astekaria 2017/09/22
arrowItzuli

gizartea

Zaharrago, kontserbadoreago?

Samara Velte

Zaharrago, kontserbadoreago?

Kontinente zaharra inoiz baino zaharragoa bihurtzen ari da. 2050erako, Europako Batasuneko hiru herritarretatik batek 65 urte edo gehiago izango ditu, eta Euskal Herria ez da salbuespena: 2030erako, gehiago izango dira 85 urtetik gorakoak, 10 urtetik beherakoak baino. Euskal Herria jada Europako batezbestekoaren aurretik doa zahartze prozesuan, Gaindegiaren ikerketa baten arabera. Adibide batekin alderatzearren, Alemanian altuxeagoa da 65 urtez gorakoen proportzioa (%20,8 dira han; %20,4, Euskal Herrian), baina «aurreikuspenen arabera datozen hamar urteotan Euskal Herriak distantzia laburtu eta Alemania gaindi dezake». Nafarroan jada 65 urtetik gorako 116 pertsona daude 16 urtetik beherako ehun pertsonako; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 145.

Aldaketa demografiko handia gertatzen ari da oso epe laburrean. Auzia sarri aztertu eta eztabaidatu izan da ikuspegi ekonomikotik —langile gazteen eskasiak pentsioetan izango lukeen eragina, esaterako—, baina oraindik ikertzeko daude haren eragin kultural, sozial eta politikoetako asko. AEBetako Open Society Foundationek —George Soros inbertitzaileak sortutako fundazioak— eta Bartzelonako CCCB kultura garaikideko zentroak alderdi horietako zenbaiti buruzko ikerketa proiektua abiatu dute: Ageing Democracies (Zahartuz doazen demokraziak). Hainbat jarduera esparrutako eta Europa osoko lau kidek —bi akademikok, argazkilari batek eta dokumentalgile batek— zahartzaroari buruzko euren ikuspegia jaso dute bertan, eta, bidez batez, geroz eta handiagoa den sektore sozial horri buruzko mito batzuk hausten ahalegindu dira.

«Politikoki» zahartzea

Uste zabaldua da, esaterako, pertsona helduak kontserbadoreagoak direla euren jokabide politikoetan. Kolektibo manipulagarri, beldurti eta berekoi gisa erretratatzen dira maiz, eta horrela azaldu ohi dira Europan goraka egiten ari diren eskuin muturreko zenbait fenomeno. Iaz, Erresuma Batuan brexit-ak erreferenduma irabazi zuenean, askok 65 urtetik gorakoei egotzi zieten horren errua, adin talde horrek nagusiki banaketaren alde bozkatu zuelako. «Garapen politiko erreakzionario, autoritario edo disgustagarrien errua helduei leporatzea ia erreflexuzkoa da», diote proiektuaren egileek: «Adinean oinarritutako aurreiritzien azpian, sakon errotutako uste bat dago: jendea, denborarekin, naturaz erreakzionarioago bihurtzen doala». Argudiatzen dutenez, ordea, uste horrek ez dauka oinarririk datuetan: Herbehereetan eta Frantzian, gazteek bozkatu izan dute gehien eskuin muturra.

Adinekoak geroz eta gehiago diren arren, eta gazteak geroz eta gutxiago, azken horien araberako iruditeria kulturala da nagusi: «Iragarkietatik hasi eta zinemaraino, ikus-entzunezkoetan gaztetasuna parekatzen da betirako edertasunarekin». Pertsona zaharren beharrei erreparatu ordez, gazteen erritmoei jarraitzeko exijitzen zaie maiz. Egiaz, geroz eta aukera gehiago daude, gune batzuetan, gaztaroko bizimodua luzatzeko. Nolanahi ere, okerra da zahar guztiak zaku berean sartzea, Achim Goerres Ageing Democracies proiektuko kide eta Duisburgeko (Alemania) zientzia politikorako institutuko ikerlariaren ustez: «Gaur egun, zaharrek osasun hobea dute oro har. Baina horrek ez du denentzat balio, desberdintasunak ere geroz eta handiagoak direlako. Goi mailako hezkuntza, diru sarrera handiagoak eta ondasunak dauzkan pertsona bat hobeto zahartzen da baliabide gutxiago dauzkan bat baino». Finean, gazteen arteko desberdintasun berberek eragiten diete adinekoei, eta jokabide politikoak ere banaketa horien arabera aldatzen dira. Ikerketaren arabera, sarrera apalenak dauzkaten adinekoen artean, %79k babesten dute ondasunen banaketa parekideagoa; berriz, diru sarrera handiak dauzkatenen artean, %62k baino ez. Parte hartze politikoa ere handiagoa da baliabide gehiago dauzkaten helduen artean; haiek bihurtzen dira, sarri, zahartzaroaren irudi publiko. «Nola zahartzen garen auzi erabat politikoa da», ondorioztatu dute ikerketan: «Ez gara berdintasunez zahartzen: gure bizitzako baldintza ekonomiko eta sozialek baldintzatzen dute».

Iritzi politikoak baldintzatzen dituen beste faktore nagusia jaiotze garaia delakoan da Goerres: «Belaunaldi bakoitzak bizi izan duenak talde osoari eragiten dio, eta zahartzarora eramaten dute. Espainian oso nabarmena da frankismoan sozializatutako belaunaldiaren eta hurrengoaren arteko desberdintasuna». Brexit-a ere horrela azaltzen du: «60 urtetik gorakoek ezagutu zuten Europako nazio-estatuen garaia, eta prestasun handiagoa zeukaten hura berriz bizitzeko. Gazteek ez dakite zer den».

Goerresen ustez, bereizi behar dira kontserbadurismo kulturala eta politikoa. «Kulturalki gertatzen zaigu Europa norabide aurrerakoi eta ezkertiarrago baterantz doala; esate baterako, homosexualitatea onartuta. Belaunaldi bakoitzak bere garaian nagusi zen ideala irudikatzen duenez, adinekoak oraintxe kontserbadoreagoak dira kulturalki. Baina alderdi ekonomikoan alderantzizkoa da gizartearen joera, eskuineranzkoa: estatu gutxiago, merkatuaren erregulazio gutxiago, eta abar. Ondorioz, Europako gizarte askotan helduak progresistagoak dira ekonomikoki, gazteak baino».

Fenomeno berriak

Proiektuaren beste zutarrietako bat Maja Daniels argazkilari suediarra da. Soziologoa da ikasketaz, baina irudia erabiltzen du «zahartzaroaren politika» behatzeko; alzheimerrean eta prozesu demografikoetan jarri ohi du arreta. Ageing Democracies ikerketan parte hartzeko proposatu ziotenenean, Suediako landa guneko herrixken arazoei erreparatzen ari zitzaien: «Komunitate horiek jendea galtzen ari dira urtez urte. Herritarrek etengabe erabaki behar dute goi mailako hezkuntza nahi duten —eta alde egin—, edo bertan geratu. Ihesaldiak eskualdeko kulturan eta tradizioetan daukan eragina aztertzen ari nintzen». Horretan ari zela, errefuxiatuen krisia iritsi zen, eta Ekialde Hurbileko dozenaka iheslari heldu ziren herrixkotara. Lehenbiziko aldiz, biztanleria hazten hasi zen. «Gehienak gizonezkoak eta gazteak ziren, lan egiteko adinekoak, eta udalek mantendu nahi zituzten». Suedian, ordea, arazo handia dago etxebizitzekin: «Udalek ezin diete lekurik eskaini; eta, aldi berean, ehunka pertsona bizi dira bakar-bakarrik etxe erraldoietan».

Horietako batean, elkarrekin bizitzen hasitako 87 urteko suediar baten eta 20 urteko iheslari afganiar baten berri izan zuen, eta bere ikerketaren protagonista bihurtu zituen. Lehenak, Barbro izeneko emakumeak, ez zuen sekula iheslaririk ikusi aurretik; bigarrena, Taimaz izeneko mutila, adingabe bakarti gisa heldu zen Afganistandik. «Eman lezakeenaz beste, asko dute komunean», uste du Danielsek: «Kalitatezko denbora asko eskaintzen diote elkarri, eta horrek laguntzen die bakoitzak bizi duen bestetasunari aurre egiten». Kanpotarra zein zaharra, biak sentitzen baitira maiz gizartearen korrontetik bakartuta; etorkizunerako harreman eredutzat ditu Danielsek. «Pentsatu ohi dugu jendeak soilik bere kulturako eta bere adinekoekin integratu nahi duela, baina belaunaldien arteko harremanen potentzialaz ahazten gara».

BERRIAn argitaratua (2017/09/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA