astekaria 2017/09/22
arrowItzuli

kultura

Pantaila txikitik handira

Maialen Unanue

Pantaila txikitik handira

Interneten aroan ia dena gertatzen den bezala gertatu da streaming bidez emititzen dituzten telesailekin ere: denbora gutxian izugarri hedatu dira —ordainpeko telebista kateetan ere ematen dituzte—. Edozein gailutan ikusteko ekoiztuak izan arren, pantaila handira ere iritsi dira, eta euren txokoa egiten ari dira, pixkanaka, zinema jaialdietan. Donostiako 65. Zinemaldian, esaterako, bi telesail emango dituzte aurten: Alberto Rodriguezen eta Rafael Cobosen La Peste Sail Ofizialean, lehiatik kanpo, eta Juan Cavestanyren eta Alvaro Fernandez Armeroren Vergüenza Zabaltegin, lehian. Lehenengo aldia izango da telesail bat lehian arituko dena Zinemaldian, Sail Ofizialean ez bada ere.

Ez da gaurko kontua: badira bospasei urte zinema jaialdietan ematen hasi zirenez geroztik. Zinemaldian bertan, esaterako, 2012an pantailaratu zuten lehenengoz formatu horretako lan bat, Maialen Beloki Zinemaldiko hautaketa batzordeko kideak gogoratu duenez: Oliver Stoneren The Untold History of the United States, hain zuzen. Ordutik gehiago ere izan dira, Bruno Dumonten P'tit Quinquin minisaila esaterako; Belokik ez dudarik, hemendik aurrera ere hainbat emango dituzte Zinemaldiko sailetan.

Nazioarteko jaialdietan, Sundance izan zen urratsa egiten lehenengoetarikoa: Jane Campionen Top of the Lake-n lehenengo denboraldi osoa proiektatu zuen 2013an —ez zuen atentzio handirik jaso, Sundance Channelek ekoiztu baitzuen—. Cannesko jaialdian izan da ezustekoa aurten: 25 urteren ondoren, David Lynchen Twin Peaks-en itzulera eta Top of the Lake-n bigarren denboraldia estreinatu dituzte. Biak sail nagusian, eta biak lehiaz kanpo. «Sail Ofizialean lehiatzea zaila izaten da, kapitulu bat film itxi bat bezala irudikatzea zaila baita ikuslearentzat: aukera bakarra telesail osoa botatzea da, Vergüenza-ren kasuan bezala», azaldu du Belokik.

2014an Dumonten P'tit Quinquin bertan estreinatu arren, telesailei ateak irekitzen azkena izatea egotzi izan diote Cannesko jaialdiari. Aipatzekoa da, gainera, pelikula moduan proiektatu zutela Dumonten lana, gero jatorrian sortua izan zen bezala banatu zuten arren, minisail gisa. Campionen eta Lynchen lanak jaialdian ematea onartu dute bi autoreak ohikoak direlako Cannesen, Thierry Fremaux zuzendariak azaldu duenez. Biek irabazi dute Urrezko Palma: 1990ean Lynchek —Wild at Heart-ekin— eta 1993an Campionek —The Piano-rekin; jaialdiaren 70 urteetan sari hori irabazi duen emakume bakarra da—.

Gaur egun, zinema jaialdi entzutetsu guztietan proiektatzen dituzte telesailak. Badira formatu horretan ekoitzitako lanentzat aparteko atalak sortu dituztenak jaialdiaren barruan: Berlinale, Toronto eta Austingo South by Southwest, esaterako. Sundancekoak 2018an estreinatuko du Indie Episodic. Cannes izango da, ordea, urrats bat harago egingo duena datorren urtean: jaialdi propioa izango dute telesailek, Cannes Series izenekoa.

Belokiren esanetan, Donostiako Zinemaldian ez da halakorik gertatuko oraingoz, aterik itxi ez duten arren: «Ez daukagu horretarako intentziorik, baina gaur egun telebistan egiten ari diren telesailak oso interesgarriak dira, eta prest gaude Donostiako Zinemaldiko edozein sailetan sartzeko». Bat egiten dute Belokiren hitzek Jose Luis Rebordinosek jaialdiaren aurkezpenean esandakoekin: «Ezer ez da aldaezina». Izan ere, ikus-entzunezkoen panorama aldatzen ari da, eta horrek ezinbestean eragiten die jaialdiei, eta bakoitzak bere bidea topatzeko beharraz jardun zuen: «Bakoitzak bere izaera du, industriari lotua, talentu berriei lotua, hizkuntza edo lurralde batzuei lotua».

Ekoiztetxeen itzala

Begien bistakoa da: nazioartean sona duten zinema jaialdiak abiapuntu ezin hobeak dira filmentzat zein telesailentzat. «Zinema jaialdiek fokua jartzen dute, eta jar dezakete lan jakin baten gainean: horrek sustapenean lagun diezaioke», azaldu du Belokik. Lehenengo urratsa alderantzizkoa izan zela uste du, hala ere, Iratxe Fresneda EHUko irakasleak: «Telesailek publikoa dutelako ematen dira jaialdietan, eta ez alderantziz: publiko desberdina —eta agian gaztea— erakartzeko aukera izan daiteke».

Ez da kasualitatea, ordea, ekoiztetxe handiak egotea jaialdietan estreinatu diren telesail horien atzean —pelikulak ere ekoizten eta banatzen dituzte; Netflixena da azkenetako kasu bat, Our souls at night filma eta Suburra telesaila eraman zituen Veneziako jaialdira—. Hurrengo urtean abiatuko den Cannes Series egingo dute, besteak beste, Canal+ek babestu duelako. Aurten Donostiako Zinemaldian emango dituzten bi telesailak Movistar+enak dira. HBO eta Amazon erraldoiek ere bide hori hartua dute. Merkatuari begira egindako eragiketa dela uste du Fresnedak. «Ingurura so besterik ez dugu egin behar ohartzeko zer-nolako harrera duten telesailek». Ez du «epaitu» nahi telesailak zinema jaialdietan emateko hautua, baina pelikulen alde egingo luke berak: «Kontuan izanda zenbat zinema ekoizten den, lehentasuna emango nieke, baina uler dezaket zergatik programatu ditzaketen zinemaldiek telesailak: sarrera ekonomikoak, publikoa, ikusgarritasuna...».

Pantaila handira iristen diren telesailen kalitatea nabarmendu ohi da. Zenbait jaialditan, pelikulek baino zeresan handiagoa eman dutela esan izan da —hala gertatu zen Mr. Robot-ekin South by Southwesten 2015ean; publikoaren saria lortu zuen—. Ez du alde handirik ikusten Fresnedak, bi formatuen artean: «Badaude telesail bikainak, eta badaude erdipurdiko filmak, eta alderantziz. Formatuak ez du markatzen lan baten kalitatea». Belokiren ustez, David Lynchek Twin Peaks-ekin jada erakutsi zuen kalitatezko telesailak egin zitezkeela duela 25 urte. Eta, «gaur egungo kontua ez bada ere», ezustekoa izan zuela onartu du Belokik: «Sorpresa handia jaso genuen kalitate handiko telesailak egiten hasi zirenean: pentsatzen genuen telebista beste mota bateko produktuentzako zela, eta, bat-batean, historian oso garrantzitsuak izan diren telesailak agertu ziren».

Istorio bat kontatzeko zuzendariek behar desberdinak izaten dituzte, eta ikus-entzunezkoen iraupenarekin lotura zuzena du horrek, Belokiren ustez. Haren esanetan, formatuak hautsi dira: «Telesail luzeak daude, minisailak, film luzeak, film luzeak atalka banatuak... Formatuen hauste hori interesgarria da ikusleentzat; azken batean, istorio desberdinak aurkitu ditzaketelako modu desberdinetara kontatuta».

Telesailek pantaila txikitik handira egin duten bitartean, badira handitik txikira bidea egin duten zinemagile eta aktore ezagunak. Nicole Kidman (Top of the Lake, Big Little Lies), Viola Davis (How to Get Away with Murder), Susan Sarandon (Feud: Bette and Joan), Jude Law eta Diane Keaton(The Young Pope) eta Kevin Spacey (House of Cards) dira aktoreetako batzuk. Zinemagileen artean daude Woody Allen (Crisis in Six Scenes), Alejandro Gonzalez Iñarritu (The One Percent) eta Guillermo del Toro (The Strain), kasurako.

Fresnedak ez du uste telesailak eta pelikulak lehiakideak direnik: «Elkarbizitza posible da». Iritzi berekoa da Beloki, bi formatuen kontsumitzailea izanik: jendearen bizitzan «tarte desberdinak» okupatzen dituztela uste du: «Zinemara joatea, oraindik ere, plan bat izan daiteke: erritualtasun bat dauka, eta telesailen kontsumoa beste era batekoa da».

BERRIAn argitaratua (2017/09/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA