astekaria 2017/09/15
arrowItzuli

politika

Begirada han, burua hemen

Gotzon Hermosilla

Begirada han, burua hemen

Katalunian jarrita daude begirada guztiak, baina Euskal Herria dute buruan Kataluniari begira dauden askok. Manifestazioa egingo du bihar GED Gure Esku Dago-k, Demokrazia. Bozkatu erabakitzeko lelopean, eta eragile ugarik bat egin dute deialdiarekin. Manifestaziora joateko deia egin ala ez, gehienak bat datoz: jokoan dagoena ez da soilki katalanen etorkizuna,eta han gertatzen denak eragina izango du Euskal Herrian ere. Hala adierazi diote BERRIAri.

ITXASO ATUTXA

EAJren BBBren presidentea

«Edozer gertatzen dela, urriaren 2an bueltatu behar du elkarrizketak»

«EAJren hainbat hautetsi eta barne arduradun izango dira manifestazioan; alde batetik, Kataluniako erakundeek beren herritarrak kontsultara deitzeko behar besteko zilegitasuna dutela uste dugulako, eta, beste aldetik, GEDek antolatutako manifestazioaren goiburuarekin bat egiten dugulako. Prozesu osoan, EAJ Kataluniako ordezkari instituzionalen ondoan egon da.

Kataluniako egoera kezka handiz ikusten dugu. Ziurgabetasun handia dago, eta inork ez daki hemendik eta urriaren 1era arte zer gertatuko den. Egoera ez da ona. Iragan astean Parlamentuan bizi izandakoak ez ziren atseginak izan. Espainiako Gobernuaren erantzuna ere ez da zuzena izan, arazo politiko bati irtenbide judiziala ezartzea erabaki duenez geroztik. Hogei egun eskas falta direla, galdeketak ez du halako deialdi handi eta garrantzitsu batek eman beharko lituzkeen bermeak ematen, Espainiako Gobernuak behar diren berme horiek eragotzi dituelako.

Urriaren 2a eraikitzaile eta demokratikoa izan dadin, hobe litzateke urriaren lehenean bozkatu ahal izatea, baina egun horretan gertatzen dena gertatzen dela, urriaren 2an elkarrizketak bueltatu behar du».

JASONE AGIRRE

EH Bilduko legebiltzarkidea

«Espainiako Estatua bere maila demokratiko eskasa erakusten ari da»

«Guk uste dugu herri guztiek euren etorkizuna modu libre eta demokratikoan erabakitzeko eskubidea dutela. Beti egon gara Kataluniaren ondoan, eta orain sekula baino gertuago egon behar dugu. Horregatik egongo gara manifestazioan.

Katalunian demokrazia ariketa bat ari dira egiten, eta horren aurrean Espainiako Estatua erakusten ari da nolako maila demokratiko eskasa duen, galdeketaren kontra arma guztiak erabiliz.

Katalunia, aldiz, ikasgai ederrak ari zaigu ematen: ikasgai historikoa, duela zazpi urte ezinezko zirudiena lortzen ari direlako; demokrazia lezioa ere ari dira ematen, oinarrizkoa den eskubide bat tinkotasunez baina modu baketsuan eskatzen ari direlako; eta, azkenik, duintasun eredu ere badira, eta uste dut jende asko, independentziaren aldekoa izan ala ez, duintasunagatik joango dela botoa ematera».

SERGIO CAMPO

EAEko Ahal Dugu-ko diskurtso arduraduna

«Alde bakarreko bideak zaildu egiten du soluzioak topatzea»

«Ahal Dugu-Euskadi GEDekin lankidetzan aritu ohi da modu askotara, eta zabalik dago edozein kide manifestaziora joan dadin egoki irizten badio, nahiz eta Ahal Dugu alderdi gisa ez joan.

Kataluniako prozesua errespetatu egiten dugu, eta erabakitzeko eskubidearen alde gaude. Hala ere, uste dugu Kataluniako herritarrek adostasun zabala izan behar dutela gauzatzeko moduaz eta prozedura adostu egin behar dutela. Kasu honetan ez da hala izaten ari. Prozesuaren nolakotasuna prozesua bera bezain garrantzitsua da.

Arazo politikoak epaitegien bidez konpondu nahi izatea bide itxia da. Alde bakarreko bideak eta trenen talkak soluzioak topatzea zaildu baino ez dute egiten».

ENEKO ANDUEZA

PSE-EEko Gipuzkoako idazkari nagusia

«Kataluniak erakusten du euskal sozialistok asmatu egin dugula»

«Euskal sozialistok uste dugu Katalunian gertatzen ari denak erakusten duela guk asmatu egin dugula desberdinen arteko akordioak sustatuta. Ezin dugu komunitate politiko bat eraiki herritarren sentimendu eta identitateak elkarren kontra jarriz, eta ezin da gizarte demokratikoa eraiki adosturiko arauak errespetatzen ez baditugu, arau horiek aldatu nahi ditugunean ere.

PPk eta Kataluniako Gobernuak uko egin diote politikari eta, hortaz, arazoak konpontzeari. Kataluniako herritarrak bazter batean utzi dituzte, ia inork ez duelako hitz egiten haien osasungintzaz, hezkuntzaz, edo zerbitzu publikoak bermatzeaz.

Sozialistok, hemen zein han, elkarrekin bizitzea ahalbidetuko digun akordioa defendatuko dugu, bakoitzaren ezaugarriak errespetatuz eta eskubide berdintasuna bermatuz».

LAURA GARRIDO

PPren legebiltzarkidea

«Zuzenbide estatuak baditu baliabideak legea betearazteko»

«GEDek erabakitzeko eskubidea aipatzen du, baina horren atzean independentzia dago, eta Alderdi Popularra ez dago Euskadiren independentziaren alde. Euskal herritarrok askotan erabakitzen dugu; esaterako, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin zirenean.

Auzitegiek adierazi duten moduan, Katalunian egin nahi duten galdeketa legez kanpokoa da. Independentistek, bereziki Kataluniako Gobernuan daudenek, demokrazia zapaldu nahi izan dute; jo duten erronka demokraziari emandako kolpea da, demokrazia legea errespetatzea delako. Dena dela, zuzenbide estatuak baditu baliabideak legea betearazteko».

XABIER ANZA

ELAren Batzorde Eragileko kidea

«Katalanen konpromiso zibikoa izaten ari da prozesu honen giltza»

«ELA manifestazioan izango da. GEDek egin duen deialdiak baditu azpimarratu beharreko bi balio: Kataluniari ukatzen ari zaion botoa emateko eskubide demokratikoa aldarrikatzea, eta manifestazio unitarioa bilatu nahi izatea.

Kataluniarrak, oso egoera konplikatuan, demokrazia, mobilizazio eta parte hartze politikoarekiko konpromiso zibiko nekaezin eta adoretsua adierazten ari dira. Horixe da izan da orain arte prozesu honen giltza, eta datozen egunotan jarrera eta konpromiso hori ere izango da euskarririk erabakigarriena. Errepresioa areagotzen ari den honetan, jende arruntaren eta gizarte antolatuaren irmotasuna izango da giltza.

Katalunian jokoan dagoena ez da bakarrik kataluniarren etorkizuna: estatuko gainerako nazioen etorkizuna ere badago jokoan».

GARBIÑE ARANBURU

LABen idazkari nagusia

«Kataluniakoaren moduko prozesua nahi dugu Euskal Herrirako»

«Kataluniako herriari gure babesa eta elkartasun osoa adierazi nahi diogu. Bi herri desberdin gara, bi errealitate desberdin ditugu, baina baditugu batzen gaituzten gauzak ere, bi herriok baikara erabat antidemokratikoa den estatu baten parte.

LABek ere Kataluniakoaren moduko burujabetza prozesu bat bultzatzen du Euskal Herrirako, hangoaren antzekoa izango den burujabetza prozesu bat, bertako errealitateari egokitua izango dena.

Urriaren 1eko erreferenduma ariketa demokratikoa da. Emaitza edozein delarik, demokrazia ariketa bezala ulertzen dugu, eta herrien erabakitzeko eskubidea defendatzen duen orok jarrera argiak izan beharko lituzke. Anbiguetaterako tarterik ez dago».

LUIS INTXAUSPE

Udalbiltzako presidentea

«Bozkatzeko eskubidea bermatzea ariketa demokratikoa da»

«Herritarrei hitza ematea, herritarren borondatea zein den jakitea edo herritarrei bozkatzeko eskubidea bermatzea oinarrizko ariketa demokratiko bat da. Hala ere, badirudi Espainiako Gobernuak, ustezko justiziak eta komunikabide gehienek demokraziaren oinarrizko ariketa horri beldur diotela; hau da, herritarren borondatea entzuteari eta errespetatzeari ikara diotela».

TXUTXI ARIZNABARRETA

Independentistak sareko kidea

«Herri oso bat dago martxan; bide horretatik, ez dute geldiaraziko»

«Ez da soilki Kataluniari elkartasuna adierazteko momentua; haien prozesuaren kontrako erasoak gure kontrako erasotzat hartu behar ditugu, gaur Katalunia defendatzea Euskal Herriaren etorkizuna defendatzea delako.

Urriaren 1ekoa urrats erabakigarria da, eta logikoa da Madriletik horren aurrean erantzun gogorra etortzea. Baina herri oso bat dago martxan, eta bide horretatik ez dute lortuko geldiaraztea».

BERRIAn argitaratua (2017/09/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA