura hartzen, arimaren bitaminak faltako zaizkizu .

BERRIAn argitaratua (2017/10/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA