astekaria 2017/09/22
arrowItzuli

ekonomia

Ontziolen erronkak, itsaso bete

Jon Fernandez

Ontziolen erronkak, itsaso bete

Hilabeteak, asteak eta egunak pasatu ahala, Navalenak naufragio baten gero eta itxura handiagoa du; edo, gutxienez, ur gainean jitoan, noraezean doan itsasontzi erraldoi batena. Sestaoko ontziolaren gainbeherak, nolanahi ere, talka egiten du, ezinbestean, Euskal Herriko Itsas Foroak joan den uztailean sektoreaz egindako argazki positiboarekin. Iragarri zuen aurten sektorearen fakturazioa %2,5 handituko dela, eta beste horrenbeste igoko dela enplegua ere. Komeni da, beraz, Navalen gainean jarritako zooma zabaltzea eta begiratzea sektoreari modu zabalagoan: Euskal Herrian, Europan eta munduan.

Krisi aurretik bezala, Asiako hiru erraldoiek jarraitzen dute jaun eta jabe negozioan -Txinak, Hego Koreak eta Japoniak-, eta Europako sektoreak munduko eskari zorroaren %10 baino ez dauka. Horregatik, merkatu kuotari eusteko, eta Asiako eskulan merkeari aurre egiteko, Bruselaren helburua da puntako teknologiadun ontzioletan espezializatzea.

Edonola ere, sektoreko argazkiaren markoa zabaltzeko ahaleginean, Itsas Foroak ez du BERRIA-rekin hitz egin nahi izan. Sektoreko konpainien klusterrak argudiatu du, Naval hartzekodunen konkurtsoan sartzeko atakan egonik, ez duela berbarik egingo prentsarekin. Duela bi hilabetekoa da Itsas Foroak egindako azken analisi publikoa -hartzekodunen konkurtsoaren aurrekoan zegoen ordurako Naval-, eta mezu baikorra eman zuen. Iazko fakturazioa 2015ekoa baino %3,5 handiagoa izan zen (3.754,7 milioi euro), eta aurten are gehiago haziko da: %2,5 gehiago. Eta fakturazioaren erritmo berean egingo du gora enpleguak ere 2017an.

Euskal ontziolak eskaera zorroa betea izatea da hain aurreikuspen baikorraren arrazoietako bat. Aurten euskal ontziolek hiru kontratu berri lortu dituzte, eta, guztira, hemeretzi itsasontzi dauzkate zorroan: hamar Zamakonak (Pasaia eta Santurtzi), lau Muruetak (Erandio eta Murueta), lau Navalek (Sestao) eta bakarra Balentziagak (Zumaia). Sestaoko ontziolak, hain justu, izan, badu lana esku artean, baina langile batzordeak eta Eusko Jaurlaritzak kiebrarako bidea hartu izanaren errua azken urteetako kudeaketa txarrari egotzi diote, eta ahal baino lan karga handiagoa hartzeari.

Nolanahi ere, Itsas Foroaren arabera, euskal ontziolek jakin dute zulotik ateratzen, egoerari buelta ematen, «espezializazioaren bidez, internalizazioaren bidez eta dibertsifikazioaren bidez». Izan ere, hiru krisiri egin diote aurre: 2008ko krisiak eragindako eskari jaitsierari, tax lease auziari, eta 2016 kaskarrari -petrolioaren merkatzeak zuzenean eragin zion ontzigintzari, petrolioaren eta gasaren industriari bezala-. Bereziki gogorra izan zen tax lease finantzaketa sistemagatik Bruselak jarritako zigorra: bi urtez hutsik geratu ziren euskal ontziolen nasak. Baina 2014an finantzaketa sistema berria sartu zen indarrean, eta bueltatu ziren eskariak. Gainera, 2015ean Luxenburgok bertan behera laga zuen isuna.

Asiako erraldoiak

Herbehereek salatu zuten Espainiaren tax lease sistema, estatuko laguntza gehiegi zutelakoan eta lehia desleiala egiten zuelakoan. Gaur egun, hala ere, Espainiako ontziolen eskari zorroa Herbehereetakoena baino handiagoa da. Baina badira estatu kideen arteko lehiak sortutako ur nahasiak arrantzarako aprobetxatu dituztenak: Alemania, esaterako, Europako ontzigintzako potentzia handi bihurtu da. Ez ditu horrenbeste itsasontzi lan zorroan (26), baina inguruko herrialdeetan baino itsasontzi handiagoak egiten dituzte bertako ontzioletan, tona gehiagokoak.

Komeni da, dena den, bakoitzaren indarrak neurrian jartzea. Ontziolen munduko merkatuari erreparatuz gero, lehen begi kolpean ikusten da Asiaren nagusitasuna: iaz Txinako, Hego Koreako eta Japoniako ontziolek zeukaten munduko eskari zorroaren ia %80. Europakoek, aldiz, %10 pasatxo baino ez zeukaten.

Asiaren nagusitasuna ez da kontu berria ontzigintzan. 2008ko krisia baino lehen ere antzera banatuta zegoen merkatua. 2007an, adibidez, eskari zorroen %9,4 zeukaten europarrek, eta %78,5 asiarrek. Mende hasieratik 2008ra arte nabarmen igo ziren ontzien eskaera zorroa eta urteroko eskari berriena munduan, baina hondoratu egin ziren 2012ra bitartean. 2013az geroztik, gorako joera hartu zuen zorroak, baina iaz nabarmen jaitsi zen, eskari berriak asko jaitsi zirelako, petrolioaren prezioaren ondorioz.

Defentsaren pisua

Nagusitasuna Asiak izan arren, Sea Europe klusterrak azpimarratu du sektorea oraindik «oso aktiboa, berritzailea eta arrakastatsua» dela, eta nabarmendu du zeintzuk diren europarren erronka nagusiak: «Besteak beste, merkataritzaren protekzionismo gero eta handiagoa, eta Asiako estatuek euren ontziolei ematen dieten laguntza masiboa».

Sea Europeren arabera, bereziki tentuz hartzekoa da sektorearentzat eta EBrentzat «Txinak daukan anbizio oldarkorra», zeinak 2025erako lider bihurtu nahi baitu puntako teknologiadun itsasontzi handien eta goi teknologiadun ekipamenduen arloan. Hain justu, Pekinek iragarri du 2021ean itsasoratuko duela herrialdean egindako lehenengo luxuzko gurutzontzi turistikoa. Ia 5.000 bidaiari hartuko ditu, eta Titanic famatua baino hiru aldiz handiagoa izango da. Itsasontzi handien merkatua irensten ari dira Asiako hiru handiak.

Europan dardarka daude, haien nagusitasuna kolokan jar baitezake Txinak datozen urteetan. Izan ere, gaur-gaurkoz, Alemaniak, Finlandiak, Frantziak eta Italiak egiten dituzte luxuzko gurutzontzi turistikoen ia %80.

Ontziolen sektorean, edozelan ere, berebiziko garrantzia du ontzigintza militarrak. Hala aitortzen du Europako Batzordeak sektorearen hiru helburu nagusiak zeintzuk diren zehazterakoan: merkataritzarako itsasontzi handiagoak egitea, itsasoko energia eolikoan (offshore energia) indartzea, eta itsasontzi militarrak eraikitzea.

Besteak beste, industria militarrari eusteko dauzkate parte hartze handiak estatuek sektorean: bai Txinak, baina bai EBko estatuek ere. Joan den uztailean, esaterako, talka egon zen Parisen eta Erromaren artean Bretainiako ontziola handiaren inguruan, Sant-Nazerko STXren inguruan (Chantiers de l'Atlantique ohia). Parisek nazionalizatu egin zuen ontziola, Italiako Fincatieriren kontrolpean gera ez zedin -Erromako gobernua da haren jabea-. Defentsako kooperazioaz hitz egin arren, estatu bakoitzak eutsi egin nahi dio ontzigintza militarraren pastelaren bere zatiari.

BERRIAn argitaratua (2017/09/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA