astekaria 2017/09/22
arrowItzuli

kirola

OSCAR CADIACH

«Beldurrik ez bagenu, dagoeneko hilda geundeke»

Unai Ugartemendia

«Beldurrik ez bagenu, dagoeneko hilda geundeke»

Himalaiaren historiara pasatu zen Oscar Cadiach (Bartzelona, 1952) uztailaren 27an, Broad Peak igo eta gero (8.051 metro). Hura izan da hamalau zortzimilakoak osatu dituen gizonik zaharrena, 64 urterekin. Ia 33 urte pasatu ditu lehen zortzimilakotik azkenekora, 1984ko Nanga Parbatetik 2017ko Broad Peakera. Oxigeno artifizialik gabe igo dituen lehen kataluniarra ere izan da, gainera: Ferran Latorrek maiatzaren 27an Everest igo zuen eta hamalaukoa osatu, baina oxigeno artifiziala erabili zuen igoeran. Urteak aurrera doazen arren, ez du gelditzeko asmorik. Goi mendietako gidaria da.

Nola hasi zinen mendian?

Ez zen kasualitate bat izan. Nire aita itsasontzi bateko kapitaina zen. Bertan berrogei urte igaro zituen alde batetik bestera. Nire amak ez zuen nahi inondik inora nik aitaren ofizio berean amaitzea, eta, 6 urterekin, mendira irteerak egiten zituen talde batean eman zuen nire izena. Geroago, 9 urterekin, eskaut talde batean hasi nintzen. Orduan konturatu nintzen mendia oso gustuko nuela. 11 urterekin, bi lagunekin mendira irteerak egiten hasi nintzen, eta, 14 urterekin, eskalatzen. 20rekin, eskalada klaseak ematen nituen, eta. 32 urterekin. goi mendietako gidari lanetan hasi nintzen, gaur egun arte.

11 urterekin bi lagunekin mendira irteerak egiten? Gaur egun ezingo zenuke.

Bai, bai. Bere garaian nire alabek proposatu izan balidate, ez dakit zer egingo nukeen. Eskerrak ez zidaten inoiz eskatu ! Edozein egunetan trena hartzen genuen, oinez kilometro dezente egin, herrixka txiki batera iritsi, bertan aterpetxean lo egiteko giltza bat hartu, lo egin, eta hurrengo egunean lautada handi bat zeharkatu eta beste herrixka batean berriro itzulerako trena hartzen genuen, bueltan Tarragonara iristeko. Egia da beste garai batzuk zirela eta askoz ere jende gutxiago ibiltzen zela. Gu, ordurako, maparekin eta iparrorratzarekin ibiltzen ginen, ikaragarri gustatzen zitzaigun.

Gogoan al duzu igotako lehen mendia?

Altuera pixka bat zuen lehen mendia Puigmal izan zen [Girona, Herrialde Katalanak, 2.913 metro]. 11 urte nituen artean. Igoera bukatutakoan, han dagoen laku bat zeharkatu nuen igerian, eta gogoan dut itzuleran zorabiatu egin nintzela, ura oraindik oso hotza zegoelako. Ekainaren amaiera zela uste dut. Urte batzuk geroago, neguan, telebistako programa baterako errepikatu nuen, hori bai, neoprenoa jantzita. Mendira itzulita, ez da hain azkar 11 urterekin halako mendi batera igotzea, kontuan harturik gaur egun 6 edo 7 urterekin ume asko 3.000 metroko mendietara joaten direla gurasoekin.

32 urte behar izan dituzu hamalau zortzimilakoak osatzeko. Nola izan ziren lehen lehen espedizioak?

Himalaiara lehenbizikoz 1981ean egin nuen jauzi. 1982an eta 1983an, Everestera [8.848 metro] joan nintzen: batean 8.300 metroan eta bestean 8.500ean gelditu nintzen. 1984an, Nanga Parbateko gailurrera [8.125 metro] igotzea lortu nuen, Diamir isurialdean bide berri bat ireki eta gero. Zazpi egunetako ibilaldia izan zen, alpetar estiloan. 1985ean, lehen aldiz igo nuen Everest. Oxigenorik gabe egindako gailurra izan zen. Niretzat oso garrantzitsua izan zen modu horretan egitea.

2001etik 2011ra, hamar urte pasatu zenituen zortzimilakorik igo gabe. Zergatik izan zen geldialdi hura?

Berez, ez zen geldialdi bat izan. Garai hartan, goi mendiko irakasle lanetan aritu nintzen Pia eskolan, Manel de la Mattarekin batera. Handik mila ikasle baino gehiago pasatu ziren, mendiko gidari izateko, eskaladako irakasle izateko... Hala ere, ez nituen espedizioak albo batera utzi. Ez nuen zortzimilakorik igo, baina tartean alabarekin saiakera bat egin nuen Manaslun [8.163 metro]. Bidean hartutako erabaki txar batengatik ez genuen igo. 2011n hasi nintzen berriro ere zortzimilakoetan. Orduan igo ez banu, agian ez nuen gainerakoekin jarraituko. Argi nuena zera zen, ez nuela denbora askoan luzatuko, lau edo bost urtean osatu nahi nituen.

Hamar urte eta gero, 57 urterekin berriro ere zortzimilako bat igo zenuenean, imaginatzen al zenuen zeure burua hamalauak osatzen?

Bai, ez banu pentsatu, ez nituen igoko. Argi nuen osatu nitzakeela, beste gauza bat zen ahalko nuen. Une txar batzuk izan ditut bidean, baina beste kasu askotan dena oso ondo atera zait. Alde horretatik, zorte pixka bat izan dut.

Historiara pasatu zara orain gutxi. Zure garaiko jendeak asko goraipatzen ditu zailtasun handia zuten zure eskaladak. Horrek erakartzen al zintuen?

Bai, niri beti gustatu izan zaizkit berritasunak. Alpinismoari zer eman geniezaiokeen pentsatzean, beti horrelako gauzak bururatzen zitzaizkidan. Eskalada bide berriak, eremu zailak, bide berrien garapena... Ni beti moldatu izan naiz ondo mendian. Ondo aklimatatzen naiz, eta, ahal fisikoari dagokionez, azken muturreraino eraman izan ditut nire alde izan ditudan ezaugarriak. Hala ere, denborarekin konturatu nintzen bide berriak egiteko edo gauza ezberdinak egiteko aurrekontu bikoitza behar zela. Horrelako gauzak egiten hasi aurretik, jendeari erakutsi beharra neukan zortzimilako batzuk eginak nituela, gero haiek babes ekonomikoa eman ziezadaten.

Mendian ere lagun handiak galdutakoa zara. Zein izan da kolperik handiena?

2004an, K2 mendian[8.611 metro], Manel de la Mattaren heriotza. Oso kolpe gogorra izan zen niretzat.

Alpetar estiloaren bultzatzaileetariko bat izan zara betidanik.

Hala da. Betidanik asko erakarri izan nau horrela igotzeak. Hala ere, bide berriek askotan atzera itzuli beharra ekartzen dute, asko ikasten da porrotetatik.

Hamalau zortzimilakoak osatu dituzu oxigenorik gabe. Argi izan al duzu beti horrela izan behar zuela?

Uste dut denetan garrantzitsuena bakoitzaren pentsamoldea dela. Reinhold Messnerrek, gu guztion aitzindariak, argi utzi zuen oxigenorik erabili gabe egin zitezkeela. Uste dut, alde horretatik, edozein alpinistarentzat ohore bat behar lukeela oxigenorik erabili gabe zortzimilako bat igotzeak. Hori da nire motibazioa. Esaterako, Everest iparretik eta hegotik igo dut, eta bietan ez nuen ezeren beharrik izan. Filosofia bat dela esan dezaket.

Kritikoa al zara erabiltzen dutenekin?

Mediku arazo batengatik baldin bada, zuzena iruditzen zait bertan edukitzea, edozer gauza gerta baitaiteke, betiere bere bizitza salbatzeko baldin bada. Hala ere, botila bakoitzak bost edo sei kilo pisatzen ditu, sei edo zortzi ordurako balio du, eta askotan erregulatzaileak huts egin dezake. Zertarako hartu hainbesteko lanak? Gainera, jendea behar da horiek igotzeko, agian bi botila edo gehiago beharko zenituzke... Oxigeno botilak show bihurtu dituzte zortzimilako askotan. Behin baino gehiagotan, botila horiek maldan behera erori izan dira, norbait jo dute buruan, eta, kolpearen ondorioz, jendea hil da.

Prestakuntza on batekin saihestu al daiteke oxigenoa zortzimilakoetan?

Prestakuntza on batekin bai, baina pentsamolde egoki batekin batera. Sufritzen jakin behar da, aklimatazio on bat egin behar da, eta gauzak oso argi izan behar dira altueran. Kontuan eduki behar dugu buruak ez duela berdin erantzuten oxigeno gutxi dagoen lekuan.

Everest mendiarekin oso erlazio berezia izan omen duzu.

Egia da. 9 urterekin, ondo irakurtzen ikasteko, gurasoek liburu bat oparitu zidaten, Everesteko konkista. Han, Malloryren eta Irvingen irudiak ateratzen ziren. Gerora, nik Malloryren rola jokatu nuen Espainiako Telebistako Al filo de lo imposible programararako. Alberto Zerain lagunak jokatu zuen Irvingen rola. Bestalde, Everestera hegoaldetik egindako espedizio batean, Sir Edmund Hillary bera izan zen espedizio hartako ohorezko nagusia. Niretzat, amets bat betetzea bezalakoa izan zen hura.

Azken espedizioan 24 ordu igaro zenituen ezer edan gabe. Nola da posible holako egoera batean?

Bueno, agian ez ziren 24 ordu izan, baina bai. Arratsaldeko zazpietan atera ginen goruntz, eta gaueko hamaikak arte zerbait edateko aukera izan genuen. Gutxira, prestatuta generaman edaria izoztu egin zen gu konturatzerako. Suarekin likido hura urtzen saiatu nintzen, baina altuera horietan sukaldeak berak ere oxigeno asko behar du, eta ez genuen aukerarik izan. Ezinezkoa zen elurra urtzea, eta, nola ahala, aurrera egin beharra geneukan. Beste behin, K2n ere antzeko zerbait gertatu zitzaidan. Dena galduta zegoela zirudien arren, gailurrera igotzea lortu nuen oxigenorik gabe. Orduan bai, 27 ordu igaro nituen ezer edan gabe. Hau ere entrenatu beharra izaten da.

Zer da beldurra zuretzat?

Oso gauza garrantzitsua da beldurra. Beldurrik ez bagenu, dagoeneko hilda geundeke. Edozein errepide pasatuko genuke beldurrik ez bagenu, eta edozein autok aurretik eramango gintuzke. Beldurra izateak gizakia baretu egiten du, askoz gehiago pentsatzera eramaten du. Mendietan arreta handiagoa jartzea lortzen du beldurrak.

64 urterekin amaitu duzu hamalau zortzimilakoen erronka. Zure atzetik Carlos Soria espainiarra ari da hamalau zortzimilakoak osatu nahian, 78 urterekin. Adinak zenbateko garrantzia du mendian?

Nik ez diot hainbesteko garrantzirik ematen. Garrantzitsuena motibatuta egotea eta ondo pasatzea da. Egindako erronken oroitzapen txarra bagenu, ez ginateke berriro mendira itzuliko. Baina ez da nire kasua. Oso oroitzapen onak ditut, eta hori da indarra ematen didana. Matterhormetik itzuli berri naiz, eta orain Salenques aldera noa. Egia da aspaldi honetan nire ogibidea hori dela. Pentsa, hamazazpi zortzimilako egindakoa naiz, zortzimilakoen 37 espediziotan parte hartu dut eta 67 espedizio ezberdinetan egon naiz mundu guztian zehar. Zerbait bada.

Zure urteekin, nola agurtzen duzu familia espedizio batera irten aurretik?

Ez da erraza izaten. Egia esan, berezitasunik gabeko agurrak izaten dira. Hala ere, orain gutxi ezbehar txiki bat gertatu zitzaidan irteera batean, eta alabak bere gertukoei esan omen zien oraingo honetatik ez nintzela irtengo. Hitz horiek oso barnera sartu zitzaizkidan, eta zer pentsatu handia eman zidaten.

Belaunaldi asko ezagutu dituzu mendian. Zer iritzi duzu orain zortzimilakoetan gailurrak erlojuaren kontra igotzen saiatzen direnez?

Argi esan behar dena zera da: edozein zortzimilako igotzeko, aurretik aklimatazio on bat egin behar dela, esaterako Kilian Jornetek egin zuen moduan. Everesta igo aurretik Cho Oyun ibili zen egun askotan, eta horrelako gauzek ere asko batzen dute. Eskerrak inork ezin duen etxetik irten eta korrika zortzimilako bat igo!

Erretiroa hartzera al zoaz?

Edozein egunetan [barreak]. Ez, txantxak aparte, egun hauetan Salenqueseko ertzean ibiliko naiz lagun talde batekin, gero Cervinora noa, baita Kenya mendira ere, gero zazpimilako batera ere bai... Ikusten duzun moduan, zaila ikusten dut denbora batean erretiroa hartzea.

Zerekin amesten duzu?

Gaur egun biltzen nauen zoriontasun honekin, eta denbora baterako, izan dezakedan zorterik onena eskatzen dut. Eta gauza bera opa dizuet mendian ibiltzen zareten guztioi.

BERRIAn argitaratua (2017/09/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA