astekaria 2015/12/04
arrowItzuli

gizartea

JOSE ANTONIO MARINA

«Irakasle lanbidea oso planoa da: berdin dio ondo edo gaizki egin»

Garikoitz Goikoetxea

«Irakasle lanbidea oso planoa da: berdin dio ondo edo gaizki egin»

Aurreko legealdian PSOEren ingurukotzat jo zuten Jose Antonio Marina filosofoa (Toledo, Espainia, 1939): Herritartasunerako Hezkuntza ikasgaiaren alde agertu zen. Orain PPren gobernuak eskatuta ari da irakasleei buruzko liburu zuria egiten. Gobernuarentzat ez, baizik «gizarte osoarentzat» izango dela dio.

Espero zenuen zalaparta hau?

Ez. Egia esan, ez. Poz handia izan da, ikusi baitut gaia asko interesatzen zaiola jendeari. Beste batzuetan ez dut pozik hartu, gaizki ulertu baitira proposamenak.

Proposamen batek eragin du polemikarik handiena: irakasleen soldataren zati bat ebaluazioaren araberakoa izateak.

Proposamen orokorrago baten barruan doa. Denen kalitatea hobetu behar dugu. Horrek esan nahi du ahalik eta jende onena erakarri behar dela. Irakasle karrera erakargarria behar da. Oso planoa da orain: berdin dio ondo edo gaizki egin. Antzinatasuna da aintzat hartzen den meritu bakarra. Logikoa da ondo egiten dutenen meritua aitortzea, hain ondo egiten ez dutenak ere hobetzera animatzeko. Pizgarrietan, bakarra da ekonomikoa. Badaude beste batzuk garrantzitsuagoak: karrera bat diseinatzea, nahi duenak aurrera egin dezan.

Ebaluazio horiek egiteko formularik proposatuko duzu?

Bai. Irizpide asko daude, analisia fina izan dadin. Bat da irakaslearen historia profesionala. Ez curriculuma soilik: non lan egin duen, zertan... Beste bat da ikasleen eboluzioa —ez notak: 1etik 4ra igo den ikasleak gehiago aurreratu du 9tik 10era igo denak baino—. Irakasleari begiratu behar zaio eskola nola ematen duen: azalpenak ematen argia den, denei kasu egiten dien... Jakin behar da ikasleek zer iritzi duten ere. Esaten da irakasle exijenteari nota txarra jarriko diotela. Ez. Galdetegi on batekin, ez dira %10 baino gehiago izango putakume bat dela diotenak. Fidagarria da klaustroaren ebaluazioa: zaila da haiek engainatzea.

Faktore zuzentzaile bat ere badago: zentro oso zailetan lan egiten duten irakasleek meritu gehiago dute gozoki baten pareko zentroetan daudenek baino. Balio gehiago eman behar zaie, irakasle onenak zentro gatazkatsuetara joan daitezen saiatzeko.

Ebaluazioa nork egin behar du?

Interesgarria litzateke Espainian agentzia bat izatea. Irakasle lanbidea estatuaren eskumena da.

Zure proposamenaren kontra agertu dira sindikatu batzuk...

Gaizki ulertu da, eta sindikatuek ez dute batere ahaleginik egin ulertzeko. Hezkuntzako sindikatu batek esan izana ez direla ebaluatu behar denak onak direlako eta hori oposizioetan erakutsi dutela... Bietakoren bat: ezjakintasuna edo harpa jotzea. Oposizio batek ziurtatzen duena ziurtatzen du: irakasle lanbidean sartzeko gaitasuna. Ez ikasgelan gero nola jardungo den.

Irakasleen lanbidea karrera baten modura ikusten duzu?

Bai. Oso garrantzitsua da hori. Irakasletzari kalte egiten dion gauzetako bat da ez daukala lanbide soslai argirik, gora egiteko aukerarik. Irakasle gisa hasi behar dute, baina gero joan daiteke bi bidetatik: irakasletzan aurrera egitea —ikasketaburu, irakasleen tutore, ikertzaile...— edo kudeaketara jotzea —zuzendariak, ikuskariak, erkidegoetako kontseilari teknikoak...—. Aukera asko dituen karrera bat, beraz.

Eskolek askatasuna izan behar dute irakasleak aukeratzeko?

Bai. Nahi badugu eskola batek hezkuntza proiektu bat edukitzea, besteengandik bereiziko duena eta jendea mobilizatuko duena. Itunpekoak askatasuna du irakasleak hautatzeko. Publikoan, funtzionario sistema denez, konplikatuagoa da. Katalunian badago: zuzendariek lantaldearen zati bat hauta dezakete funtzionarioen artean, hezkuntza proiektua gauzatzeko.

Irakasleen heziketa nola dago?

Oso-oso gaizki. Hain gaizki, ezen galdetzen baitut irakasleen heziketa ez ote den unibertsitatetik kendu behar. Ez da ondo ari. Batetik, irakasle ikasketak: oso teorikoak dira, eta oso gutxi praktikoak. Unibertsitatetik ateratzean, ez dakite zer den eskola ematea. Gainera, sarbideko nota hain baxua denez, asko irakasle ikasten hasten dira ez dutelako beste ezer ikasteko notarik. Sistema indartsua duten herrialdeak saiatzen dira irakasle ikasketetara espediente onenak dutenak joan daitezen: eliteko jendea. Hori behar dugu. Bestetik, bigarren hezkuntzarako masterretan, eraginkortasuna oso baxua da, gaizki diseinatuta daudelako.

Notak igotzeko, karreretako postuak gutxitu nahi dituzu?

Hori arazoa da. Nonbait aukeraketa egin behar da. Hautaketa zentzuzkoena ez litzateke karrera hasieran egindakoa, baizik eta karrera amaieran profesionalizatze proba eta ikastaroak egitea. Hezkuntzako BAME [barneko mediku egoiliar] esaten zaiona. Hor, bai, egon behar du hautaketa serio bat, oso garestia baita. Ahalegin hori egin behar da soilik gaitasuna eta bokazioa erakutsi dutenekin. Soldatapeko praktikak lirateke, eskoletan, medikuntzan bezalakoak. Numerus clausus-ak koordinatuta joan beharko luke dauden beharrekin.

Karrera egin eta hortik at geraturikoekin zer gertatuko litzateke?

Karrera bat egin duenaren arazo orokorra da hori. Karrerak gaitasuna ematen du, baina ez du enplegua ziurtatzen. Ezin ditugu eduki hainbeste irakasle eta hainbeste lizentziadun. Ez dago egokitasunik ikasten dutenen eta dauden lanpostuen artean. Horrek frustrazioa dakar, eta alferreko gastua. Jendeari iruzur egitea da esatea titulua izanez gero lana lortuko duela. Garai ona da. 200.000 irakasle inguru erretiratuko dira hurrengo urteetan Espainian.

Helburu dituzu eskola uztea jaistea, PISAn emaitzak hobetzea... Hego Euskal Herriko datuak dezente hobeak dira. Hori ikusita, ez lukete autonomia gehiago behar bide horretan segitzeko?

Uste dut nahiko autonomia badutela. Eta oso ondo egin dute. Arinkeriaz esaten denean hezkuntza sistema zentralizatu egin behar dela, beste arrazoi batzuengatik esaten da —mugimendu nazionalistengatik eta—, ez hezkuntzaren kalitateagatik. Madrilek 5.700 euro bideratzen ditu ikasleko, eta Euskal Autonomia Erkidegoak, 10.000tik gora. Hezkuntza hobetzeko erabakia hartu du, eta ondo irteten ari zaio. Ea ikasten dugun. Hobekien funtzionatzen duten sistemak oso deszentralizatuak dira: udalerri mailakoak ere bai. Jendeak gertu ditu ikasleak, eta kezkatzen da; bere ikasleak dira. Ez da ekonomia kontua. Valentzia erkidego aberatsa da, baina hezkuntzan erdipurdi dago.

Deszentralizazio handiagoari ateak irekiko zenizkioke?

Arduratsua balitz. Deszentralizazioaren alde egiten dut. Erkidegoek, maiz, beste zentralizazio bat sortu dute: botere guztia izan nahi dute. Niregatik, udalerri mailara eraman dadila. Biderazina da Espainian. Hori da ideia: hiria izan daiteke eraginkortasun izugarriko eragilea arazo batzuetarako.

Hego Euskal Herriko adituekin hitz egiten ari zara libururako?

Jose Iribas da bat, Nafarroako Hezkuntza kontseilari ohia. Uste dut oso ondo egin zuela. Eskatu diot informazioa, eta liburuaren idazketa azter dezala ere bai. Nafarroako ikuskari batzuk ere aritu dira.

LOMCE egokitzat jotzen duzu?

Ez. Liburu zuriarena hasi zen Hezkuntza ministroari gutun ireki bat bidali niolako. Esan nion: «Deabruzko egoera batean zaude. Ez duzu irteera onik. LOMCE txarra da, eta denak aurka ditu; beraz, ezin zaio eutsi. Baina txarra da LOMCE aldatzea, berriro legea aldatzea, zer gertatuko den jakin gabe». Lege guztiak gauza batean okertzen dira: uste dute aldizkari ofizialetik aldatzen dela eskola, eta ez da hala. Eskola ikasgelatik aldatzen da. Eskatu nion joateko ikasgelara: irakasle, zuzendari, guraso... Biharamunean deitu zidan. Hitz egin genuen, eta liburua egiteko eskatu zidan.

Hauteskundeak izango dira aurki...

Proposamen bat egin diet alderdi politikoei. Ez dago soluzio onik: LOMCE geratzen bada, gaizki, eta kentzen bada, gaizki. Soluzio honekin, gaitz erdi: utzi LOMCE urtebetez indarrean, eta egin estatu hitzarmen bat. Ondoren, 30 urterako lege bat. Alegia, LOMCE aldatzea, egonkortasuna duen lege bat egiteko. Bakoitzak uko egin behar dio zerbaiti, eta hori egin behar du gobernatuko ote duen jakin aurretik. PPk esan behar du legea aldatzeko prest dagoela, eta besteek esan behar dute prest daudela akordio bat egin arte itxaroteko. Urtebetean estatu itun bat egin liteke, egin nahi bada. Dena aztertua dago. Beti bueltaka ari gara. Alferrik. Aurrera egin gabe.

Eta itxaropenik baduzu?

Gutxi. Mundu guztiak esaten du nahi duela hezkuntzan akordioa, baina uste dut beren akordioa nahi dutela, ez denok behar duguna. Konfiantza dut gizarteak ulertuko duela behar dugula hezkuntza sistema hobea, bikaintasunezko sistema eduki dezakegula bost urtean, eta politikariei presio egingo diegula. Hala ez bada, har ditzatela ondorioak beren gain. Gazteentzat bidegabea da helduok beren etorkizuna serio ez hartzea. Noizbehinka protesta egiten dugu, baina serio presio egin behar denean, bakoitza beste interes batzuetara lerratzen da.

BERRIAn argitaratua (2015/11/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA