astekaria 2017/10/06
arrowItzuli

gizartea

'Ni p... falta que hace'

Jose Mari Pastor

'Ni p... falta que hace' Jose Mari Pastor

Felipe Gonzalez 90eko urteen bukaeran. PSOEn Joaquin Almunia zegoen buru. Sozialistak lidergo sendoaren bila ari ziren, baina batasunik ez haien artean. Sektore batzuk kontsentsua eskatzen ari ziren. Gonzalezek, ordea, ez zuen beharrezkotzat jotzen. Kontsentsua lortuz gero, ederto; bestela, aurrera. Egun batean kontsentsurik ez zegoela aurpegiratu zion kazetari batek Espainiako presidente ohiari. «No, y ni puta falta que hace», erantzun zuen gure X jaunak.

Batzuetan, erantzun zakarrak badu besteek ez duten indarra. Joan den hamarkadan berriro irakurri nuen esaera hori prentsan. El Diario Vasco egunkariak elkarrizketa egin zion euskal aktore bati. Elkarrizketa mota hori maiztasun handiz argitaratzen zuen hedabideak. Testuaren bukaeran bazegoen galdera bat, kazetariak sarri errepikatzen zuena: «Vascos: ¿tiene remedio lo nuestro?». Tolerantzia, errespetua, bakea eta abar aipatzen zituzten elkarrizketatu askok erantzunetan. Egun hura iritsi arte. Galdera entzun, eta «no, y ni puta falta que hace», erantzun zuen aktoreak, kopla horrekin nazka-nazka eginda zegoela adierazi nahian edo.

Euskaldunok erremediorik ez badugu, zer esan espainiarrei buruz? Espainiarrenak ba al du erremediorik? Euskal arazoa, arazo katalana aipatzen dira, baina arazoa espainiarra balitz? Zer gertatu da Espainian hainbestetan aldarrikatutako batasuna guztiz ezartzeko eta kohesio nazionala lortzeko modurik ez egoteko? Batasun sakratua Errege-erregina Katolikoen garaietatik datorrela esaten dute batzuek; beste batzuen ustez, Don Pelayo delakoaren erreinua da mugarria. Viriato ikur duenik ere bada -esan diezaietela portugaldarrei Viriato espainiarra zela-. Edonola ere, Espainiak ez du lortu katalanen eta euskaldunen sentimendu nazionala itotzea. Ez bakean, ez gerran. Alde horretatik, porrot eginiko estatua da Espainia.

Katalunian gertatzen ari dena porrot horren azken adibidea da. Eta argiena. Azken 40 urteotan Espainiak izan duen krisirik larriena dugu. Mariano Rajoyk demokrazia eta Konstituzioa errespetatzeko eskatu du behin eta berriz. Hala ere, denok dakigu goreneko legea nola erredaktatu zen, zer baldintza eta mehatxuz. Urteak pasatu eta gero azaldu digute nola gutunazal bat heldu zen gela batean testu konstituzionala adosten ari ziren pertsonengana; nola sobrearen barruan militarrek idatzitako agindua zegoen. Konstituzioak argi eta garbi utzi behar zuen Espainiaren batasuna haien esku zegoela. Bestela, akabo jolasa. Diktaduraren zutabeak izan ziren militar frankisten idazkiak ez zuen dibortzioa, abortua edo alderdi komunista ez legeztatzeko eskatzen, haietako asko muturreko katolikoak eta komunismoaren kontrako gurutzatuak baziren ere. Berdin zien horrek guztiak. Kontu bakarra zuten buruan: kaudilloak amestutako batasunari eustea, bortxaz izanda ere. Bitxia da orain, berrogei urte pasatu ostean, alderdi batzuek, eta ez soilik PP neofrankistak, hori kontuan ez izatea Espainiako erregimenari buruz ari direnean. Militarrek inposatutako ordenamendu juridikoa sendotu eta betikotu egiten du haien jarrerak.

Kataluniako erreferendumak ez dituela gutxieneko baldintza demokratikoak betetzen diote. Bozketan parte ez hartzeko deia egin diete Espainiako hainbat intelektualek katalanei. Zergatik ez zuten eskatu iazko hauteskundeetan botorik ez emateko Espainiaren menpeko nazioei hitza eman nahi ez zieten alderdiei? Hori ahalbidetzeko Konstituzioa aldatzea proposatzen ez duten alderdiak baztertzeko eskatuko dute intelektual horiek etorkizuneko bozetan?

Biharko hautetsontziak made in China, plastikozkoak eta bost eurokoak direla diote. Eta? Askatasuna aldarrikatzeko bada, horiek nahiago Bohemiako kristalaz eginikoak baino, azken hauek preso atxikitzen bagaituzte frankistek marraztutako konstituzioaren hesien barruan. Kontsentua behar dela errepikatzen dute. Zer erantzungo diegu, ba? Kontsentsua badago, ederto. Kontsentsurik ez badago, badakizue: ni p… falta que hace.

BERRIAn argitaratua (2017/09/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA