astekaria 2017/10/06
arrowItzuli

kultura

Epaia, zenbakiz esan beharrean, hitzez azalduta

Miren Garate

Epaia, zenbakiz esan beharrean, hitzez azalduta

Hasiko al gara?». Mikrofonora abiatu dira Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartuko duten biak. Aurrez, hogei bat minutu pasatu dituzte Baigorriko saioari buruz hizketan. Egurrezko mikrofonoa eta aspaldiko bertso saioak iragartzeko kartelak paretetan. «Bertso eskola» esanda burura etortzen den lokal bat. Txapelketan parte hartuko ez duten beste bi bertsolari ere bertaratu dira gaur, gai-jartzaile lanak egiteko eta kanpoko ikuspegi bat emateko.

Zortziko handian hasi dute entrenamendua, kanporaketa fasean egiten den bezala. Eta fase horretako saioetan bezala, bertsolarien esku utzi du gaiak zein jarrera defendatu erabakitzea. Langileak dira, eta urriaren 12an lanera joan edo jai egin pentsatu behar dute. Bota dituzte hiruna bertso. «Uste dut ez zaretela oso ondo iritsi ondorioetara. Jai eginez gero, zer? Lan eginez gero, zer? Adibidez, esan zenezaketen San Joan eguna hartuko zenutela libre, geureagoa delako, edo jai egin eta ehizara joango zinetela», komentatu du prestatzaile lanetan ari denak. «Berez, bigarrengorako, nik beste bat neukan pentsatuta: 'minez daukat ama, bestela ere etxean badaukat nahikoa lana', baina, azkenean, erantzutera joan naiz, eta horregatik esan dut zergatik egin behar dudan besteek egiten dutena», azaldu du bertsolariak.

Zortziko txikian hasi dira ondoren. Gaiak dio anaia txikia arreba zaharraren ohera joaten dela gauero, amesgaiztoak dituelako, eta arreba aspertzen hasita dagoela. «Nahiz pozik hartzen dudan/ gauero bisita/ goizero esnatzen naiz/ ohea bustita». «Ohea bustitzen det/ arrebatxo maite/ pentsa zer izango zen/ zu ez bazeundeke». Bazeundeke ezetz, bazeunde dela aditza zuzendu diote.

Puntua erantzun beharreko ariketak errespetua eragiten du bertso eskolan ere. Haserre bertsolaria bere buruarekin. «Beste bat». Hiruna bertso bota, eta hamarreko txikian hasi dira. «Orain hiru hilabete utzi zenuten bikote harremana, baina oraindik egunero-egunero deitzen eta idazten dizu». Honela ireki du bertsoaldia aurrena abestu duenak: «Zure deirik ezin dut/ mugikorretik ken/ eta lehen ez zenidan/ kasurik egiten». Kafe bat hartzeko proposamenarekin amaitu du ariketa kantukideak, eta iritziak entzutera gerturatu dira beste bi lagunengana. «Nire ustez, bigunegi aritu zara, gehiago sartu behar zenuen jazarpenean, hiru hilabete pasatu dira jada, nazkatuta zaude, ez duzu gehiago deitzerik nahi; bestela, elkarrekin jarraituko zenuten».

Eta, amaitzeko, bakarkakoa. «Orain arte, gauza guztiei baietz esaten zenien. Aspaldiko urteetan lehen aldiz, ezetz esan duzu gaur». Sei puntuko doinu batean, bertso txukunak aparteko ordurik sartu nahi ez duen langilearen ahotik. Amaituta eta hurrengo asterako hitzordua jarrita, tabernara joan dira zerbait hartzera.

Kontatzen dutena aintzat hartuta, gutxi gorabehera antzekoa behar du gainerako bertsolariek taldean egiten duten prestaketak ere. Betiko bertso eskolan aritzen dira batzuk, herri edo eskualdekoan. Hain zuzen, txapelketa nagusiko saioa ez ezik, haien eguna ere ospatuko dute, gaur, Seguran (Gipuzkoa), eta egun osoko egitaraua prestatu dute. Beste batzuek, berriz, txapelketa garairako inprobisatutako bertso eskoletan egiten dute prestaketa. Gertutasun geografikoa izaten da, normalean, taldea osatzerakoan kontuan hartzen den ezaugarrietako bat. Ez baita bizpahiru eguneko lana izaten. Aste Santu bueltarako hasi ziren elkartzen, eta, data gerturatu ahala, maiztasuna ere handitu dute.

Astean pare bat aldiz joaten da Nerea Elustondo Hernaniko (Gipuzkoa) bertso eskolara. «Simulakro bat egiten dugu. Oraingoz, final-laurdenetan izango ditugun ariketena bakarrik». Gaurko saioan, abestea egokitu zaio. «Oholtzako jarduna taldean egiten dugu, baina oso bakarkako lana da. Mikrofonoaren aurrean jartzen zarenean, bakarrik zaude. Horregatik, hara joan aurretik talde baten babesa sentitzeak laguntzen dizu beste gorputzaldi batekin oholtzaratzen», dio legazpiarrak.

Elustondorekin batera Hernaniko bertso eskolan aritzen direnetako beste bik ere asteburu honetan dute saioa: Leitzan (Nafarroa) kantatuko dute, bihar, Agin Laburuk eta Unai Agirrek. «Zurekin maiz kantatu duen batekin jardutea abantaila da, konfiantza handiagoa dagoelako, eta nondik joan daitekeen ere hobeto dakizulako. Bertso eskolakorik ez zait tokatu niri, baina Itturrirekin ez beste guztiekin kantatutakoa naiz; beraz, pozik; eta, era berean, pozik Itturrirekin kantatzea esperientzia berri bat izango delako».

Berez, etxean eta bakarrik prestatzeko moduko ariketa da kartzelakoa, baina bertso eskolan ere lantzen dute ariketa hori. «Etxean zenbat eta lan gehiago egin errimekin eta esamoldeekin, seguru asko orduan eta errazago aterako zaizu, baina hori ofiziotan ere bai». Hain zuzen, gai jakin bati bakoitzak zein bide ikusi dizkion komentatzea izaten da taldekako prestaketa horretan egiten den gauzetako bat. «Orain jartzen diren gai ireki horiekin, askotan, bertsoari baino gehiago bideari begiratzen zaio, ea asmatu duen edo ez. Helduleku posibleei buruz-eta aritzen gara bertso eskolan».

Eguna ere prestatuz

Oihana Iguaranen esanetan ere, asko ikasten da modu horretan; horregatik, haiek ere hitz egiten dute gai jakin baten aurreko bide posibleei buruz. Bihar kantatuko du, Leitzan. Tolosaldeko bertso eskola ibiltarian aritzen da, eta batik bat Mikel Artolarekin eta Beñat Iguaranekin prestatu du txapelketa —Baigorrin kantatu zuen Artolak, eta gaur Seguran izango da Iguaran—. «Saioari norberak egin behar dio aurre, baina niri, behintzat, asko laguntzen dit taldea gertu sentitzeak». Atzean bertso eskola osoa izan dutela azaldu du, eta Amaia Agirre bertsolariak ere asko lagundu diela gaiekin-eta. «Haren etxera joan eta goitik behera egiten genuen saioa. Normalean, saioaren egiturari jarraitzen genion, eta, beharra ikusiz gero, ariketa jakin batzuk errepikatu egiten genituen».

Egin eta egin. Prestaketarik onena hori dela uste du. Alabaina, kantatu beharreko data gerturatu ahala, beste behar batzuk ere sortzen direla nabarmendu du. «Talde terapia moduko zerbait ere egiten dugu. Batzuetan gertatzen da: blokeatu eta ezin aurrera segi. Halakoetan eseri eta tontakeriengatik barrezka hasten gara igual; edo gure urduritasunen inguruan hitz egiten dugu, kezkak partekatu, elkarri non ikusten dizkiogun hutsuneak esan eta abar. Batzuetan, bertsotan eginda baino gehiago, beste era batera egin behar da egun horretarako entrenamendua».

BERRIAn argitaratua (2017/09/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA