astekaria 2017/10/06
arrowItzuli

gizartea

Hizkuntza, gai arantzatsu hori

Garikoitz Goikoetxea

Hizkuntza, gai arantzatsu hori

Independentzia lortu osterako utzi dute eztabaida, baina desadostasun nabarmenak ageri dira jada. Ez dago adostasunik Katalunia independentean hizkuntzek izan beharko luketen estatusari buruz, batez ere gaztelaniak eduki beharreko lekuari buruz. Esparru politikoari dagokionez, adibidez, gaztelaniaren ofizialtasunaren aldekoa da Junts pel Si koalizioa; CUP, berriz, katalanaren eta araneraren ofizialtasunaren alde agertu da, eta eztabaida egin nahi du gaztelaniaren eta frantsesaren tokiaz. Eragile independentisten artean ere badira ikuspegi kontrajarriak. Horietako batzuk bildu ditu BERRIAk. Badute adostasun puntu bat denek, halere: gaztelaniaren aldean, babes handiagoa behar duela katalanak, hizkuntza gutxiagotua baita.

Oraingoz behintzat, Kataluniak independentzia deklaratuko balu ere, gaztelaniak ofizialtasuna izango luke. Hori dio Trantsizio Juridikorako Legeak. «Ez dago aldaketarik hor: behin-behineko egoera horretan, jarraituko litzateke administrazioen aurrean edo kontsumo arloan hizkuntz aukera egiteko eskubidearekin». Eva Pons mintzo da; Bartzelonako Unibertsitateko zuzenbide irakaslea da, eta hizkuntzen lege estatusari buruzko azterketa ugari egindakoa. Aldaketarik ez dakar, beraz, trantsizio legeak. Izatekotan, ikuspegia alda daiteke: Espainiako Konstituzioak ez luke eraginik. «Orain, izan ere, negatiboki interpretatzen dira eskubideak katalanari dagokionez, gaztelaniaren nagusitasun juridikoagatik».

Trantsizio legean ofizialtasun bikoitzari eustea «zentzuzkoa» da, Isidor Mari soziolinguistaren esanetan —Omnium Culturaleko zuzendaritzako kidea da—. «Alferreko tentsiorik gabe heldu beharreko gaia da hizkuntzena. Trantsizioan ofizialtasun bikoitzari eutsiko zaio, baina Espainiako Estatuaren ikuspegi biziatua eduki gabe». Aurrerago begira jarri da: «Ikusi beharko da prozesu konstituziogilean zer gertatzen den».

Eztabaida gutxi

Oraingoz, eztabaida publikoan ez dauka toki handirik hizkuntzen auziak. Kexu da Carme Junyent soziolinguista: «Gaia saihesten ari dira». Esparru akademikoan ikusten du gaia gehiago. «Artikulu ugari idatzi dira, baina debate sozialik ez dago». Normaltzat jo du hori Montse Sanchezek, Sumate plataformako presidenteak —independentziaren aldeko gaztelania hiztunak biltzen ditu—: «Bigarren mailan dago hizkuntzaren gaia, baina inoiz ez da egon lehen tokian. Hemen ez dago hizkuntzari buruzko gatazkarik».

Sumate eroso dago Trantsizio Juridikorako Legearen planteamenduarekin: «Kontentu gaude. Gaztelania milioika katalanen hizkuntza da; nazio elebiduna bagara, zertarako galduko dugu? Ez dugu atzera joan behar». Sumate taldearen inguruan dabiltza politikari independentista ugari; Antonio Baños dute bozeramailea, CUPeko parlamentari izandakoa, eta ohiko kolaboratzailea dute Gabriel Rufian ERCko diputatua.

Oraingo koofizialtasun eredua auzitan jarri dute, ordea, Kataluniako aditu ugarik. Iazko apirilean manifestu bat aurkeztu zuten akademiaren arloko 300 bat lagunek, Per un veritable procés de normalització lingüística a la Catalunya independent izenburupean (Katalunia independentean benetako hizkuntza normalizazioko prozesu baten alde). Adierazpenean ohartarazi dute hizkuntzarena izango dela errepublika berriaren «arazo» nagusietako bat, «gizarte kohesioaren oinarriari eragiten baitio». Gaur egungo elebitasun ereduaren kontra ere agertu dira: «Elebitasun ideologia hori zera da soilik, hizkuntza baten subordinazioa eta gizarte katalanak bizi duen hizkuntza ordezkapena ezkutatzeko eta legitimatzeko era bat».

Adierazpen horren sinatzaileetako bat da Merce Lorente Pompeu Fabra unibertsitateko hizkuntzalaria. Haren arabera, gaia mahai gainean jartzea da agiriaren helburua. «Eztabaida ezkutatzen ari ziren; ez zen gaiaz hitz egin nahi. Horregatik egin genuen manifestua». Oraingo ereduarekin ez jarraitzea, hori dute helburu nagusia, Lorenteren esanetan: «Proposamena da oraingoa ez errepikatzea, ez izatea koofizialtasun eredu hau. Katalanak oinarrizko rola izan behar du, eta hizkuntzen gaia ondo landu behar da, ez oraingoaren kopia egin».

Nabarmendu du sinatzaileen taldea «heterogeneoa» dela —Omniumeko edo ANC Biltzar Nazional Katalaneko kide dira denak; tartean da Irene Rigau Hezkuntza kontseilari ohia, azaroaren 9ko galdeketagatik inhabilitatua—.

Hizkuntza ofizialak

Ofizialtasunari buruzko eztabaidan ez dago jarrera argirik. Omniumeko ordezkariak, adibidez, azaldu du aukera bat baino gehiago dagoela: «Konstituzio batzuek ez dute hizkuntza ofizialik; beste batzuek, bai, eta beste hizkuntza bat erabiltzen da gehien». Lorentek ere bi aukera aipatu ditu: «Ez dugu postura adosturik. Aukera bat da katalana ofizial izendatzea, eta gainerako hizkuntzak errespetatzea; bestea, ofizial titulurik ez ematea hizkuntza bati ere». Hirugarren hautua da Trantsizio Juridikorako Legearena: oraingo hizkuntza ofizialtasunari eustea.

Kontua, izatez, ez da ofizialtasuna bai edo ez. «Hizkuntza ofizialaren kontzeptuak, berez, ez ditu inplikazio edo eduki berak testuinguru bakoitzean», ohartarazi du Ponsek. Are, ñabardurak ere egin litezke: «Ofizialtasunak babes instituzionala emango lieke gaztelaniari eta haren hiztunei, baina posible lirateke modulazio juridikoak, bereziki katalanaren ofizialtasuna bermatzeko beharrezkotzat jotzen direnak. Finean, bi hizkuntza ofizialtzat hartuko direla esateak ez dakar biek estatus juridiko bera izatea».

Ofizialtasunaren diskurtsotik erabat urrunduta dago Junyent: «aurreztu dezakegun pausoa da ofizialtasunarena», nabarmendu du. «Hizkuntza menderatzaileek ez dute behar ofizialtasunik, eta subordinatuentzat ez du balio, berdin-berdin desagertzen dira eta. Eztabaida da hizkuntza aniztasuna errespetatzen den ala ez».

Ikuspegi hori hartu beharraz mintzo da Mari ere: «Eredu eleaniztuna behar dugu, bizikidetzarako eta harremanetarako balio gisa». Lan bat eskatzen du horrek, Lorenteren iritziz: «Eleaniztasunari buruzko sentsibilizazioa behar da, 1978tik egin ez dena». Legean aukera badagoela uste du Ponsek: «egungo dinamika soziolinguistikoak eta etorkizuneko aldaketak» buruan, uste du lege esparru «malgua» egin beharko litzatekeela hizkuntzei dagokienez. «Gomendagarria litzateke konstituzio testu berrian kontuan hartzea Kataluniako gaur egungo eta etorkizuneko herritarren hizkuntz aniztasuna. Ez hitzaurrean soilik; printzipiozko arau gisa ere plantea liteke, aurrez ezarritako eskubide batzuekin lotu gabe». Gauzak bestela egitea, azkenean: «Beste gai batzuetan bezala, Kataluniako prozesu subiranistak, jarraibide demokratikoen arabera garatuta, aukera ekar dezake hizkuntzari buruzko kontzeptu eta hurbilketak birpentsatzeko».

Aniztasunaren garrantzia

Ofizialtasunaren auzia gorabehera, aniztasuna nola kudeatu, hizkuntza ekologia hartu du ahotan aditu batek baino gehiagok. Junyent: «Hizkuntzak beren lurraldean berreskuratu behar dira». Bide beretik, Mari: «Berezko hizkuntza gisara hartu behar dira katalana, katalanezko keinu hizkuntza eta aranera. Gure lurraldean ez badira normalizatzen, non?». Hori nola kudeatu, beste kontzeptu bat jarri du mahai gainean Junyentek: «Katalana erabiltzea defektuz, ofizial izan beharrik gabe. Eta gainerako hizkuntzak errespetatzea». Hizkuntza aniztasuna ikertzen urteak daramatza Junyentek: Katalunian 300 hizkuntza baino gehiago erabiltzen dira, haren datuek diotenez.

Horrela begiratuta, Junyenti ez zaio ulergarri Sumateren estiloko taldeen diskurtsoa: «Irizpide etnikoa berreskuratu dute, eta hori jada gainditua zegoen». Lorente ez da iritzi horretakoa. Gogorarazi du frankismo garaian immigrazio handia iritsi zela Espainiatik, eta horiengana heldu dela Sumate. «Oso lan ona egin dute». Argudio hori eman du taldeko presidenteak ere: ohartarazi du oraindik ere itxikeria batzuk daudela. «Ez dira Kataluniara zabaldu. Hiri satelite asko sortu ziren. Hara joan gara».

Gaztelaniaren tokia

Horiek horrela, zer leku izan behar du gaztelaniak? «Aitortza berezia behar du, historiagatik eta errotze sozialagatik. Baina pribilegioak izan ditu, eta ezin ditu arriskuan jarri ondare hizkuntzak», adierazi du Marik. Ohartarazi du gaia ez dela soilik katalanaren eta gaztelaniaren artekoa. «Ez dugu debate erredukzionista bat egin behar». Adibidez, administrazioari begira jarrita, Lorentek uste du katalanez funtzionatu behar lukeela —«orain bezala»—, baita «hizkuntza funtzional batzuetan» ere: «Gaztelaniaz ere bai».

Lege aldetik, ofizialtasunik gabe ere, balegoke modua gaztelania hiztunak babesteko, Ponsek dioenez: «Erabilera ofizialerako bermeak, sektorekako erregulazioa... Aukera asko». Gaztelaniari dagokionez, obligazioak kentzeaz mintzo da Junyent: «Konformatuko nintzateke derrigorrezko ez izatearekin». Ofizialtasunaren aldekoa da Sanchez, baina bat dator katalanak «babesa» jaso behar duela, «minorizatua delako».

Euskal Herrian maiz hitz egin da estatua izateak euskarari egingo liokeen onuraz. Katalunian? Espainian ez egotea litzateke pauso bat, Mariren iritziz: «Aldeko estatua genuke, ez aurkakoa. Urteetako oztopoetatik at geundeke». Lorente bat dator estatuaren beharrezkotasunaz. «Baina ez da aski: Andorrak estatua du, baina katalanaren osasuna ez da ona». Faktore askori erreparatu behar zaiela dio: demografia, globalizazioa... «Adibidez, unibertsitateetan ingelesezko eskaintza katalanezkoaren aurka ari da, eta gaztelaniazkoa mantendu egiten da». Horregatik dio hizkuntzaren gaia mahai gainean ipini behar dela.

Estatuaren rolaz duda handiak ditu Junyentek: «Hizkuntzak hiltzeko makina da estatua». Kataluniaren kasuan, gainera, zalantza du oraingo egoera ikusita: «Independentzia jartzen dute lehenago, hizkuntzarentzat izango dituen ondorioez hitz egin gabe. Ez dute hitz egin nahi». Arantzaz betetako gaia da Katalunian ere.

BERRIAn argitaratua (2017/09/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA