astekaria 2017/10/06
arrowItzuli

bizigiro

MANUELA GUTIERREZ ESGUERRA

«Planetako birikak kinkan jarri ditu palma olioaren industriak»

Jon Rejado

«Planetako birikak kinkan jarri ditu palma olioaren industriak»

Kolonbia palma olio ekoizle nagusien artean dago munduan: lehen bosten artean dago, eta Hego Amerikan lehena da. Manuela Gutierrez Esguerrak (Bogota, 1987) ikertu du egoera horren eragina, bai Kolonbiako gatazka egoeran, baita hango elikadura subiranotasunean ere. Egunotan Euskal Herrian dago, horren berri ematen. Etzi Gasteizko Hala Bedi Irratiko erabilera anitzeko aretoan izango da, 19:00etan.

Palma olioa 1960tik ekoizten da Kolonbian. Laborantza tradizionala dela esan al daiteke?

Ez da tradizionala. Olio palmondoa ez da Kolonbiako berezko landarea. 1960ko hamarkadan monolaborantzarekin hasi ziren, eta 1980ko hamarkadan indartu zuten ideia; Nazioarteko Diru Funtsak maileguak eman zizkien Hego Amerikako tropikoko hainbat herrialdetako gobernuei hori sustatzeko.

Zer eragin du laborantza horrek ingurumenean?

Planetako birikak kinkan jarri ditu palma olioaren industriak. Indonesia eta Malaysiako oihanean sarraskia egin ondoren, Amazoniakoan ari dira orain. Desertifikazio prozesua dakar, palmondoek ur behar handia baitute: egunean bederatzi eta hamar litro inguru. Monolaborantzak ingurunean eragiten dituen kalteak ezagunak dira; mendebaldeko Europan, adibidez, ez dago halakorik.

Zertarako erabiltzen da han ekoizten den palma olioa?

Munduan dagoen oliorik merkeena da, eta horren erabilera bitan banatu daiteke. Batetik, Kolonbian kozinatzeko olio moduan erabiltzen dugu. Ez da osasungarria, baina dagoen merkeena da. Bestetik, herrialde aberatsetako industrietara bideratzen da: elikagai industria handietara; kosmetikara; bioerregaietara... Paradoxa handia dago.

Zergatik?

Erregaien kasuan bio izendatzen duten produktu batez ari dira. Ordea, horretarako beste herrialde batzuen ingurumena kaltetzen duen monolaborantza baliatzen dute: palma olioa, soja.... Pentsa liteke Europak ez duela talka nahi Amerikako Estatu Batuekin. Europa ordezko erregai bat bilatzen ari da, baina bere lurraldetik kanpo.

Olio palmondoaren monolaborantza lurraldea kontrolatzeko baliatu izan dela kritikatu izan da. Nola gertatu da hori?

Batetik, Kolonbiako Gobernuak lehentasunezko proiektutzat jo du olio palmondoen laborantza. Bestetik, paramilitarren fenomenoa dago: armak ilegalki eskuratu dituzten eskuin muturreko taldeak, enpresa handien interesak indarrez babesteko. Hori gerra testuinguruan gertatu da, aldatuz badoa ere.

Horrek guztiak zer eragin du?

Kolonbia behartutako desplazatu gehien dituen herrialdea da, Siriaren ostean: ia zazpi milioi desplazatu daude hiri handien kanpoaldean. Gehienak landa eremutik heldu dira, han gertatu delako borroka zuzena: landa eremuan daude baliabideak; paramilitarrek babestutako enpresa handien interesak...

Zein izan da estatuaren parte hartzea prozesu horretan?

Estatuak berak sortu du paramilitarren fenomenoa. Aspaldiko fenomenoa zen, baina Alvaro Uribe Velezek instituzionalizatu zuen: estatuaren parte bihurtu zituen, landa eremuko kooperatiba gisa. 2000. urtean hasi zirenetik milaka desplazatu eragin zituzten, monolaborantzaren aitzakiarekin. Eta ez hori bakarrik: hilketak, jazarpena...

2014an milioi erdi bat hektarea hartzen zituen olio palmondoak.

Eta gora joango da, epe luzerako proiektua baita. Horrek elikadura subiranotasunean eragin du, eta hala jarraituko du. Herri askok ez dute jakirik ereiterik edo landatzerik. Erosi behar dituzte, eta, horien barruan, besteak beste, palma olioa ere bai. Herritarrak kontraesanaz ohartzen dira, baina ez dute zer egiterik egoerari buelta emateko.

Gerrillekin hasitako bakerako elkarrizketek eta FARCekin lortutako akordioak lagundu al dezakete egoera bideratzen?

Armagabetze testuinguruaren eskutik landa eremua baketu da. Horrek kanpoko inbertsio handiagoa ekarri du, hori ere paramilitarren babesarekin. Lurraren erabilera horren aurka egiten dutenak terrorista gerrillaritzat hartzen dituzte; hots, gerra logika bat dago horren atzean, eta mantenduko da. Beraz, bi galdera nagusi daude: zer bake motaz ari gara? Eta, zer ulertzen du gobernuak landa eremutzat? Sail emankorra du buruan, baina ahazten du pertsonak bizi direla bertan.

Inbertsio horietako asko Europatik heltzen direla aipatu duzu. Zer egin daiteke han?

Lehenik eta behin gertatzen ari dena ezagutarazi behar da. Horrez gain, gero eta palma olio gutxiago kontsumitzea ere komeni da, baina zaila da. Esan bezala, leku guztietan dago...

BERRIAn argitaratua (2017/10/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA