astekaria 2015/11/27
arrowItzuli

kirola

ASIER ILLARRAMENDI. REALEKO JOKALARIA

«Inbidia sentitzen nuen Reala Txapeldunen Ligan ikustean»

Jon Eskudero

«Inbidia sentitzen nuen Reala Txapeldunen Ligan ikustean»

«Etxean bezala» dago Realean Asier Illarramendi (Mutriku, Gipuzkoa, 1990). Bi denboraldi Real Madrilen egin ondoren, berriro ere pozik dabil Zubietako egunerokoan. Besteak beste, ez baitu lanik izan egokitzen. Badaki taldeak ez duela espero bezalako sasoi hasiera izan, baina gora egiteko sekretu bakarra aipatu du: «Guztiok bat eginda egotea». Eta uste du taldeko giroak horretan laguntzen duela. «Ni neu, gozatzen ari naiz lagun artean, eta hori zelaian antzeman egiten da». Bihar, ordea, ezingo ditu lagundu taldekideak Bartzelonaren aurka, Camp Noun, partida bateko zigorra bete behar baitu.

Asteburuan jokatu ezin duzula jakinda, astean zehar berdin lan egiten al duzue jokalariok?

Gure jarrera berdina da. Kasu honetan, nik ezingo dut jokatu Bartzelonan, baina beti bezain serio entrenatu naiz. Dena den, atzo partida bat antolatu zuen entrenatzaileak, eta ni kanpoan utzi ninduen, lagun gehiegi ginelako. Aldaketa txiki batzuk egon daitezke, baina gutxi. Profesionalak gara, eta egunero serio lan egiten dugu.

Oraingoz, pozik al zaude egiten ari zaren lanarekin?

Arlo pertsonalean, bai. Minutu guztiak jokatzen ari naiz, eta ezin kexa naiteke. Real Madriletik ateratzean horixe zen nire helburua: ahalik eta gehien jokatzea. Beraz, pozik nago. Baina lortzen ari garen emaitzak ez dira onak. Orain arte egin dugun lanari erreparatuta, ikusi da ez dela aski izan, eta geure burua gehiago estutu beharra daukagu. Baikorra naiz. Realak gora egingo du aurrerantzean.

Bidean geratu dena David Moyes da. Zergatik ez du funtzionatu Realak harekin?

Auskalo. Jakingo bagenu zergatik izan den ez ginateke hain behean sailkatuta egongo. Jokalarion inplikazioa erabatekoa izan da, baina gaizki atera zaizkigu gauzak. Eta, kirolean oro har gertatzen den moduan, entrenatzaileak ordaindu du. Erantzukizuna jokalariona da. Orain bat eginda egon behar dugu aurrera egiteko.

Zer moduzko harremana zenuten Moyesekin?

Ona. Saiatzen ginen haren ideiak zelaian aurrera eramaten, baina, nonbait, ez genuen asmatzen. Kargutik kendu zutenean, gu agurtzera etorri zen, eta pena handiz zegoen. Ilusioa zeukan jarraitzeko. Zorterik onena opa zigun, eta guk berari ere bai.

Orain, Eusebio Sacristanekin, badirudi zu izango zarela taldeko iparrorratza. Prest al zaude lan horretarako?

Oraindik partida bakarra jokatu dugu Eusebioren aginduetara, eta zehazki ez dakit zeintzuk diren haren asmoak. Sevillaren aurka irabazi beharra genuen, konfiantza berreskuratzeko, eta horretan jarri genuen arreta gehienbat. Goiz da ondorioak ateratzeko. Pertsonalki, hitz egin dut entrenatzailearekin. Jokalari guztiok hitz egin dugu. Esan digu zer espero duen bakoitzarengandik, eta orain haren ideietara egokitu behar dugu, pixkanaka-pixkanaka. Jokalarion artean ere hitz egiten dugu sistemez eta halakoez.

Garbi al duzue zertara jokatu behar duzuen?

Bai, oso garbi. Lehenengo egunetik ongi azaldu dizkigu ideiak Eusebiok. Oso bizi jokatzea gustatzen zaio, presioa goian egitea, gero baloia oinetan izan eta lasai jokatu. Automatismo horiek barneratzen ari gara. Denbora igaro ahala hobetuz joatea espero dugu. Jokalarion esku dago guztia. Sasoi hasiera ez da ona izan. Inork ez zuen uste hain behean egongo ginenik. Eta, orain, lan egitea da sekretua. Realak gorago egoteko moduko taldea dauka, horretan ez dago dudarik.

Ez zaizu asko kostatu Realera egokitzea.

Batere ez. Bi urtez egon naiz kanpoan, baina harremana ia taldekide guztiekin mantendu dut. Pentsa, oporretara ere joan izan naiz batekin baino gehiagorekin. Bazkaltzeko eta beste ere sarritan geratzen ginen. Hamar urtez egon nintzen Realean, eta dena ongi ezagutzen nuen. Orain, itzultzean, berdin topatu dut guztia. Betirako lagunak ditut taldean, eta hori igarri egiten da zelaian. Zubieta da nire etxea.

Zer eman dizute Real Madrilen egindako bi denboraldiek?

Gauza asko. Minutuak edukitzea oso garesti zegoen han, baina entrenatzen orduak egin nituen munduko jokalari onenekin. Eta bada zerbait. Nahiz eta asko jokatu ez, egunero saiatzen nintzen zerbait ikasten, eta esperientzia aberasgarria izan da. Bai kirol arloari begira, baita arlo pertsonalean ere. Hori bai, bistakoa zen jokatzeko aukera gutxi nuela, eta horregatik atera nahi izan nuen handik.

Joan zinena baino jokalari hobea itzuli al zara?

Ez dakit zer erantzun. Horri erantzutea akaso ez dago nire esku bakarrik. Denetariko iritziak egongo dira. Real Madrilen, lehenengo denboraldian, dezente jokatu nuen, nahiko ondo. Bigarren sasoian, ordea, gutxiago jokatu nuen. Lesio larririk ez dut izan, eta erabateko gorakadan sentitu dut neure burua. Beraz, uste dut jokalari hobea naizela orain, nahiz eta segida asko ez izan Real Madrilen.

Joan, Reala Txapeldunen Ligara sailkatu zenean joan zinen. Telebistaz ikusiko zenituen, bada, partidak?

Bai, noski. Eta inbidia sentitzen nuen. Niri ere gustatuko zitzaidan lehiaketa horretan elastiko txuri-urdinarekin parte hartzea. Gainera, aurreko denboraldian eginiko lan onaren saria zen. Baina ez zen posible izan. Kanpora joan nintzen, eta orain pentsatu beharra daukat ea beste aukerarik sortzen zaigun Realarekin Txapeldunen Ligan aritzeko.

Zaila izan al zen Reala uzteko erabakia?

Bai, baina ez dago atzera bueltarik. Gertatu zen, eta kito.

Real Madrilen garbi esan al zizuten ez zutela zurekin kontatzen?

Denboraldi-aurrearen hasieran esan zidan entrenatzaileak kontatzen zuela nirekin. Baina gero lesio txiki bat eduki nuen, eta partida batzuk ez nituen jokatu. Horrez gain, beste jokalari bat ekarri zuten nire posturako: Kovacic. Sumatzen nuen ateak ixten ari zitzaizkidala. Entrenatzailearekin hitz egin nuen, eta garbi esan zidan gustura zegoela nire lanarekin, baina zail izango nuela minutuak edukitzea. Eta orduan ohartu nintzen handik ateratzea nuela onena. Udako azken egunak ziren, eta Reala agertu zen orduan. Ez nuen dudarik izan. Zorionez, negoziazioak azkar joan ziren, eta etxera itzuli nintzen.

Jokin Aperribai Realeko presidenteak beti agertu izan du zuganako interes handia.

Egia da, eta esker oneko nago. Realak fitxatuko ote ninduen zurrumurruak azkar zabaldu ziren, eta, orduan, Realeko jokalariak-eta mezuak bidaltzen hasi zitzaizkidan. Burbuila horretatik aparte egoten saiatu nintzen, baina ez zen erraza izan. Azkenean, guztion nahia bete zen, eta Realean nago orain. Real Madrilek ere ez zuen arazorik jarri ni Donostira etor nendin.

Uste al zenuen hain azkar itzuliko zinela Realera?

Talde batetik joaten zarenean, sekula ez dakizu zer gertatuko den etorkizunean. Futbolean, gaurkotasunak agintzen du, eta momentua bizitzea da egin daitekeen gauzarik onena. Agurrean esan nuen ez zela adio bat, gero arte bat baizik, garbi bainuen noizbait Realera itzuliko nintzela. Ez nuen espero hain azkar izango zenik, baina orain oso pozik nago, eta gozatu egin nahi dut.

Ez zen izango Realarena eskaintza bakarra.

Realaren eskaintza mahai gainean jarri zidatenean, ez nuen bi aldiz pentsatu beharrik izan. 5 urte nituenetik Reala animatzen aritu izan naiz. Zubietan urteak igaro ditut, eta gure taldeko zale bat gehiago naiz ni ere. Real Madrilen ateak ixten ari zitzaizkidala eta, Realaren interesak ilusioa egin zidan, eta nahi nuen tokian nago. Nire lagunen ondoan, eta nire familiaren babesean. Nahiko erabaki erraza izan zen.

Hain gazterik Real Madriletik Realera igarota, baten batek esango du atzerapausoa eman duzula.

Nik ez dut hala pentsatzen. Guztia futbola da, eta, batean ez bada bestean, futbolari sentitzen naiz. Garbi dago ni ere gusturago sentituko nintzela Real Madrilen gauzak hobeki joan izan balitzaizkit, baina ez da hala izan. Toki bikainean nago: Realean. Eta taldearekin batera, nik ere hazten jarraitzeko aukera daukat.

Zergatik ez zenuen funtzionatu Real Madrilen? Buelta asko eman dizkiozu buruari?

Ez gehiegi. Bizitzan badira gauzak hobeto zein okerrago atera daitezkeenak, eta nire egonaldia ez zen espero bezain ongi joan. Baina hori iragana da, eta ez dut horretan gehiegi pentsatu nahi. Ahazten ahaleginduko naiz, eta orainaz gozatzen. Futbolean, bizitzan bezala, orainak balio du.

Presio pertsonalik sentitzen al zenuen?

Han presioa edukitzea normala da. Partida guztiak irabazteko beharra dauka taldeak, eta presioa toki guztietatik etortzen da: harmailetatik, zuzendaritzatik, kazetariengandik... Oihartzun handiko kluba izanik, begi asko izaten ditu begira, eta normala da presiopean bizitzea. Horretara jarri egiten da pertsona. Realean ezberdina da guztia. Partida denak irabazten saiatzen gara jokalariok, baina ez daukagu hainbesteko presiorik.

Hotzean pentsatuta, damutzen zara joan izanaz?

Ez. Bazterrera utzi ezin nuen eskaintza jaso nuen, eta horregatik joan nintzen. Baiezkoa eman eta aurrera jarraitzea erabaki nuen. Esan dudan bezala, gauzak hobeto joatea gustatuko zitzaidan, baina alde txarretatik ere gauza positiboak ateratzea gustatzen zait, eta hala egin dut.

Realeko jarraitzaile askok ez zuten ulertu zuk hartutako erabakia. Orain, Anoetan, nola sentitzen zara?

Joateko erabakia hartu nuenean, zale askok ez zuten ulertu, eta onartzekoa da. Espero nuen hori, baina burumakur samar ibili nintzen. Orain, zaleen babesa eta beroa sentitzen dut, eta oso pozik nago. Bikain portatzen ari dira bai nirekin eta bai taldearekin. Oso garrantzitsua iruditzen zait hori, egoera honetatik ateratzeko denok elkarrekin egon behar baitugu. Bakoitza bere bidetik abiatuko balitz, gaizki joango ginateke.

Realaren inguruak orain gehiago eskatuko dizu zuri.

Normala da. Madrilen egon naizen bi urteotan heldutasuna irabazi dut, eta badakit zer den egoera zailei aurre egitea. Prest nago. Eusebioren etorrerarekin, taldean ilusioa berpiztu da. Konfiantza ipini du gugan, aitortu digu gustatzen zaiola taldea, eta dena ematea egokitzen zaigu. Emaitza onak lortzen hasi behar dugu, zaleek ere merezi baitute.

Ez da erraza izango bihar Bartzelonaren zelaian punturen bat lortzea.

Ikaragarri zaila. Jakin badakigu hori. Baina beldurrik ez daukagu. Beldurra hitza aipatzea debekatuta daukagu taldean. Bartzelona denboraldiko momenturik onenean dago. Ez nuen ikusi Erromaren aurka jokatu zuen Txapeldunen Ligako partida, baina badakit ongi aritu zirela. Guk ez daukagu ezer galtzeko, eta asko daukagu irabazteko. Zelaia jatera atera behar dute nire taldekideek, inolako erreparorik gabe, eta ahalik eta lanik onena egin.

Hobekuntza praktikan jartzeko, egutegi zail samarra daukazue. Kezkatzen al zaituzte horrek?

Ez. Bartzelonaren zelaian zerbait positibo ateratzea zaila da, baina hortik aurrerako partidak irabazteko modukoak ditugu. Zergatik ez. Sevillaren aurka ongi jokatu genuen, eta sinesten dugu gure buruarengan. Badakigu talde ona daukagula, eta aurkariek ez dute erraza izango guri irabaztea.

Zuk badakizu zer den talde berri batera egokitu beharra. Bada, zer moduz ikusten dituzu Reyes, Bruma eta Jonathas?

Pixkanaka, taldera eta hirira egokitzen ari dira. Askotan, ez da erraza izaten, baina esango nuke Realean inon baino errazagoa dela egokitzea. Besteak beste, taldekideok laguntzeko prest egoten garelako beti. Niri fitxaketa interesgarriak iruditzen zaizkit. Reyes lan ona egiten ari da defentsan, Bruma bizkorra da, eta Jonathas, berriz, guztiok dakigu nolako jokalaria den. Golegilea da, ez du baloi bakar bat ere galdutzat ematen, eta lesiotik ateratzen denean, bere onena berreskuratuko du, ziur. Horiez gain, gaudenok ere jokalari onak gara, eta Reala merezi duen tokira eraman behar dugu.

Nora? Europara?

Denboraldia hasi zenean, pentsatzen genuen gorago ibiliko ginela sailkapenean, baina behean bagaude, seinale da merezi dugula. Horregatik, helburuak jartzea alferrik da. Partidaz partida joan behar dugu, entrenatzaile berriaren ideiak barneratuz eta konfiantza hartuz, eta, era horretan, emaitzak iritsiko zaizkigu. Egunero lan egitea gakoa da, eta horretarako ez daukagu inolako aitzakiarik.

Eta zein da zure helburua? Sei urterako sinatu duzu Realarekin.

Halaxe da. Realarena bezala, nire xedea ere haziz joatea da. Ederra izango litzateke berriro ere Txapeldunen Ligara sailkatzea. Zer esanik ez tituluren bat irabaztea. Baina etorkizun hurbilean pentsatu behar dugu, eta Bartzelona daukagu buruan. Pixkanaka joatea komeni da.

Tituluren bat irabazteko, Espainiako Kopa hor dago aukeran. Datorren asteazkenean hasiko duzue lehiaketa, Las Palmasen aurka.

Gustatzen zaidan lehiaketa da Kopa. Lehen Mailako taldea tokatu zaigu aurkari, eta ez da erraza izango kanporaketa gainditzea. Baina daukagun guztia emango dugu. Ilusioa berreskuratzeko gozoki polita izan daiteke Kopa. Ilusioz gaude.

BERRIAn argitaratua (2015/11/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA