astekaria 2015/11/27
arrowItzuli

politika

Gatibu daudenen amets libreak

Gotzon Hermosilla

Gatibu daudenen amets libreak

Lana atondu dutenekin izandako solasaldian behin eta berriro errepikatu dira zenbait berba eta kontzeptu: emozioa, zirrara, hunkigarria. Ez da harritzekoa. Zirraraz beteriko kutxa da Ametsen liburua: zirraraz beterikoa, eta zirraragarria. Orri-pasa aritzea nahikoa da horretaz jabetzeko. Edukia ez baita nolanahikoa: espetxea, erbestea edo deportazioa ezagututako bostehun herritar ingururen ametsak biltzen dira liburuan, 50 bat artistaren lanekin batera. Gatibu daudenen amets askeak dira.

Joan den azaroaren 21ean aurkeztu zuten Ametsen liburua Donostiako Kursaalean. Aretoa jendez mukuru egon zen; bertaratu zirenetako asko eta asko preso edo errefuxiatu izandakoak ziren, liburuan parte hartutakoak edo, parte hartu gabe ere, han biltzen diren ametsen berri ondo baino hobeto dakitenak.

Ekitaldian, Miren Zabaletak, Gexan Alfarok eta Amaia Sarasolak hartu zuten hitza, preso eta iheslari izandakoen izenean. Beste batzuek ez zuten Kursaalera joaterik izan, oraindik ere kartzelaren latza edo deserriaren gogorra pairatzen dutelako, eta grabatutako mezua bidali zuten Donostiara; hori izan zen Joseba Sarrionandia edo Joxe Manuel Pagoaga Peixoto-ren kasua, esaterako. Zirraraz berba egiten hasita, zirraragarria suertatu zen ekitaldia ere.

Lehenengo aurkezpena izan zen joan den larunbatekoa, baina Ametsen liburuak badu oraindik bide luzea egiteko. Astero argitaletxeak plazaratu duen lana ez da ahuntzaren gauerdiko eztula: liburu lodikotea da —960 orrialde—, ixura ederrekoa, oso zaindua, euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez idatzia, eta ia bi urteko beharra dago horren atzean. Objektu gisa, guztiz erakargarria da. Baina haren balio historikoa ez da atzean gelditzen.

Ametsa abiapuntu

Ametsak biltzea xede duen egitasmoak amets bat izan behar du abiapuntu ezinbestean. Kasu honetan, Fermin Munarriz kazetari eta editorea eta Jokin Urain preso ohia izan ziren ameslariak: «Hasierako asmoa izan zen ahalik eta jende gehienari galdera helaraztea: preso edo askatasunik gabe dagoenak zer du amets?», azaldu du Urainek. «Hortik abiatuta, espetxean daudenei banan-banan idatzi genien amets horien inguruan galdetuz». Une hartan 500 inguru ziren Espainia eta Frantziako kartzeletan preso zeudenak: guztiei bidali zien Urainek eskuz idatzitako gutun bana.

Geroago, iheslari eta deportatuei, eta egun libre dauden baina iraganean kartzela edo erbestea ezagutu dutenei ere eman zieten egitasmoaren berri. Puntu horretan hasi zen lana zailtzen. Nekeza da azken 50 urtean espetxea edo erbestea ezagutu duten guztiengana iristea: «Zaila da kalkulatzea zenbat diren, baina seguru asko, 10.000 lagun baino gehiago igaro dira espetxetik edo erbestetik denbora tarte horretan», esan du Munarrizek.

Azkenean, hari batetik eta bestetik tiraka, eta ia bi urteko lanaren ostean, 2.000 lagunekin baino gehiagorekin hitz egitea eta haiei proposamena helaraztea lortu zuten. «Jendea kanpoan gelditu da guztiz ezinezkoa zelako guztiak aurkitzea eta kontaktatzea», dio Munarrizek. Eta, bide batez, arrazoi politikoak direla eta kartzela eta erbestea nozitu duten guztien errolda osoa egitea zein onuragarria litzatekeen nabarmendu du, nahiz eta lan hori «beste norbaitek» egin beharko duen.

Beste zailtasun bat ere aipatzen du Urainek, jendearekin kontaktatzeko zailtasun teknikoetatik harago doana: «Behin planteamendua aurrean edukita, horri erantzutea eta zer dugun amets azaltzea konplikatua dela uste dut, gauza intimoa delako eta askotan erreparoa sortzen digulako horretaz hitz egiteak. Horregatik, beharbada zailena izan da erreparo hori gainditu ahal izateko egitasmoaren neurria eta garrantzia ulertu araztea».

Gatibu dagoenari testigantza eskatu ahal zaio, oinazearen lekukotasuna, jazarpenaren salaketa, agiri politikoa. Baina Munarrizek eta Urainek ametsa eskatzea erabaki zuten. Zergatik? «Ametsa beti egon da gizakiaren historian, eta askatasunaren metaforarik handiena dela esan dezakegu», azaldu du Munarrizek. «Horregatik galdetu nahi genien askatasunaz gabetu dituztenei zerekin egiten duten amets».

Azkenean, 400 lagun baino gehiagok eman zioten baiezkoa proposamenari. Eta emaitza Ametsen liburua da. Jokin Urainen hitzaurrearen ostean, liburu osoan zehar errepikatzen da eskema: ezkerreko orrialdean ameslariaren izen-abizenak agertzen dira, espetxean edo erbestean egindako ibilbidearen zenbait daturekin batera, eta haren argazki bat, aspaldikoa edo arestian egindakoa, baina, kasu askotan, espetxean, erbestean edo deportazio lekuan ateratakoa.

«Balio dokumental handia» ematen die Munarrizek argazki horiei, «kalean ez baita oso ezaguna kartzeletako giro hori». Askotan, ziegako kideekin batera agertzen da ameslaria, beste preso politiko edo arruntekin batera, edo deportazioan ezagututako herritarrekin. Oso gutxitan plazaratu den errealitate baten isla dira irudi horiek.

Aldamenean, hots, eskuineko orrialdean, ameslari horren ametsa agertzen da. Eta amets hori adierazteko bideak askotarikoak dira. Testu idatziak agertzen dira, eskuz idatzitako gutunak, olerkiak, bertsoak, baina baita marrazkiak, margolanak, argazkiak, collageak, postalak, eskulturak eta bestelako adierazpideak ere. Nork bere modua aukeratu du amets duena ahalik eta hobekien azaltzeko.

Ametsen artean tartekaturik, 47 euskal artistaren lanen irudiak ere agertzen dira liburuan, horietako asko, libururako beren-beregi paratuak, eta beste batzuk liburuan erreproduzitzeko utzitakoak. Jose Luis Zumeta, Juan Gorriti, Dora Salazar, Judas Arrieta, Jose Antonio Sistiaga, Ander Ormazuri eta beste batzuk daude egileen artean. Horren balioa ere nabarmendu nahi du Munarrizek, «nekez aurkituko baitugu puntako hainbeste euskal artista elkarrekin liburu bakar batean». Bi orrialde oso hartzen du artelan bakoitzak.

Hunkidura kutunak

Horiek dira liburua osatzen duten atalak. Baina osagai nagusia, Munarrizen hitzetan, «emozioa» da. «Preso eta iheslarien intimitatea aurkituko du irakurleak liburuaren orrialdeen artean», erantsi du, «euren desio eta nahiak, eta hori oso hunkigarria da». Eta emozioak ere mota askotakoak dira: Munarrizek nabarmentzen duenez, umorea ez da falta, esaterako. «Burutazio sakonak agertzen dira, oroitzapen on eta txarrak eta abar. Edozein orrialdetan topa daiteke emozio bat, egiazkoa den zerbait eskaintzen delako», azaldu du.

Eta zer dute amets askatasuna ments duten horiek? Pentsa liteke kartzelara edo erbestera eraman dituzten helburu politikoek leku handia hartuko dutela euren ametsetan. Baina denetariko ametsak mamitzen dira espetxeetako hormen artean: «Nik esango nuke badagoela elkarrekin partekatzen den amets handi bat, askatasunarena», esan du Urainek. «Baina horren azpian badaude beste mila amets txiki, mila modutan agertzen direnak».

Munarrizentzat eta Urainentzat zaila da liburuan jasotako 473 ametsen artean zirrara berezia eragin dien bat aukeratzea. Kerman Urbizurena aipatu du Munarrizek: 80 urte inguruko gizona, 1963an espetxean lehenengo aldiz egon zena, eta geroztik behin baino gehiagotan kartzela eta erbestea ezagututakoa.

Ametsa adierazteko, bilobari bidalitako eskutitzaren moldea aukeratu du Urbizuk, eta argazkian ere bilobarekin agertzen da. «Idatzi duena oso polita izateaz gain, ondo baino baino hobeto jasotzen du hurrengo belaunaldiei igortzen dien mezua: bizkor jarraitzeko, bizitzeko gogoa eta alaitasuna inoiz ez galtzeko, esperantza izateko».

Urainen aburuz ere, asko dira «lan eder eta hunkigarriak», eta zail egiten zaion guztien artean bereziki hunkitu dutenak aukeratzea, baina bakarra aipatzekotan, Ander Ormazuriren margolana nabarmendu nahi du: bi paretaren artean agertzen den giza silueta, Uraini kaleratzera doan presoaren irudia iradokitzen diona.

Beren ametsarekin parte hartu dutenen artean badaude lehenagotik ere ezagunak zirenak arte edo literaturan ibilbide oparoa egin dutelako, Mikel Antza esaterako, eta esparru horretan orain arte aritu gabeak eta hain ezagunak ez direnak ere. Baina, Urainen aburuz, den-denek dute elkarrekin partekatzen duten ezaugarria: «Batek orrialde osoan adieraziko du harrituko gaituen zerbait, eta beste batek, ordea, esaldi bakar batekin hunkituko gaitu. Denak dira ederrak, denek dute esateko eta erakusteko zerbait berezia», esan du.

Preso daudenen ahoetatik

«Preso gaudenon ahoetatik entzun zazue protesta, gizon mutuen herri honetan antolaturiko festa». Gabriel Arestiren olerkia da, Oskorrik 1979an kantu bilakatua. Asko hitz egiten da preso eta iheslariez, baina preso eta iheslariek aukera gutxi izaten dute zuzenean mintzatzeko, euren «ahoetatik», Arestik zioen moduan, gainerako herritarrei mezua zuzenean helarazteko.

Munarrizek dioenez, horixe da, hain zuzen ere, Ametsen liburua-ren beste balio handi bat: preso eta iheslariak zuzenean mintzo dira, euren ahotsa helarazten dute, kasu askotan sentimendurik gordeenen berri emanez. «Jaso bezala argitaratu ditugu beraiek bidalitakoa eta bidali duten moduan, ezer ukitu gabe eta inolako oztoporik jarri gabe. Beren ahotsa eta beren irudia dago hor».

Horregatik, hunkiduraz eta zirraraz harago, ukaezina da liburuaren balio historiko eta politikoa; «aro bateko memoria bizia» jasotzen du, aurkezpenean esan zuten legez. «Liburuak sekulako balio dokumentala du, islatzen duelako zer gertatu den Euskal Herrian azken hamarkadetan», esan du Munarrizek. «Preso eta iheslari politikoen herri batean bizi gara, eta guk azken 50 urteotako testigantzak bildu ditugun arren, hori arazorik gabe lotu daiteke esaterako 1936an gertatutakoarekin, gauza guztiek dutelako jatorri eta arrazoi bat».

Munarrizek esandakoaren harira, gogoeta bat plazaratu nahi du Urainek: «1936ko gerraren eta ondoren etorri zenaren inguruko antzeko liburu bat izan bagenu, orduan preso atxiki zituztenen eta atzerrira joan behar izan zutenen ametsekin, haien argazki eta gogoekin eta abar, gaur egun sekulako altxorra edukiko genukeen, eta lagunduko zigukeen gizon-emakume haiengandik hurbilago sentitzen eta haien emozio, negar eta pozalditxoak ere bizirik mantentzen». Zoritxarrez, inork ez zuen horrelako libururik atontzeko egokierarik izan, eta horrek areagotzen du plazaratu berri den Ametsen liburua-ren balio historikoa.

Liburua eskuratzeko

Berezia da Ametsen liburua, eta berezia da berau eskuratzeko bidea. Joan den larunbatean aurkezpen ekitaldira joan zirenek izan zuten beste inork baino lehenago liburua ikusi eta lortzeko aukera, eta, Munarrizek dioenez, jende askok komentatu zien «hunkituta» —berba hori, berriro— gelditu zirela edukia ikusitakoan. Etxera ale bat baino gehiago eraman zuenik egon zen Kursaalean.

Gainerakoentzat, biderik zuzenena da BERRIA eta beste zenbait agerkaritan egunotan agertzen ari den kupoia betetzea, eta kioskoan ematea. Zenbait egunen buruan, kiosko berean jasoko du liburua bide hori aukeratzen duenak. 50 euro balio du liburuak, 55 liburua gordetzeko kutxa dotorea ere hartzea aukeratuz gero.

Internet bidez ere eska daiteke, www.ametsenliburua.info web orrian. Gainera, abenduaren 4tik 8ra, Durangoko Azokan egongo da eskuragarri.

Amaitzeko, Astero argitaletxeak dituen bulegoetan ere eskura daiteke liburua. Donostian —Portuetxe kaleko 23. zenbakian—, Bilbon —Kale Nagusiko 2. zenbakian— eta Urruñan —Hedagunea-Media Center 8— ditu bulegoak argitaletxeak.

Horiexek dira liburua erosteko biderik zuzenenak, Fermin Munarrizek dioenez «azken bolada honetan liburudenda askok arazoak izaten dituztelako horrelako liburu mardulak salgai jartzeko». Kutxa bete amets etxera eraman ahal izatea ez da egunero eskaintzen den aukera, eta ahalegina merezi duelakoan daude liburua apailatu dutenak.

BERRIAn argitaratua (2015/11/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA