astekaria 2017/09/15
arrowItzuli

gizartea

Guraso izateko ate bat gehiago

Arantxa Iraola

Guraso izateko ate bat gehiago

«Eskubide kontu bat da laguntza bidezko ernalkuntza andre guztiei irekitzea». Frantziako Gobernuko Berdintasun ministro Marlene Schiappa horrela mintzatu zen atzo elkarrizketa batean, eta adierazi zuen Emmanuel Macronek zuzentzen duen gobernuak gaiaren inguruan hauteskunde kanpainan erakutsitako «konpromisoa» bete egingo duela: bidea irekiko dute teknika horiek ez izateko soilik bikote heterosexualentzat, eta bakarrik dauden andreei eta andreez osatutako bikoteei ere zabaltzeko. Aditzera eman zuenez, «seguruenera» heldu den urtean egingo dute, bioetika gaiak arautzeko legea erreformatzeko orduan. Frantziako Batzorde Etikoak iaz aldaketaren aldeko iritzia eman zuela esan zuen, eta aski berme dela hori aurrera egiteko.

Andre askori bidea emango die Frantziaren administraziopeko kliniketan haurdun geratu ahal izateko; atzerrira joan gabe. Izan ere, herrialdean bertan halako tratamenduak egin ezinik, atzerrira jo dute askok igaro hamarkadetan —Belgikara eta Espainiara, bereziki; Hego Euskal Herrira ere bai hainbatek—. Atzerrira joateko baliabide nahikorik gabeko emakume asko, berriz, nahi eta ezinean utzi ditu egoera horrek. Debekuaren ondorioz, halaber, lesbianek osatutako familiek arazoak izan dituzte; izan ere, Frantziako legeak orain arte ez du biderik ireki bien gurasotasuna onartzeko. Lege aldaketarekin, egoerak onbideratzea espero da.

2013. urteko legea

Gogora ekarri behar da Frantziak 2013an onartu zuela sexu bereko bikoteen ezkontza eskubidea, eta haurrak adoptatzeko bidea ere ireki zitzaiela orduan. Legea onartu aurreko hilabeteetan protesta ozenak izan ziren, eta familia eredu tradizionalen aldeko mezuak indartu ziren. Asanblea Nazionalak, ordea, aldaketa sostengatu zuen; alde 331 boto izan ziren, aurka 225. Aurkako mezuen artean, adopzio eskubidearen ingurukoak gailendu ziren.

BERRIAn argitaratua (2017/09/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA