astekaria 2017/09/15
arrowItzuli

ekonomia

Izua poltsikora iritsi zen eguna

Ivan Santamaria

Izua poltsikora iritsi zen eguna

Baten bat berandu afaltzen ari bazen, kontrako eztarritik joan zitzaion. Gaueko hamarretan, esklusiba batekin zabaldu zuen albistegia BBC Erresuma Batuko telebista kate publikoak: Northern Rock bankua erortzeko zorian zegoen, eta Ingalaterrako Bankuak urgentziaz erreskatatu beharko zuen. Iragarpenak aho bete hortz utzi zituen bezeroak. Batzuk ez zekiten, baina beste askok bai. Legez, asko jota, 34.000 euro arteko gordailuak zeuden bermatuta. Zer gertatuko zen haien aurrezkiekin? BBCk dirua salbu zegoela ziurtatu zuen. Ez zen nahikoa izan. Irailaren 13ko gaua zen, 2007an.

Erantzuna hurrengo goizean iritsi zen. Goizeko zazpietarako, ilarak zeuden bankuko bulego askoren kanpoaldean. Etxetik Internet bidez tramiteak egin eta dirua mugitzen saiatzen ari zirenek ez zuten lortu. Pantailaren aurrean ernegatuta zeudenek laster egin zuten bat bankuaren aurrealdea betetzen zutenekin. Euren dirua berreskuratu nahi zuten.

Ilarak herrialde osoan zehar agertu ziren. Newcastle hiriko —Northern Rockek egoitza zuen hiria— hirigunetik, Londresko Mayfair auzo dotoreraino. Bezeroen artean, amorrua. «Behar beste itxaroteko prest nago. Dena eramango dut, uzten badidate», esan zion 65 urteko Tony Looch bezeroak Daily Telegraph kazetari, zain zegoela. Bankuan 150.000 euro zituen sartuta.

Ingelesez bada goiz horretan gertatzen ari zena deskribatzeko esamolde oso aproposa: bank run. Hitzez hitz, bankura korrika egitea. Diruaren bila, noski. Hau ez zen bank run klasikoa, hala ere. Finantza erakunde batek arazoak dituen albistea zabaldu —batzuetan, aski da zurrumurrua—, eta bezeroak badoaz eurek utzitako dirua eskatzera. Gordailuetan eskaerari aurre egiteko bezain beste diru ez duenez, bankua likideziarik gabe geratzen da, eta ezin die ordainketei aurre egin. Northern Rocken, alderantziz gertatu zen. Leihatiletan bezeroak diru eske tropelka agertu baino baino lehen ari zen geratzen funtsik gabe. Nola iritsi zen horretara?

Northern Rocken porrota ulertzeko 1997. urtera egin behar da atzera. Cool Britannia-ren aroa zen. Tony Blairrek eta laborismo berriak agintea lortu zuten. Irratian eta kaleetan britpop musikak txoko guztiak betetzen zituen. Itxaropen eta baikortasun urteak ziren, giro ekonomiko lasaiak lagunduta. Mende eta erdiz aurrezki kooperatiba gisa espero moduko funtzionamendua izan ondoren, bere burua berriz asmatu zuen Northern Rockek. Izaera juridikoa aldatu, eta burtsan kotizatzeari ekin zion urte horretan.

Eraldaketa bizkortu zen. 2001. urtean, bankuaren gidaritza hartu zuen Adam Applegarthek. 38 urte zituen, eta ideia bat buruan: hipoteketan merkatu kuota irabazteko estrategia erasokorra behar zuen Northern Rockek. Zuhurtasuna alboratu, eta produktu berritzaileei ekin zien. Together (Batera) hipotekak, esaterako, etxebizitzak balio zuenaren %125 arte eskaintzen zuen mailegu gisa. Urteko soldataren halako sei jasotzea onartzen zitzaien bezeroei.

Negozioa aparra bezala igo zen. 2007. urterako, hipoteka merkatuaren %20 kontrolatzen zuen bankuak. Sei urtean, irabaziak bikoiztu zituen. Akziodunek gustura hartzen zituzten mozkinak, eta bankuko agintariek, are gusturago. Applegarthek berak 1,4 milioi euro poltsikoratu zituen 2006ko emaitzen bizkarretik. Haatik, Northern Rock ez zen bezeroei agindutako arroka sendoa.

Applegarth ez zen bankaria. Ez zuen bankari prestakuntzarik. Marketin kontuetan aditua zen. Saltzaile bat, azken finean, eta, dirua saltzea zenez haren lana, biderik azkarrena bilatu zuen. Bankari tradizionalaren lana —aurreztaileen sosak bildu, eta diru horrekin mailegua ematea— baztertu zuen, eta kreditua beste nonbait bilatzen hasi zen. Non? Beste banku batzuei eskatuta, interes tasa txikiak baliatuz. Emaitza: bezeroen artean ikara zabaldu zenerako, gordailuetan 26.000 milioi euro zeuden, baina 124.000 milioi euro zituen utzita.

Mailegu bat beste batekin estaltzen zuen Northern Rockek, baina, abuztu horretan, iritzi publikoa ohartu gabe, jokoaren arauak aldatu ziren. AEBetan hasitako finantza krisiaren kutsadura mundu osora zabaldu zelako susmoak bankuen arteko tratuak izoztu zituen. Elkarri kreditua emateari utzi zioten. Northern Rocken hazkunde geldiezina bultzatu zuen erregaiaren iturria itxi zen.

Ilaren irudiak zirrara eragin zuen Erresuma Batuan. Ez da harritzekoa. 140 urte ziren parekorik ikusten ez zela. Ingalaterrako Bankuak urgentziazko finantzaketa bermatu zion Northern Rocki. Ez zituen aurreztaileak baretu. Irailaren 14a, ostirala, amaitu zenerako, mila milioi eurotik gora atera zituzten. Ilarak izan ziren larunbatean eta astelehenean. Zokoratuta eta bankua dagoeneko galbidean zegoela, azken karta jokatu zuen Allistair Darling Ogasun ministroak: gordailu guztiak bermatuko zituen, eta gauza bera egingo zukeen beste bankuren bat arazoetan sartuko balitz. Ilarak desagerrarazi zituen gobernuaren konpromisoak, baina, aldi berean eta ia oharkabean, erortzeko handiegiak ziren bankuen aroari hasiera eman zion; krisia gizendu ahala, ondorio larriak izango zituen erabaki hark.

BERRIAn argitaratua (2017/09/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA