astekaria 2017/09/22
arrowItzuli

ekonomia

Pedalkada lagundua abiada hartzen ari da

Irune Lasa

Pedalkada lagundua abiada hartzen ari da

Ez dira berriak; urteak dira bizikleta elektrikoak merkatuan daudela. Baina orain hamar urte zerbait aldatzen hasi zen. Litiozko bateriak, motor eraginkorragoak, material berriak... Aldapak igotzeko apropos-aproposak ziren pedalkada lagunduko bizikleta elektrikoak egingarriak ziren jada.

Hori ikusi zuen, adibidez, Gasteizko BH markaren jabeetako batek, Jose Luis Beistegik. «AEBetara egindako bidaia batean ikusi zituen, eta etorkizuna hortik joango zela ondorioztatu zuen», gogoratu du Alvaro Olasolo BHko komunikazio arduradunak.

Apustua ondo atera zitzaion BHri: bizikleta elektrikoak egiten aurrenetakoa izan zen Europan, eta, gaur egun, salmenten zati ederra dauka Europa mendebaldeko hainbat merkatutan. Beste askoren antzera, hasieran motorra atzeko gurpilean zuten bizikletak egiten zituen BHk, egokiak hirietan erabiltzeko. Horiek izan dira bizikleta elektrikoetan nagusi oraintsu arte.

Motorra erdian daukaten bizikletak iritsi diren arte. Horrek mendirako erabilera errazten du, eta kiroletarako erabilera horretatik etorri da bizikleta elektrikoen bultzada handia.«Haibike marka alemaniarra Bosch motorrak pedalier kaxan sartzen hasi zen duela zortzi-bederatzi urte. Horiek gustatu zaizkio jendeari», azaldu du Marta Zapaterok.

Oiartzun Bike dendan bizikletak saltzen hogeitaka urte daramatza Zapaterok. Haren ustez, Euskal Herrian oraindik oso urrun gaude bizikleta elektrikoak Europan duen arrakastatik. Baina gauzak aldatzen ari dira. Hirian ibiltzeko bizikleten hazkundea nahiko lineala izaten ari den arren, elektrikoen olatu handia mendiko bizikleten salmentan dator. «Azken urte eta erdian antzeman dut nik igoera, eta mendiko bizikletekin etorri da».

BHk berak ere erdiko motordun bizikletak nahiko azkar sartu zituen bere katalogoan. Honezkero, bere fakturazioaren erdia hartzen dute bizikleta elektrikoek, eta zenbait herrialdetan askoz elektriko gehiago saltzen ditu mekaniko hutsak baino. «Egia da aitzindariak izateak merkatu kuota handia edukitzea erraztu digula ere. Dena dela, orain lehiakide guztiak hasi dira elektrikoak egiten».

Nork erosten du, bada, mendiko bizikleta elektriko bat? Pako Prieto Oiartzun Bikeko gerenteak azaltzen duenez, «bizikleta elektrikoak kirola egiten jarraitzeko aukera ematen dio lesio batengatik, gaixotasun batengatik edota adinarengatik bestela aukerarik izango ez duenari. Zapatero lankideak beste erosle mota batzuk ere ikusi ditu. Adibidez, mendiko txirrindulari talde bateko kideetako batek bizikleta erosita, hura probatu eta eurentzako beste baten bila datozenak: «Elektrikoa erosi zuen lehenari barre egiten zioten jende horiek gero elektrikoak erosten ikusi ditut nik. Bata bestearen atzetik datoz, eta inoiz egindako inbertsio onena dela esaten dute». BHren arabera, Alemaniakoa bezalako merkatu heldu batean ere adin eta mota guztietako jendeak erosten ditu bizikleta elektrikoak, « baita 20 urteko gazteek ere».

Jon Fernandezek Orbeako zuzendari gerentearen ustez, «produktu honekin erabilera asko demokratizatzen da. Bestelakoan bizikletan arituko ez litzatekeen jendeari aukera zabaltzen diozu». Orbearen fakturazioaren %12 jada bizikleta elektrikoetatik dator, eta saltzen dituzte bizikleta elektrikoen %90 mendikoak dira. Fernandezen aburuz, halako bizikletek kirola egiteko beste modu bat eskaintzen dute. «Pentsa, adin jakin batekin jada ez zaizula komeni 150 bihotz taupadatik gora ibiltzea, hobe dela kirola denbora gehiagoz egitea, taupada erritmo txikiagoarekin. Hori egiteko aukera ematen dute».

Errepiderakoak

Euskal Herrian mendiko bizikletekin batera, tradizioz errepidekoak dira nagusi kirolzaleen artean. Baina, azken horietan, motorizazio elektrikoak ez du tokirik izan orain arte. Horretan zerikusi zuzena du bizikleta elektrikoaren izaerak berak: horrelako bizikletek Europan gehienez 250 watteko potentzia eta orduko 25 kilometroko abiadura izan ditzakete. Hortik gora motozikletak edo bestelakoak dira, eta gidabaimena behar dute ibiltzeko.

Errepideko txirrindularitzan, ordekan aise gainditzen dira orduko 25 kilometroak, eta BHko Olasolok dioen moduan, pedalkadaren laguntza etetean hogei kilo inguruko bizikleta mugitu beharko luke txirrindulariak. Eragozpen handia, beraz.

Kirolari batek pedalkada lagundua izatea gaizki ikusia egotea ere bada eragozpena, bai errepideko bizikletetarako baita mendikoetarako ere. Ahoan bilorik gabe azaldu du hori Prietok: «Izan ere, herri honetan profesional hutsak gara guztiok, bizikletak izan behar du sufritzeko, izerditzeko... Masokista samarrak gara. Jakina, zuk hilabeteak daramatzazu egunero entrenatzen, sufritzen... Eta bakerotan doan batek aurreratzen zaituela ikustean... Agian, pentsatu beharko luke pertsona horrek ezinbestez ibili behar duela elektrikoan».

Orbeako Fernandez ere uste berekoa da: «Bizikleta elektrikoa erabiltzeko balazta izan daiteke hari buruzko pertzepzioa, haren erabiltzaileak ez direla nahikoa kirolzaleak, sendoak. Likrazko elastikoarekin eta depilatuta ibiltzen garenontzat badirudi ez dela zilegi bizikleta elektrikoan ibiltzea. Horrek aldatu beharko luke. Erabiltzaileek jakin behar dute bizikletan ibiltzeko beste modu bat dela, besterik ez».

Ikuspegi oker hori handiagoa da errepideko txirrindularien artean, Marta Zapaterok azaldu duenez. «Erreparo gehiago dituzte, klasikoagoak dira. Iruzurra egiten dutela esateak mina egiten die. Nahi dute, baina... Hor kostako da, bateria eta motorra erabat ezkutatuta iritsi arte, behintzat».

Eta, hain zuzen, Orbeak behar hutsune horiek bete nahi ditu: errepiderako bizikleta arinak —13 kilokoak— egiten hasi da, bateria eta motor ikusezinekin. «Bateria tutuaren barnean eta motorra pedalierrean beharrean atzeko gurpilaren abatzean doanez, piñoiekin eta disko frenoarekin ez da ikusten. Errepidean zoazenean, inork ez du antzematen bizikleta elektrikoa denik».

Prezioa

1.500 eurotik gorako bizikletak izaten dira elektrikoak, eta horrek ere mugatzen du salmenten hazkundea. «Jendeak kalkuluak egin behar ditu, ea merezi dion», dio Prietok. Salneurriak, adibidez, eragin zuzena du hirirako bizikleten salmentan. Europan asko saltzen dira, baina hemen hiria da arazoa. «Ezin duzu horrelako bizikleta bat kalean utzi edozein modutan; bizikleta mekanikoak nola lapurtzen dituzten ikusita... Bidegorri asko izanagatik ere, segurtasun arazo bat eta espazio arazo bat daukagu. Iparralderago hiriak askoz prestatuagoak daude bizikletentzat, aparkaleku publiko seguruak dituzte... Hemen ez bezala».

BERRIAn argitaratua (2017/09/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA