astekaria 2017/10/06
arrowItzuli

kirola

NURIA PICAS

«Bizitzako helburua zen Mont Blanceko Ultratraila»

Unai Ugartemendia

«Bizitzako helburua zen Mont Blanceko Ultratraila»

Gazitik adina izan du gozotik Nuria Picas mendi lasterkariaren urteak (Manresa, Herrialde Katalanak, 1976). Uztailean, Ferran Latorre lagunarekin, Makaluko (8.463 metro) gailurrera igotzen saiatu zen arren, etxera bueltatu behar izan zuen, pneumonia baten ondorioz. Atsedenaldi txiki bat hartu eta gero, urteko erronkari ekin zion abuztuaren amaieran, Chamonixen: UTMB Mont Blanceko Ultratraila irabaztea. Ez zen asmo hutsean gelditu, ametsa bete eta irabazi egin baitzuen. Suhiltzailea da lanbidez, orain utzita badauka ere baimen bati esker. Kataluniaren independentziaren aldeko ekintzaile sutsua da, eta herenegungo erreferenduma baino lehen egindakoa da elkarrizketa.

Aste batzuk igaro dira UTMBtik. Nola zaude?

Gorputza bere onera ekartzeko lanetan oraindik. Oso lasterketa luzea izan zen, eta, horrelako lasterketa bat egin eta gero, berriro ere sentsazio berriekin hasteko garaia izaten da. Horrez gain, Nepalen sortu zitzaidan biriketako minak oraindik ez dit bakean uzten, lasterketako azken hamar kilometroetan ikusi zen bezala.

Makalutik bueltan lasterketa gutxi egin dituzu, eta oso gutxik pentsatzen zuten irabazteko gai izango zinela. Esan al daiteke ezkutuan zeundela?

Nik eta nire taldeak bakarrik dakigu zer sufritu dudan lasterketa egunera osasuntsu iristeko. Udan isilpean egon naiz, lan ikaragarria egin dugu, eta kazetarietatik aparte xamar izan naiz. Geldiunerik gabeko uda izan da. Oso pozik gaude egin dugun lanarekin.

Makaluko beheko kanpalekuan egon ostean, Chamonixera egin zenuen jauzi bi hilabetean. Nolakoa izan da trantsizioa?

Makalutik izugarrizko biriketako minarekin itzuli nintzen, eta hori begiratzen ari gara. Jaitsiera oso latza egin behar izan nuen Makalun. Hilabete eta erdi besterik ez dut izan lasterketa prestatzeko, baina bete-betean aritu naiz. Mugan ibiltzea tokatu zait, baina dena ondo atera da.

Hori izan al da udan hain lasterketa gutxitan ikusi izanaren arrazoia?

Bai. Gaixotasunak astindu handia eman zidan, eta argi genuen asko entrenatu beharko nuela irabazteko. Bi lasterketa besterik ez dut egin, Buff Epic Trail [Herrialde Katalanak] eta Tromso [Norvegian]. Horrek freskotasuna eman dit.

UTMB al zen urteko helburu nagusia?

Bai, ez urte honetakoa bakarrik, lasai ederrean esan dezaket nire bizitzako helburua zela. Hau besterik ez zitzaidan falta irabazteko. Munduko lasterketarik garrantzitsuena da, mediatikoena, eta bihotzean sartuta neraman.

Hirugarrenean izan da.

Bai. Garaipen honekin, 2013ko eta 2014ko bigarren postuek zapore hobea dute.

Hasieratik abantaila handiarekin ibili zinen, eta bazirudien erraz irabaziko zenuela.

Oso hasiera erosoa izan zen. Azkar nindoan, baina oraindik ahalegin handirik egin gabe. Oso gustura joan nintzen Pau Bartolo lagunarekin kilometro askotan, Bertoneko aterpetxera iritsi ginen arte. Indarrak gordez joan nintzen azken unera arte. Azken hamar kilometroak epikoak izan ziren. Berriro ere arazoak izan nituen biriketan, eta jaitsieran ezin nuen korrika egin. Oso gogorra izan zen. Denetik izan zuen lasterketak, baina uste dut ondo kudeatu nuela.

Lehen postuan joan zinen ia lasterketa guztian. Aurretik pentsatutako zerbait al zen?

Ez, ez, aurkako planteamendua neraman. Nire lasterketa egin nahi nuen. Hala ere, uste nuen aurkari gogorrenak ondoan izango nituela kilometro askotan. Ez zen horrela izan.

Noiz sentitu zinen garaile?

120. kilometroan gutxi gorabehera. Suitzan sartu nintzenean esan zidaten Caroline Chaverotek lasterketa bertan behera utzi zuela eta Andrea Husser ia 45 minutura zetorrela. Abantaila ondo kudeatu behar nuen, eta ongi jan eta edan. Oso lasai eta eroso nindoan, azken kilometroetan sartu nintzen arte.

Azken kilometroetan Husserrekiko abantaila asko txikitu zen, bi minutura. Garaipena kinka larrian ikusi al zenuen?

Ez, ez, banekien garaipenak ez zidala alde egingo. Hala ere, lagunak gerturatu ziren, eta esan zidaten lehenbailehen korrika hasteko, bestela harrapatu egingo ninduela. Bakean uzteko esaten nien, ezin nuela arnasarik hartu, baina iritsiko nintzela.

Azken kilometro ia osoa oinez egin zenuen, laino batean. Ezin sinisturik bezala zindoazen helmugara.

Askotan amestu nuen amaiera horrekin. Chamonixko azken kilometro hori askotan irudikatzen nuen neure buruan, eta orduantxe hor egotea... Momentu hartako sentsazioa ez zen arnasketa arazoengatik, bertan pilatutako jendearen berotasunagatik baizik. Nire momentua zen, nirea bakarrik, ez nuen amaitzerik nahi.

Amesten zenuen modukoa izan al zen?

Bai. Askotan negar egindakoa naiz egunen batean Chamonixen irabaz nezakeela pentsatzean. Niretzat Chamonixen irabaztea munduko txapelketa irabaztearen parekoa da. Nahiago nukeen arnasketarekin arazorik izan ez banu, baina horrela askoz ere epikoagoa izan zen.

Beti ibili zara aurrean. Presiorik sentitzen al zenuen garaipena lortzeko?

Presioa saihestea erabaki nuen aurten. Lan asko egin nuen horretarako. Komunikabideen aldetik ez nuen batere presiorik sentitzen, neure burua zen. Argi nuen lana nola egin nahi nuen, eta, azkenean, hainbesteko zalapartarik gabe, horrela irten zen. Nire lagun onenarekin eta nire semeekin joan nintzen Chamonixera. Eskalatzen eta gauza ezberdinak egiten pasatu nituen aurreko egunak, eta horrek asko lasaitu ninduen.

Nola azalduko zenuke 170 kilometro egin eta gero helmugan bi minuturen aldea soilik izatea?

Hori ez da ezer. Nik, esaterako, urte batean esprintean irabazi nion Cavalls del Vent lasterketa Anna Frosti. Aurkakoa ere gertatu izan zait. Orain bi urte, Diagonal Des Fousen, Emelie Lecomtek 200 metro falta zirela aurreratu ninduen, eta garaipena kendu. Kirolak horrelako gauzak ditu.

Chamonixko une gozoen aurretik, Makaluko espedizioaren gazia ezagutu zenuen. Nolako esperientzia izan da aurtengoa?

2015ean, lurrikararen ondorioz, ezin izan genuen ezer egin. Oso irudi gogorrak ikustea tokatu zitzaigun orduan; aurten, berriz, ezberdina izan da. Gailurraren saiakeraren aurretik birus bat harrapatu nuen, eta gorputza mugan jarri genuen. Ez zen posible izan. Ez ninduen gailurrera igotzeak itsutzen, eta horrek bere alde ona du. Argi nuen nire osasuna zela garrantzitsuena. Oso esperientzia gogorra izan zen, baina oso pozik nago ikasitakoarekin.

Esan duzu ez zarela berriro Makalura itzuliko. Hala al da?

Horrek ez du esan nahi Makalurekin haserre nagoenik, ezta gutxiagorik ere. Esan nahi nuena zera zen: munduan badirela beste hainbat mendi, Makalu bezain politak edo ederragoak. Gauza berriak ezagutzea gustatzen zait, bide berriak, paisaia berriak... eta Makalu ondoegi ezagutzen dut.

Orduan, ez dituzu espedizioak albo batera utziko.

Ez, ez. Nik mendia atsegin dut. Korrikalaria banaiz ere, nire zaletasun handiena eskalatzea da. Jakina, mendia beti hor egongo da.

Makalukoa hain gogorra izan al zen?

Bai, oso mugan egon nintzelako, bizitzaren eta heriotzaren artean: 7.800 metroan, arnasa hartzeko arazoekin... Bizirik irauteko ikastaro trinko bat egitea tokatu zitzaidan. Ahal nuen moduan jaitsi nintzen handik, baina egia da muga pasatzetik gertu izan nintzela.

Hilko zinela sentitu al zenuen?

Bai, noski.

Zuen espedizioa ez zen beste askoren antzekoa izan. Aurretik, zeharkaldi luze bat egin zenuten beheko kanpalekura iristeko. Luzea egin al zitzaizun espedizioa?

Denetan gogorrena beheko kanpalekura iristea izan zen. Espedizio bat izan zen bertara iristea soilik. Bidean 6.000 metroko lau lepo igaro behar dira, ez dago baliabiderik... Behin kanpalekura iritsita, agentziakoak han daude, janaria izaten da, zure logela ere bai. Handik aurrera, beste espedizioetan bezala izaten da, altuerako kanpalekuak ezartzea eta gailurraren eguna zehaztea. Oso esperientzia ona izan da. Zaila ikusten dut Makalura itzultzea, baina ia ziur Nepalera itzuliko naiz.

Zer balorazio egiten duzu espedizioaz?

Bizitza bezalakoa izan da: aldi gogorrak eta aldi atseginak izan genituen. Aldi okerrenetan indarra atera behar izan genuen, gero aldi gozoak hobeto gogorarazteko. Mendiak erabakitzen du.

Chamonixera itzulita, helmuga zeharkatu ostean, estelada ipini zenuen lurrean. Ez al zaizu iruditzen garrantzi handiagoa eman zaiola keinu horri garaipenari baino?

Sentitzen dudan bandera da, nire koloreak dira, eta nik ordezkatzen dudan lurraldea da, besterik gabe. Ez zen probokazioa izan, ez dut ezer Espainiaren aurka, ezta gutxiagorik ere. Oso herrialde polita da, jende zoragarriarekin. Baina kataluniarra sentitzen naiz. Hori ezin dit inork ukatu, horrela delako. Nik amestutako helmuga izan zen, eta gai honetan ez zait batere axola jendeak zer pentsatzen duen. Neure buruarekin oso lasai gelditu naiz, eta, azken finean, hori da lortu nahi duguna: bakoitza bere buruarekin bakean bizitzea.

Asko gogaitu al zaitu zurrunbiloak?

Ez. Amaitu eta gero, Espainiako komunikabide askok elkarrizketatu naute, eta gehienek zera galdetzen didate: «Berriro ere egingo al zenuke?». Tinko erantzun diet baietz. Eta atzetik berriro ere galdetzen didate: «Galdu duzun hori guztia berriro ere galtzeko prest egongo al zinateke?». Eta nik berriro ere: «Baina zer galdu dut ba!». Ez dut ezer galdu. Horrengatik babesleren bat galdu behar badut, ez zait batere interesatzen. Niretzat garrantzitsuena nire ideiak dira, nik defendatzen dudana, eta horrek ez du preziorik.

Denboraldia bukatu duzu?

Zalantza asko ditut. Ondo sendatu nahi dut, baina aldi berean ultratrailen zirkuitua irabazi ere bai, eta sailkapenean oso gertu dut Andrea Husser suitzarra. Oraindik ez dakit Diagonal des Fous [Reunion irla, Frantzia] lasterketan izango naizen ala ez. Hurrengo egunetan ikusi beharko dut.

BERRIAn argitaratua (2017/10/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA