astekaria 2017/10/06
arrowItzuli

bizigiro

Giza gaitasunak norabide bila

Maider Galardi F. Agirre

Giza gaitasunak norabide bila

Smartphone-ak, tabletak, GPSak, etxe adimendunak... geroz eta gehiago dira egunerokoan erabiltzen diren gailu elektronikoak, eta geroz eta ekintza gehiagoetarako dira beharrezko. GPSek ordezkatu egin dituzte betiko mapak, eta sakelako telefonoak bihurtu dira memoriarako gordailu onenak. Egoera berri horrek kezka sortu du gizartean. Gaitasun zaharren defentsaren eta gaitasun berrien alde egitearen bidegurutzean, ordea, aditu askok bat egiten dute: giza garapenak aurrera jarraitzen du, baina bide egokia bilatu behar da.

Alarma soziala piztu zuen Ordance Survey mapa enpresak egindako ikerketak: gazteek galdu egin dute orientaziorako gaitasuna GPSaren gehiegizko erabileragatik. Jon Andoni Duñabeitia BCBLko eta Galeseko Bangor Unibertsitateko ikerlari bisitariak ere azaldu du kaleak buruz ikasteak hobetu egiten duela garuneko arreta espaziala: «Londresko taxilarien kasua da ezagunena. Hiri erdiguneko kale eta izkin guztiak ezagutu behar dituzte lizentzia eskuratzeko. Ikerketak egin dira haien garuna nolakoa den ezagutzeko, eta emaitzak harrigarriak dira: fisikoki ezberdina da haien garuna, eta agerikoa da gaitasun gehiago dituztela».

Horrek, ordea, ez du esan nahi teknologia berriek, berez, garuna alfertzen dutenik: «Bideo joko jakin batzuetan aritzen diren profesionalekin ere egin da ikerketa, eta hara non, ikusi ahal izan dugu haien sistema kognitiboa ere hobea dela». Duñabeitiarentzat, beraz, gailu berrien erabilerak ez du zertan txarra izan giza gaitasunentzako: «Ezin dugu eztabaida ardatz positibo edo negatiboetan ulertu. Askoz konplexuagoa da gaia».

Unai Bilbao Akting informatika enpresako garapen arduradunak ere uste du pil-pilean dagoela gaia, eta beharrezkoa dela eztabaida. Ordea, uste du gakoa ez dagoela teknologia berrietan soilik; aitzitik, gizakiek gailu horiekin egiten duten erabilera da, haren ustez, arretaz begiratu beharrekoa. «Ezin gara determinismo teknologikoaren tranpan erori», ohartarazi du Amparo Lasen soziologoak, «askotan ahaztu egiten zaigu gu geu izan garela teknologia horien sortzaileak». Horregatik, azken urteotan kontzeptu berri bat lantzen aritu da: agentzia partekatua. Azaldu du gizakia dela tresna berri horien sortzailea eta eraldatzailea, baina, teknologia berriek gizakia bera ere molda dezaketela; eta horregatik, alde biko harremana dela. Badaki aldaketen aurrean larritasuna nagusitzen dela, baina, uste du begirada historikoa ezin dela galdu: «Gizakia garatuz joan da urte hauetan guztietan. Etengabe sortu dira teknologia berriak, eta horietara moldatu da geure jarduna eta geure bizitza». Berdin uste du Bilbaok, eta adibidea eman du: «Autoak sortu zirenean, ikasi behar izan zen autoak erabiltzen, eta eserita mugitzen alde batetik bestera. Horrek ibiltzeko gaitasuna kendu digu? Ez. Kontua da nolako erabilera egiten dugun, baina, betidanik egon da gizakia gailu berrietara moldatu beharrean».

Teknologia berrien erabilera egokirako heziketa beharrezkoa da, Urtza Garai EHUko irakasle eta Weblaner ikerketa taldeko kidearentzat. Duñabeitiak, gainera ez du beste aukerarik ikusten: «Nola ez ditugu, ba, teknologia berriak ikasgelan landuko? Haurrei soilik papera eta boligrafoa emango bagenie, eta gero etxean tabletarekin jolasean arituko balira, kontraesan handia egongo litzateke». Hala uste du Garaik ere: «Gaur egungo ikasleak egungo eta etorkizuneko gizartean bizitzeko prestatzen ditugu». Ez du uste, ordea, oinarrizko gaitasunak gal daitezkeenik: «Idazten ikasten jarraituko dute, ez dut zalantzarik».

Batzuek bidea egiten...

Garairen esanetan, oinarrizko gaitasun horiek mantendu ez ezik, teknologia berrien erabileraren ondorioz abilezia berriak ere garatuko dituzte haur eta nerabeek. «Ondo erabiliz gero, smartphone-ek komunikaziorako gaitasuna aberasten laguntzen dute. Pentsa egun zenbat aukera ditugun esan nahi duguna adierazteko: emotikono bidez, audio bidez, laburduren bidez...». Sormena ere ez dago arriskuan, haren ustez: «Eraldaketa prozesu bat da. Gazteek sekulako bideoak egiten dituzte, eta ikusi besterik ez dago youtuber fenomenoa. Horiek bai, horiek dute imajinazioa!». Hori ez da, ordea, garatutako trebetasun bakarra. Garaik egindako ikerketen arabera, beste bost abilezia berri dituzte egungo gazteek: informazioaren kudeaketa kritikoa, komunikazioa eta kolaborazioa, eduki digitalen sorkuntza, segurtasuna eta arazoen ebazpena.

Dena den, gaitasun berrietan ezagunena eta eztabaida gehien piztu duena da multitask delakoa: teknologia berriek ahalbidetu dute hainbat ekintza aldi berean egin ahal izatea. Egun, aukera dago lana egin bitartean musika entzuteko, telefonoan mezuak erantzuteko eta posta begiratzeko.

Zenbait adituk adierazi dute hori dela XXI. mendean gizakiak jasotako trebetasun handienetarikoa: «Egunerokora egokitzeko beharrezkoa da multitask funtzioa. Halabeharrez, gauza bat baino gehiago egin behar ditugu aldi berean, eta gaitasun hori garatzea positiboa da», azaldu du Duñabeitiak. Bilbaok uste du gailu berrien ondorioz sortu dela abilezia hori, eta gizakia moldatu egin dela: «Tresna berriak ditugu, eta horiek menperatzeko gaitasun berriak sortzen ditugu».

Beste zenbait ikerketak, ordea, ohartarazi dute gizakiaren garuna ez dagoela ohituta arreta jartzera aldi berean gauza batean baino gehiagotan. Horregatik, etorkizunean multitask-ak atentzio eta memoria arazoak sor ditzakeela uste dute askok.

Duñabeitiaren arabera, ordea, ez dago hori baiezta dezakeen ikerketa fidagarririk: «Funtzio horrek garunean duen eragina ikusi ahal izateko bi kontrol talderen arteko konparaketa egin beharko genuke, eta, gaur egun, ez daude maila sozioekonomiko bera duten horrelako bi talde. Hortaz, horrelako ikerketa neurozientifikoak egitea zaila da». Ikerlariaren ustez, ezinezkoa da egoera berbera izanda, belaunaldi berekoen arteko azterketa zientifikoa egitea. Lasen soziologoak ere zalantzan jarri ditu emaitza horiek: «Gizakia idazten hasi zen momentuan bertan aldatu zen memoriaren gaitasuna. Noizean behin, ez da kaltegarria historiari erreparatzea». Garaik ere ez du uste kaltegarria denik: «Uste dut gaitasun hori hezkuntzan ongi aprobetxatu behar dugula, eta horri ahalik eta etekin handiena ateratzea dela helburua».

...besteak bidean galdurik

Gailu berriak eta giza gaitasun berriak sortu ahala, ordea, egunerokoan aurrera egiteko beste zenbait gaitasun albo batera utzi ditu gizakiak. Ordenance Surveyk egindako ikerketak, esaterako, orientaziorako funtzioaz gain beste hogei zerrendatu zituen: Ortografia, telefono zenbakiak gogoratzea, galtzak konpontzea eta sua egitea zeuden tartean.

«Giza eboluzioaren ondorioa da hori», adierazi du Bilbaok, eta konparaketa egin du arropa garbigailuarekin: «Ziurrenik jantziak eskuz garbitzeko gaitasuna galdu dugu, baina ikasi dugu garbigailua erabiltzen». Lasenek ere uste du egokitze kontua dela: «Aurretik ere ohitu gara tresna berriekin bizitzen. Horregatik, uste dut gaitasun aldaketa baino gehiago bizimodu aldaketa gertatzen ari dela: hiriak aldatu dira, gure etxeak aldatu dira, harremanak izateko modua aldatu da... horri erreparatu behar diogu».

Harrabotsa sortu dute, gainera, berehalako itzulpena egiten duten gailuek. Aditu batzuek salatu dute hizkuntzak ikasteko gaitasuna ere arriskuan egon daitekeela. Duñabeitiak, ordea, ez du uste horrenbesterako denik: «Nik neuk erabiltzen ditut horrelako tresnak atzerrian nagoenean». Azaldu du eraginkorrak direla, baina, kontua dela garuna gehiegi ez alfertzea: «Gizakiok oinarrizko gaitasun horiek lantzea ez da kaltegarria. Horrela, teknologia berriak guri laguntzeko tresna izango dira». Garaik eta Bilbaok ere ez dute uste idazteko eta hizkuntza berriak ikasteko gaitasunak galtzeko zorian daudenik: «Egia da gailuek euren kabuz geroz eta gauza gehiago egin ditzaketela, baina, gaur-gaurkoz ez dut uste arriskuan daudenik trebetasun garrantzitsu horiek», adierazi du Aktingeko kideak.

«Egia da jende askok duela teknologia berriekiko mendekotasuna», aitortu du Bilbaok, «agerikoa da, gainera, horiek gabe geure bizitza ezberdina izango litzatekeela». Hala ere. uste du, gailu horiek gabe bizitzeko modua badagoela oraindik: «Ez genituzke egun ditugun erraztasunak izango, baina, nolabait irtengo ginateke aurrera».

Neurozientziaren ikuspegitik ere «guztia galduta» ez dagoela uste du Duñabeitiak: «Gaitasun kognitiboak galduko ote ditugun? Ezetz esango nuke. Gaur egun ezin dugu argiki esan sistema kognitiboarentzat kaltegarriak direnik teknologia berriak». Erosotasunean ez erortzea da gakoa, haren ustez: «Erabileraren arabera, geure garuna alfertuko da edo ez. Tresna horiek ongi erabilita, gaitasun berriei bide egingo diegu gure sistema kognitiboan kalte egin gabe».

Urrats bat harago egin du Garaik: «Nire ustez, geure garunak ez daude alfertzeko zorian. Nola ba? GPSa ulertzeko ere garuna ahalegin betean ipini behar dugu batzuetan». Gainera, ohartarazi du teknologia berriek eskuragarri dituzten hainbat aplikazio erabiltzeko ere arreta beharrezkoa dela.

«Kontua, beraz, ez da eztabaidatzea ea teknologia berriekin gaitasun batzuk galtzen ditugun ala ez», gaineratu du Lasenek. Aitzitik, uste du arretaz erreparatu behar dela aldaketa horiek guztiek zein nolako eragina duten giza egituretan eta harremanetan: «Edozein teknologia berrirekin gertatzen den moduan ikasketa prozesu bat egin beharko dugu, eta jakin behar dugu horrek arau sozial, sinboliko eta legal berriak ekarriko dituela».

Beste hiru adituek bat egin dute soziologoarekin: «Gaitasun berriak jaso, eta besteak alboratu bai, baina, horiek nola kudeatu eztabaidatu beharko dugu», bidegurutzetik nola irten, hori baita gakoa.

BERRIAn argitaratua (2017/09/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA