astekaria 2017/09/22
arrowItzuli

kultura

Hamaika ikusteko leihoa

Gorka Erostarbe

Hamaika ikusteko leihoa

Urteak dira Donostiako Zinemaldia egun batez laburtu arren programazio, sail eta aukerak asko zabalduz joan dela; horrenbeste, ezen ia ezinezkoa egiten baita bertan dagoen guztiaren berri izatea, edota jarraipen osoa egitea. Aurten, orotara, 213 film ikusi ahal izango da gaur hasi eta irailaren 30era bitartean Zinemaldian. Sail Ofizialean, 25 film ikusi ahal izango dira; haietako 18 ariko dira lehian. Sail Ofizialean emango dute Handia euskarazko filma, Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendua. 2014an Loreak eta 2015ean Amama izan ziren euskarazko filmak. Iaz ez zen euskarazkorik izan. Zinemira sailean lehiatuko da Iñigo Garciaren Bi txirula, eta Zabaltegin emango dute Koldo Almandozen Plágan, besteak beste.

1. 'ALANIS'

Zuzendaria: Anahi Berneri .

Iraupena: 82 min.

Herrialdea: Argentina.

Saila: Ofiziala (lehiaketan).

Alanis prostituzioan aritzen da. Haurtxo bat du, eta bere lagun Giselarekin partekatzen du bizilekua. Han hartzen ditu bere bezeroak ere, baina, egun batean, bi polizia inspektorek etxea itxi, eta Gisela eramango dute, emakumeen salerosketa egotzita. Alanisek ahaleginak egingo ditu bere duintasuna berreskuratu, bere lagunari lagundu eta bere semea zaintzeko. Kalean eskainiko du berak egiten dakiena, baina kaleak bere arauak ditu, eta Alanisek bere lekua aurkitzeko borrokatu egin beharko du.

Un año sin amor filmarekin egin zuen debuta Anahi Berneri zinemagile argentinarrak (Martinez, 1975). Sari ugari eskuratu zituen, eta bai AEBetan eta bai Europan erakutsi eta zabaldu zuten filma. Ondoren filmatu zituen Encarnación (2007), Por tu culpa (2010) eta Al aire libre (2010), guztiak ere gai sozialak emakumeen ikuspegitik landuz. Sail Ofizialeko lehian ariko da Alanis.

2. 'HANDIA'

Zuzendaria: Aitor Arregi eta

Jon Garaño.

Iraupena: 114 min.

Herrialdea: Euskal Herria.

Saila: Ofiziala (lehiaketan).

Loreak lanarekin ez zuten sari nagusirik eskuratu Moriarti ekoiztetxeko lagunek, baina kritikaren eta publikoaren harrera onak filmari aupada handia eman zion. Esperientzia errepikatu nahiko lukete Aitor Arregi eta Jon Garaño zuzendariek Handia filmarekin. Altzoko erraldoian oinarrituriko filma da, baina biopic-a izateaz harago doana. Lehen Karlistaldian borrokatu ostean, Altzoko (Gipuzkoa) bere etxera itzuliko da Martin, eta, han, harrituta, bere anaia gazte Joakin ohikoa baino askoz ere handiagoa dela ohartuko da. Mundu osoak Lurreko gizon handiena ikusteko ordaindu nahi izango duelakoan, bi anaiek bidaia luze bati ekingo diote Europan zehar. Bidean, anbizioak, diruak eta ospeak betiko aldatuko dute familiaren patua. Benetako gertakarietan oinarritutako istorioa da.

3. 'HAPPY END'

Zuzendaria: Michael Haneke.

Iraupena: 110 min.

Herrialdea: Austria.

Saila: Perlak.

Aspalditxo bihurtu zen Europaren dekadentziaren erretratugile gordin Michael Haneke zuzendaria. Oraingoan, Europako burges familia baten bizitzaren bat-bateko argazkia osatu du. Haren filmografiari erreparatuta, Happy End izenburuak iradoki dezake guztiz kontrakoa izango dela. Cannesko zinema jaialdian izan zen, eta iritzi kontrajarriak sortu zituen. Oso aldekoak zein kontrakoak. Batzuentzat ariketa handinahi ponpoxo hutsa dena, besteentzat konplexutasun handiko misteriozko pieza itoa da. Argi dagoena da Laurent familiako kide bakoitzak ezinegon itogarri bat transmititzeko bere alea jartzen duela.

4. 'MOTHER!'

Zuzendaria: Darren Aronofsky.

Iraupena: 120 min.

Herrialdea: AEBak.

Saila: Perlak.

Ikus-entzuleak eta zinema adituak ere kolpatu zituen Darren Aronofsky estatubatuarrak Mother! bere azken filmarekin Veneziako zinema jaialdian aurkeztu zuenean. «Desatsegina den horren festa surrealista eta sinfonikoki zoroa», idatzi zuen Robbie Collin The Daily Telegraph egunkari ingeleseko kritikariak. Beste kritikari askoren iritzian, ez da kontatzen duena garrantzitsuena film horretan, baizik eta zein modu bortitz eta asaldagarrian kontatzen duen baizik.

Bikote baten harremana proban jarriko da ustekabeko gonbidatu batzuk etxera iritsi eta haien bizitza lasaian sartzen direnean. Maitasunari, debozioari eta sakrifizioari buruzko thriller psikologikoa da besteak beste Requiem for a Dream (2000), The Wrestler (2008) eta Black Swan (2010) filmen egileak zuzendu duen azkena.

5. 'THE FLORIDA PROJECT'

Zuzendaria: Sean Baker.

Iraupena: 115 min.

Herrialdea: AEBak.

Saila: Perlak.

The Florida Project-ek sei urteko Moonee neskato azkarraren eta haren molde askotako lagunen istorioa kontatzen du. Haurren udako oporrak abenturaz eta bihurrikeriez beteta daude; inguruko helduek, aldiz, garai zailak bizi dituzte. Ameriketako Estatu Batuetan, bizileku iraunkorra ziurtatu ezin dutenentzat azken babesleku bihurtu dira motel merkeak. Gero eta gehiago dira behartsu ikusezin horiek AEBetan, eta horietatik %41 aterpea emango dien bizitoki bat izateko egunero borrokan ari diren familiek osatzen dute. Istorio hau Orlandoko aldirietan dago girotua; parke tematikoen eta turistaguneen lurraldea zeharkatzen duen errepidearen luzera osoan, bere garaian Disneyren mistika ustiatuz turistak erakartzen zituzten motel merkeek etxerik gabeko familiak hartzen dituzte gaur egun. Halako batean bizi dira Moonee eta haren ama Halley, 22 urtekoa.

Cannesko zinema jaialdian aurkeztu zuten, eta laudorioak jaso ditu han-hemenka. AEBetako erretratu gordin bat gehiago, Sean Baker estatubatuarrak zuzendua.

7. 'TESTRöL éS LéLEKRöL

/ ON BODY AND SOUL'

Zuzendaria: Ildiko Enyedi.

Iraupena: 116.

Herrialdea: Hungaria.

Saila: Perlak.

Bi pertsona barnerakoik, kasualitatez, gauero amets berberak dituztela jakingo dute. Gertakari horrek harrituta eta izututa utziko ditu; hala, kasualitate bitxi hori onartzeko erabakia hartu, eta ametsetako esperientziak bizitza errealean berregiten saiatuko dira. Zeregin zaila izango da; izan ere, zenbat eta gehiago saiatu, orduan eta urrunago dirudi xedeak. Hala eta guztiz ere, saio baldar horiek barruan dituzten mugak apurtuko dizkiete, eta elkarrekin bat eginik amaituko dute.

Berlingo zinema jaialdian aurkeztu, eta film onenaren Urrezko Hartza saria eskuratu zuen Ildiko Enyedi zuzendari hungariarraren (1955) zortzigarren filmak. Kritikarietako batzuentzat bi mundu lanbrotsuren arteko fabula leun bat dakar filmak.

7. 'THE SQUARE'

Zuzendaria: Ruben Ostlund.

Iraupena: 142 min.

Herrialdea: Suedia.

Saila: Zabaltegi.

Christian aita dibortziatua da, eta gustuko du denbora bi alabei ematea. Programatzailea da arte garaikideko museo batean; auto elektrikoa duten eta kausa gizatiar handiak babesten dituzten pertsona horietako bat da. Bere hurrengo erakusketa prestatzen ari da: The Square, bisitariak altruismora bultzatzen dituen eta beren kideekiko dituzten betebeharrak gogorarazten dizkien instalazio bati buruzkoa. Baina, batzuetan, zaila da norberaren balioei jarraikiz bizitzea: Christiani sakelako telefonoa lapurtuko diote, eta bere erreakzioak ez du ondo utziko preseski: erreakzioa ustekabekoa da erabat, eta krisi existentzial batean murgilduko du Christian. Cannesko Urrezko Palma irabazi du aurten Ruben Ostlundek The Square lanarekin. DonostiakoTabakalera Arte Garaikideko Zentroan ziklo bat eskaini zioten Ostlundi, 2015ean, eta Tabakaleran bertan ikusi ahal izango da The Square lana, gaiaren eta lekuaren arteko sinbiosi egokia sortuz.

8. '12 JOURS / 12 DAYS'

Zuzendaria: Raymond Depardon.

Iraupena: 88 min.

Herrialdea: Frantzia.

Saila: Zabaltegi.

Urtero, Frantzian, 92.000 lagun baino gehiago sartzen dituzte zentro psikiatrikoetan beren baimenik gabe. Legearen arabera, ospitaleak hamabi egun ditu pazientea epailearen aurrean jartzeko. Osasun txostenean eta sendagile baten gomendioetan oinarrituta, funtsezko erabakia hartu behar da: pazienteak joan ala geratu behar du? Hamabi egun dira, eta, horiek igarotakoan, betiko alda daiteke bizitza. Raymond Depardon zuzendari eta argazkilari prestigiotsuak entzunaldi horietara sartzeko aukera izan du, lehenbiziko aldiz, eta justiziaren eta psikiatriaren arteko elkargune berezi horiek jaso ditu. Film harrigarri eta argigarria da, eta hitza ematen die orain arte ez zutenei.

Raymond Depardon (1942) frantses argazkilari eta zuzendari entzutetsua da. Hogei film luze dokumental zuzendu, eta berrogeita hamarretik gora argazki-liburu argitaratu ditu. Gamma agentziaren sortzaileetako bat da, baita Magnum agentziako argazkilaria ere; kazetari grafiko gisa, nazioarteko gertakari garrantzitsuenetako zenbaiten berri eman du. 1991n, Frantziako Argazkilaritza Sari Nagusia eman zioten. Bitan irabazi du dokumental onenaren Cesar saria: lehenbizi, Reporters (1981) obrarengatik, eta Délits Flagrants (1994) filmari esker ondoren. Bere azken lanen artean, La vie moderne (2008), Journal de France (2012) eta Les habitants (2016) daude.

9. 'BI TXIRULA'

Zuzendaria: Iñigo Garcia

Arrizabalaga.

Iraupena: 85 min.

Herrialdea: Euskal Herria.

Saila: Zinemira.

Bi gizon oinez doaz. Ihesi. Hainbat paisaia igaroko dituzte lurralde lasaiago eta epelago baten bila. Txori migratzaileak bezala. Bi txirula bidaia bat da. Bizirik irauteko egin beharrekoaz gain —janaria bildu, lo egin, babesa bilatu...—, bizitzaz eta bestelako mundu baten aukeraz hausnartzeko denbora ematen duen bidaia harrigarri eta argigarria da, eta hitza ematen die orain arte ez zutenei.

Lanbidez arkitekto, eta afizioz musikari, Iñigo Garcia Arrizabalagaren (Zumaia, Gipuzkoa, 1976) jardun artistikoa ikus-entzunezkoen munduarekin lotuta egon da nagusiki. 2003an, bere lehen film laburra zuzendu zuen, La caja de la persiana, eta, geroztik, hainbat proiektu gauzatu ditu. Horietatik hiru, 4 (2004), Berde (2007) eta Andarika, kilker eta emakumeei buruzko gogoetak (2008) film laburrak, Jose Luis Barredo zuzendarikidearekin egin ditu. Gainera, Clark eta Boris (2009), Errusia (2011) eta Big Boy dokumentala (2014) film laburrak ere zuzendu ditu. Big Boy musika taldeko kidea ere bada.

10. 'LOS PERROS'

Zuzendaria: Marcela Said.

Iraupena: 94 min.

Herrialdea: Txile.

Saila: Zinemira.

Mariana Txileko gizarte maila altuko emakume bat da, 42 urtekoa. Arte galeria bat zuzentzen eta zaldi gainean ibiltzen ikasten ematen ditu egunak. Zaldiketako irakaslea, Juan, bera baino 20 urte zaharragoa, zalditeriako ofizial ohia da; El Coronel ezizenez ezaguna, ikerketapean dago Txileko diktadura garaiko giza eskubideen abusuak direla eta. Bere irakasle misteriotsuarekin maitasun-harreman bat hasten duenean, sare konplexu batean nahastuta amaituko du Marianak. Bere aitaren eta ikertuaren arteko harreman estuaren berri duenean, ihes egiteari uko egingo dio.

Marcela Saidek (Santiago, Txile, 1972) Estetika titulua atera zuen Txileko Unibertsitate Katolikoan, eta, 1998an, hedabideetako hizkuntza teknikoari eta ikus-entzunezkoari buruzko masterra egin zuen Parisko Sorbonan. Bere lehen dokumentala, Valparaíso, 1999an filmatu zuen; jarraian, Pathek ekoitzitako I Love Pinochet (2001) sari asko irabazitakoa, Opus Dei. Una cruzada silenciosa (2006) eta El mocito (2011) zuzendu zituen. 2013an, bere lehen fikzio film luzea zuzendu zuen: El verano de los peces voladores, Cannesko Zinemaldian parte hartu zuena. Los perros Cannesko Kritikaren Astean aurkeztu zuen.

BERRIAn argitaratua (2017/09/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA