astekaria 2017/10/06
arrowItzuli

ekonomia

Kate iraultzailea

Irune Lasa

Kate iraultzailea

Transakzio digitalen erregistro bat. Kontrol zentralizaturik eta bitartekaritzarik behar ez duena, kontsentsu bidez eratua eta osatua, fidagarria, segurua, gardena eta erabilerraza. Hori da Blockchain teknologiak posible egiten duena. Ez da gutxi. Asko da; hainbeste, non adituek uste dute teknologia horren erabilera desberdinek iraultza handia ekarriko dutela Interneten, industrian, finantzetan, aseguruen alorrean, Gauzen Internetean, makinen arteko komunikazioan eta baita bizitza arrunteko hainbat gauzatan ere, adibidez, herritarren parte hartzeko moduetan.

Labur azalduta, Blockchain teknologiak ezaugarri berritzaileak dituen kontu liburu moduko bat osatzeko bidea ematen du. Liburu/datu base/kate hori aldi berean eguneratzen da haren sarera konektatutako nodo guztietan. Hori bai, sare hori deszentralizatua da, eta horrek hainbat ondorio dakartza. Hartara, sareak ez du kontrolgune zentralizaturik behar, aitzitik, eguneratze oro egin ahal izateko ezinbestekoa da nodoen gehiengo baten oniritzia. Hots, edozein eguneraketa, erregistro berri, edo kontsentsuz egiten da edo ez da egiten (horretarako kriptografia erabiltzen da). Beraz, ez dago zentralgunerik, eta ez du zertan agintegunerik ere izan.

Kriptografian datza teknologia berria. Datuak zifratutako bloke-kateen bidez jasotzen dira datu base horretara —hortik Blockchain izena—, kate nagusi horri katebegi gehiago lotuz, bata bestearen atzetik. Erregistroari eguneraketa berri bat gehitzerakoan —orrialde berria liburuari—, informazio berriaz gain, datu basean aurretik zegoen blokeari eta atzetik etorriko den hurrengo blokeari buruzko erreferentziak ere jasotzen dira, horrela kate nagusi aldaezin/hautsezin bat osatuz joateko. Unean sortutako helbideak, erabiltzailearen giltza hitz publikoak eta hark erabili beharreko pasahitz pribatuak hiru segurtasun hesi gehitzen dizkiote kate nagusira lotuko den kate zati horri.

Eta behin datua erregistratuta —salerosketa, jabetza, agindua, eskaria, botoa...—, ezin da ezabatu edo eraldatu. Aldaketarik egin nahi bada, gehiketa bidez egin behar da, katera gehituko den beste bloke batean. Norbait edo zerbait kate nagusia eraldatzen saiatuko balitz, ezingo luke; datu kateak hor dirau, beste nodoetan, guztietan eguneratzen direlako datuak aldi berean. Egiazkotasuna, erabilgarritasuna... eta baita segurtasuna ere. Sare banatua, deszentralizatua denez, sare osoa botatzea edo hondatzea askoz zailagoa da, eta, era berean, nodoetako batek arazoren bat duenean, edo arazoa eragiten hasten denean, beste nodoek hor jarraituko dute datuen erregistroa ziurtatzen.

Bitcoinetik txerri haragira

Esan daiteke jaioberria dela Blockchain teknologia. Haren diseinua 2008. urtean plazaratu zen Satoshi Nakamoto izengoitiarekin sinatuta —oraindik ez da argitu nor edo nortzuk dauden izen horren atzean—, eta 2009an Blockchain protokoloaren lehen aplikazioa sortu zuen Nakamotok: Bitcoin kriptodiruaren softwarea. Ordutik, gehienbat kriptodiruak izan dira bloke kateen teknologiaren proba banku nagusia, eta, Bitcoinarekin batera, indar handia hartu du, esaterako, Ethereum kriptodiruak. 2010. urtean egin zen lehen salerosketa bitcoinekin.

Bitcoinen eratzaile-erabiltzaileek harro agertzen dute euren kriptodiruarekin ez dela bankuen beharrik. Ez bankurik, ez banku zentralik. Hori ahalbidetzen die bloke kateen teknologiak.

Baina kriptodiruaz besteko Blockchainen erabilerak frogatzen dabiltzan lehenetakoak, hain zuzen, bankuak izan dira. Suitzako UBSk, esaterako, nazioarteko merkataritzan dabiltzan enpresei zerbitzua emateko sarea sortu du, besteak beste, paper, agiri eta kudeaketa lan ugari aurrezteko. BNY Mellon, Deutsche Bank eta Santanderrekin batera, 2015ean abiatu zuen UBSek bere kriptodirua sortzeko proiektuak eta irailaren hasiera jakin zen egitasmoarekin bat egin nahi dutela beste sei entitatek: Barclay´s, Credit Suisse, Kanadako Imperial Bank of Commerce, HSBC, MUFG eta State Street. 2018. urte amaierarako martxan nahi dute.

Baina diru kontuetarako soilik ez, bloke-kateen teknologia beste hainbat kontuetarako ibil daiteke. Adibidez, Walmartek Txinatik inportatzen duen txerri haragiaren jatorria ziurtatzeko erabiltzen du. Ekoizleak, banatzaileak, logistika konpainiak, laborategiak, saltokiak... Guztiak trazabilitate sistema batean bateratu ditu Blockchain teknologiarekin, eta haragiaren ziklo guztia erregistratuta gelditzen da hala. Iruzurrik badago, erregistro aldaezin, seguru eta garden horretan ikusi ahalko da non gertatu den. Txerri haragiarekin egin daiteke hori, edo hegazkin baten osagaiekin; hori egin nahi dute, esaterako, Airbusek eta Mercedesek beren hornitzaileekin.

Adibideak kontaezinak dira. Erabilera posibleen artean, adibidez, nortasun digitalaren ziurtatzea dago. Besteak beste, hori ikertzeko batu dira Espainian Santander, BBVA, Sabadell, Bankia, Iberdrola, Gas Natural eta Cepsa.

BERRIAn argitaratua (2017/10/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA