astekaria 2017/09/22
arrowItzuli

gizartea

Arma merkatua garden bihurtzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari

Ibai Maruri Bilbao

Arma merkatua garden bihurtzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari

Armagintza sektorean salerosketak «gardentasunik gabe» egiten direla salatu dute Amnesty International, Oxfam Intermon, FundiPau eta Greenpeace gobernuz kanpoko erakundeen Espainiako ordezkaritzek. Horregatik, «ezkutukeria» baztertzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari. «Kontrol bako» merkatua dela ohartarazi dute. Bilboko Itsasadarra itsas museoan kairatuta dagoen Greenpeacen Esperanza itsasontzian Armak kontrolpean izeneko txostena aurkeztu zuten atzo lau erakundeek.

Egoera azaltzeko, adibide argi bat erabili dute. Aurtengo martxoaren 13an, Bilboko Portuan, suhiltzaile batek uko egin zion Saudi Arabiara lehergaiak eroan behar zituen ontzi baten itsasoratzean parte hartzeari —gerora, suhiltzailea zigortu egin zuten erabaki harengatik—. Bahri Jeddah zen zamaontzia, eta Expal Systems S A enpresak Burgosen (Espainia) duen fabrikan egindako artilleria munizioa zegoen barruan. Hala jakin zen Bizkaitik armak esportatzen zirela. Ondoren, oposizioko alderdiek Espainiako Kongresuan gobernuari galdetuta eta hedabideek ikertuta lortu da gaur egun ezagutzen den informazio apurra.

Besteak beste, 2016ko urritik 2017ko uztailera Bilbotik Saudi Arabiara lehergaiak zeramaten 312 edukiontzi atera direla aitortu du Espainiako Merkataritza Estatu Idazkaritzak. Ez da ezagutzen zehatz-mehatz zer zegoen barruan. Ez dakite Estatuko Portuak izeneko erakundeak kudeatzen duen beste porturen batetik armarik esportatzen den: susmoak badituzte, baina ezin izan dute oraingoz baieztatu.

Armak salerosteko baimena Espainiako Gobernuaren Ministerio arteko batzorde batek ematen du. Hark hartutako erabakiak 1968ko Espainiako Estatu Sekretuen Legeak babesten ditu. Horregatik da hain zaila armagintza merkatuan zer gertatzen den jakitea. EAJk legea erreformatzea proposatu du, baina PPk eta Ciudadanosek blokeatuta daukate. Lau GKE horiek eskatu dute legearen erreformaren eztabaida ahalik eta arinen baimentzeko.

Alberto Estevez da lau erakundeen kanpainaren koordinatzailea. Haren esanetan, Saudi Arabiak, «seguruenik», Yemenen erabiliko ditu Espainiako armagintzak saltzen dizkion armak. Eta gogora ekarri du herrialde hartan gerra krimenak egiten ari direla, zibilei airetik erasota. «Saudi Arabiari armak salduta, hark Yemenen egiten dituen gerra krimenetan kolaboratzaile eta nolabaiteko erantzule bihurtzen da Espainia», ohartarazi du.

Era berean, salatu du Saudi Arabiari eta tankerako herrialdeei armak salduta, Espainiako, Europako Batasuneko eta nazioarteko legedia urratzen dela. Izan ere, arau horiek guztiek debekatu egiten dute gizateriaren aurkako krimenak egiteko armak saltzea. «Espainiak kontrolatzen al du saldutako armak nora doazen, nork jasotzen dituen eta non erabiliko dituen? Ba al daki gobernuak ez dituztela Yemenen erabiliko? Seguru dago ez dela gerra krimenetan kolaboratzaile?». Espainiako Arma Salerosketarako Legea 2010ekoa da. Hori ere berritu behar dela iruditzen zaie, urteotan egoera aldatu delako.

Besteak beste, armagintza sektorearen indarra aldatu egin da. FundiPauko Jordi Armadansek azaldu du salerosketaren bolumena laukoiztu egin dela hamar urtean. 2006an, Espainiako arma fabrikek 900 milioi euroko balioa zuen materiala saldu zuten; 2016an, berriz, 4.000 milioi euroren salmentak egin zituzten. Krisi ekonomikoak batere eragin ez dion sektore bakarrenetakoa dela berretsi du. Eta gogora ekarri du Pedro Morenes, aurreko Defentsa ministroa, bereziki «sutsu» ibili zela armagintza enpresentzako merkatu berriak aurkitzen, eta bera ere ministro izan aurretik sektorean lan egindakoa zela.

Armen ondorioak

Saldutako arma horiek eragindakoa agerian uzteko ere aprobetxatu dute agerraldia. NBE Nazio Batuen Erakundeak zabaldutako datuen arabera, 2015ean Yemenen gatazka hasi zenetik, 5.144 zibil hil dituzte. Gerrak dagoeneko 8.749 zauritu utzi ditu. Oxfan Intermoneko Jose Maria Verak azaldu du hemeretzi milioi yemendar daudela giza laguntzaren premian: «Gure erakundeko kideek azaltzen digute zer-nolako zailtasunak dituzten laguntza hori herrialdera helarazteko. Armak, ostera, erraz-erraz iristen dira».

Datu adierazgarri bat ere eman du: Espainiako armagintzak 650 milioi euroko balioa duten armak saldu dizkio Saudi Arabiari, 2015ean gatazka hasi zenetik; gobernuak, berriz, 700.000 euroko giza laguntza baino ez du bidali. «Espainia armekin negozioa egiteko baino ez da gogoratzen Yemengo herritarrekin».

BERRIAn argitaratua (2017/09/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA