astekaria 2017/10/06
arrowItzuli

kirola

ELI SARASOLA

«Handi batean ari naiz, eta urtero lor dezaket tituluren bat; luxua da»

Julen Etxeberria

«Handi batean ari naiz, eta urtero lor dezaket tituluren bat; luxua da»

«Sekulako gogoa dut partida has dadin», esan du Eli Sarasolak solasaldia hasterako. Makina bat urte daramatza punta-puntako futbolean jokatzen, baina aitortu du «oso berezia» dela gaurko eguna, estreinakoa egingo baitu Txapeldunen Ligan. Aitortu du hori eginda «aspaldiko arantza» aterako duela. «Bartzelonarekin liga irabazi, eta AEBetara joan nintzen. Beraz, ezin izan nuen Txapeldunen Ligan aritu». Jokatu ez ezik, «ahal den urrutien» iritsi nahi du.

Gaur egingo duzu estreinakoa Txapeldunen Ligan. Urduri zaude?

Oraingoz, ez, baina ziurrenik zelairatu aurretik hasiko zaizkit nerbioak dantzan. Orain, urduritasuna baino gehiago, irrika dut.

Zer pasatuko zaizu burutik Txapeldunen Ligako ereserkia entzuten duzunean?

Emozio handiko unea izango da. Pena bakarra da emakumezkoen Txapeldunen Ligako ereserkia ez dela gizonezkoen bera. UEFArena da gurea, eta eskasagoa da.

Zurea ez ezik, Ajaxentzat ere estreinakoa izango da. Ohi baino giro gehiago dago?

Bai. Nabari da klubarentzat ere berezia dela. Gaurko partidak ligakoek baino oihartzun handiagoa bereganatu du. Sarrera dezente saldu dira, gainera.

Txapeldunen Liga jokatzeko bi baldintza bete behar izan dituzue. Lehenik, Herbehereetako Liga irabaztea. Ajaxek inoiz ez zuen halakorik egin. Nola gogoratzen duzu lorpen hura?

Aurreko sasoian lortutakoa nire ibilbideko unerik berezienen artean dago. Sekula ez dut ahaztuko. Oso talde batua genuen, eta oso lehiakorra ere bai.

Kopa ere irabazi zenuten.

Hala da. Sasoi bikain bati errematea emateko modua izan zen.

Duela bi urte, kexu zinen ligan talde gutxi ari zirelako, zazpi besterik ez. Egun, baina, beste bi daude. Kopuruak gora egin izanak berekin ekarri al du kalitateak ere gora egitea?

Ez. Sortu berri diren taldeei oraindik dezente falta zaie goian gabiltzanon mailara iristeko. Hala ere, zaila da horren herrialde txiki batean horrenbeste jokalarik ematea jauzia.

Abuztuan, Herbehereetako emakumezkoen selekzioak lehen aldiz irabazi zuen Eurokopa. Horrek eraginik izan al du?

Selekzioan izan du eragina batez ere. Sekulako ospea hartu du. Hurrengo bi partidetarako sarrerak, adibidez, ziztu bizian bukatu ziren. Horrek mesede egin dio ligari ere, gero eta oihartzun handiagoa baitu.

Hala ere, Herbehereetako ligako irabazleak Txapeldunen Ligako atarikoa jokatu behar du. Zorionez, hori ez da arazo izan Ajax sailka zedin: 6-0 irabazi zenioten Rigasi, 1-2 Parnuri eta 3-0 Standard Liejari. Dirudien bezain erraza izan zen?

Erraza ez zen izan, baina estutasunik ez genuen pasatu. Nire iritziz, Herbehereetako txapeldunak ez luke atarikoa jokatu behar.

Final-hamaseirenetan kontrario zailagoa izango duzue, Brescia Italiako taldea. Zer dakizue haren inguruan?

Italiakoa izanik, talde sendoa eta lehiakorra dela.

Nor da faboritoa?

Ustez, haiek. Gu lehen aldiz ariko gara, eta oso kontuan hartzeko faktorea da eskarmentua. Hala ere, uste dut parekotasun handiko kanporaketa izango dela.

Zein da Ajaxen helburua?

Partidaz partida joan nahi dugu, eta, ideia horri eutsita, ahal den urrutien iritsi. Uste dut lan ona egin dezakegula. Talde polita dugu.

Asmo handiagoak izango dituzue etxeko lehiaketan.

Horretan dena irabazi nahi dugu, aurreko sasoian egin genuen bezala. Zaila izango da, baina konfiantzaz ari gara.

Nola ikusten duzu sasoi honetako Txapeldunen Liga?

Emakumezkoen futbola etenik gabe ari da gora egiten Europan. Txapeldunen Liga da horren adibide; maila handikoa da. Diru gehiago erabiltzen ari dira taldeak, eta, horri esker, mundu osoko jokalariak ari dira fitxatzen.

Lyon da berriro faboritoa?

Bai, sekulako taldea baitu, baina erne ibili beharko du, gero eta talde gehiagok egin diezaiokete-eta aurre. Zortea ere erabakigarria izango da, batez ere zozketetan.

Bi euskal jokalarik soilik jokatuko duzue Txapeldunen Ligan: Marta Unzue Bartzelonan, eta zu zeu Ajaxen. Euskal Herritik kanpo jokatu beharra al dago Txapeldunen Ligan aritzeko?

Ez. Athleticek aurreko sasoian jokatu zuen. Hala ere, agerikoa da zenbat eta talde boteretsuagoan jokatu orduan eta aukera gehiago daudela. Espainiako Ligan, adibidez, Atletico Madrilek eta Bartzelonak inbertsio handia egin dute, eta emaitza eman die, biak ari baitira Txapeldunen Ligan. Zailagoa da, baina gerta liteke bi talde horietako batean jokatu gabe aritzea Txapeldunen Ligan, Espainiako Liga erakusleiho ona baita. Nire kasua da hori. Zorionekoa naiz: talde handi batean ari naiz, eta talde horrekin urtero irabaz dezaket tituluren bat. Luxua da. Nik nahiago dut liga apalago batean jokatu eta liga horretan tituluak irabazteko lehian aritu, liga indartsuago batean egote hutsarekin konformatu baino.

Hirugarren sasoia duzu Ajaxen. Jadanik erabat egokituta egongo zara, ezta?

Bai. Hasiera gogorra izan zen. Gainera, lesio larri batetik osatu berria nintzen. Zorionez, ahaztuta dago dena. Erabat egokituta nago. Oso gustura nago hemen.

Eta, gainera, jokatu egiten duzu.

Bai, eta gozatzen ari naiz. Aurreko sasoian, adibidez, ligako partida guztiak jokatu nituen, eta kopan, ia denak, tartean finala. Sasoi honetan ere dena ari naiz jokatzen.

Igarri duzu hobera egin duzula?

Bai, asko, eta ez bakarrik jokatzen ari naizelako. 26 urte ditut, hainbat herrialdetan jokatu dut jada... Heldu egin naiz, eta badakit zeintzuk diren nire dohainak eta zeintzuk nire ahulguneak. Hori oso garrantzitsua da. Oso argi dut zein den nire estiloa.

Eta zein da zure estiloa?

Oso lasaia naiz, eta patxada hori transmititzen saiatzen naiz taldeari. Lehen, arriskuak hartu zalea nintzen, baina orain askoz gehiago neurtzen dut arriskua.

Zer duzu hobetzeko?

Baloia oinekin jokatzen. Gustatuko litzaidake gorputza errazago luzatzea ere geldiketak egiteko.

Futbolean jokatu eta ikasi egin duzu egon zaren toki guztietan. Ohiturari eutsi diozu Herbehereetan ere?

Kirol kudeaketan mastersa egin nuen iaz. Orain, ordea, ez naiz ikasten ari. Uste dut badela ordua ikasteari utzi eta lanean hasteko.

Ezinezkoa da futbolean jokatzetik bakarrik bizitzea?

Bizi, bizi daiteke. Ni, adibidez, futbolean jokatzetik bizi naiz orain, baina badakit etorkizunean ezingo dudala futboletik bizi. Jokalari gehienoi pasatuko zaigu hori, betiere ez bazara Alex Morgan, zeinek 30.000 euro irabazten baititu hilero. Errealistak izan behar dugu, eta oso argi izan ikasi egin behar dela, eta, bestela, lan egin. Uste dut asko garela hori argi dugunak, baina zalantza dut egungo gazteek hori oso argi duten. Esan behar zaie baietz, badaudela Morgan, Lieke Martens eta Wendy Renarden gisako izarrak, baina errealitatea dela ikasi egin behar dela eta futbolarekin bateragarria den bizitza bat eratu.

Urteak daramatzazu futbolean. Zein garapen izan du emakumezkoen futbolak?

Hobera egin du, asko eta denbora gutxian. Bartzelonan nintzenean, adibidez, zelai oso kaskarretan jokatzen genuen, eta ez genuen aldagela ziztrin bat ere. Zortzi urte eskas joan dira ordutik. Egoera oso bestelakoa da orain. Asko dagoela egiteko? Bai, baina uste dut bide onean gaudela.

Orain artekoa ez dela nahikoa diotenak badaude. Adibidez, Danimarkako emakumezkoen selekzioak greba egin du gizonezkoen eskubide eta baldintza berak izateko.

Eta oso ondo iruditzen zait. Halako muturreko neurriak ere hartu behar dira. Emakumeek ezin zutenean bozkatu, zer egin zen? Bada, borrokatu. Emakumeak izanik, badakigu gehiago kostatuko zaigula gauzak lortzea, baina borroka egin behar da, eta erakutsi gure futbola erakargarria dela eta baita errentagarria ere. Gizonezkoen eta emakumezkoen futbola bi kirol oso ezberdin dira. Inoiz ez dugu haiek bezala jokatuko, ez dugulako haien indarra, baina teknikoki abilak gara. Erakutsi behar dugu gurea ere ikuskizun erakargarria dela.

Bi urte egin zenituen Realean, hiru Bartzelonan eta beste hiru AEBetan, Coloradon. Herbehereetan jada hirugarren denboraldia duzu. Hasi al zara jada hurrengo geltokian pentsatzen?

Ez. Egun, buruan dudana da Herbehereetan gutxienez beste bi urtez jokatzea. Ez dut interes berezirik beste toki batera joateko. Hala ere, inoiz ezin da jakin.

Hemen gogoratzen dira zurekin. Iaz, adibidez, euskal selekzioarekin jokatzeko deitu zizuten.

Egia esan, ilusio handia egin zidan nirekin gogoratu izanak. Badirudi jendea ez dela nitaz ahaztu, kanpoan urte mordoa daramatzadan arren. Niretzat, gainera, harro egoteko modukoa da euskal selekzioan jokatzea.

BERRIAn argitaratua (2017/10/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA