astekaria 2017/09/15
arrowItzuli

politika

Aralarren ibilbidea abenduaren 2an bukatzea proposatu du zuzendaritzak

Enekoitz Esnaola

Aralarren ibilbidea abenduaren 2an bukatzea proposatu du zuzendaritzak

Sorrerako helburuak «bete» dituztela iritzita, Aralarren zuzendaritza nagusiak alderdiaren ibilbidea amaitzeko proposamena egin die afiliatuei, BERRIAk jakin duenez, eta datorren abenduaren 2an hartuko dute erabakia, VII. kongresuan, Iruñean. 2002an eratu zuten Aralar, Patxi Zabaleta izendatuz koordinatzaile nagusi, eta hamabost urtera desegin liteke, bestelako testuinguru sozio-politiko batean. Orduko xede nagusiak «ezker abertzale zibil eta zabalaren sorrera», «ETAren borroka armatuaren bukaera, eta bakea eta giza eskubideak politikagintzaren oinarri bezala aitortzea» eta «ezker abertzalearen barne demokrazia» ziren; Aralarren zuzendaritzak «egin beharrekoak eginda» ikusten ditu, uste du orain «tresna» EH Bildu dela, eta, hala, alderdia «auto-ezabatzea» proposatu du.

Atzo arratsaldean aurkeztu zien proposamena alderdiaren Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako zuzendaritzei, Gasteizen egindako batzar batean. Ez zen herrialdeetakoek ere erabaki bat hartzeko bilkura; erabakia afiliatuek hartuko dute, kongresuan. Larunbatean Aralarrek Hegoaldeko batzarra egingo du afiliatuekin, Donostian, eta hizpide izango dute alderdia desegiteko dagoen proposamena. Afiliatuek atzo gauean jaso zuten zuzendaritzaren dokumentua, Gasteizko bilera bukatu ostean.

Idatzia landu dutenak Rebeka Ubera idazkari nagusia —2014ko azaroan hautatu zuten, VI. biltzarrean— eta Zabaleta ohorezko presidentea —VI. biltzarretik du kargu hori— izan dira. Kongresuko txosten politikoko 2.6 puntua da alderdiaren bukaerari buruzkoa. Biek irailaren 4an aurkeztu zuten zuzendaritzan, eta aho batez onartu zen. Atzo, herrialdeetako buruekin bilera egiteaz gain, Uberak asmoaren berri eman zien EH Bilduko beste alderdi politikoetako arduradunei.

2000ko hamarkada hasieran Batasuna prozesuan ildo modura eratu zen Aralar, eta, gero, ezker abertzale ofizialarekin desadostasun estrategiko handiak zituztela medio —«borroka armatuaren arazoaz» edo «barne demokraziaz»—, alderdia sortzea erabaki zuten. 2002ko ekainaren 22an eta 23an egin zuen Aralarrek biltzar eratzailea, Gasteizen, xedetzat «ezker abertzalea berregituratzea» izanik, besteak beste. Eratze txostenetik horri buruzko artikulu bat jaso dute oraingo dokumentuan: «Aralar ezker abertzaleko alderdi politikoa izanik, helburu politikoetako bat eta bere sorreraren arrazoietako bat du eztabaida politikoa sustatzea ezker abertzalearen barruan, gune politiko hori berregituratu eta proiektu politiko eta antolakuntzako komun eta plural baten inguruan berriro batze aldera. Proiektu horrek bere inguruan bildu behar du gure herriko ezkerraren indar eraldatzaile izugarria».

Aralarreko zuzendaritzak uste du heldu zaiela «lekukoa eman eta ibilbide politiko bati amaiera emateko unea», eta iritzi dio «Euskal Herrian ere iraultza sozialerako eta erabaki eskubidearen garapenerako tresna eraginkor bat» badela gaur egun: EH Bildu. Dena dela, ohartarazi du hark oraindik «garapen eta bilakaera sakonak» beharko dituela; esaterako, «hautagaien aukeraketa modu demokratikoetan» egiteko eta «ezkerreko politiketan argitasun eta tinkotasun handiagoa» izateko. Aralar EH Bilduko kideekin 2011 bukaeratik dago batera, Amaiur koalizioaren izenpean Espainiako Gorteetarako bozetara aurkeztu zirenetik.

Uberak eta Zabaletak prestatutako idatziak dio Aralar sorreratik bukaera datarekin eta «bere ibilbide politikoari amaiera emateko bokazioarekin eta helburuarekin» jaio zela. Hamabost urteko bidean «koherentzia ipar eta bidelagun» izaten «ahalegindu» dira, eta irizten diote hori ez dela «maiz ulertu» handik kanpo.

2014ko biltzarrean «ezker abertzale osoko batasuna» bilatzea ere erabaki zuten; geroztik sustatu ditu hori erdiesteko hartu-emanak, baina saioak ez du fruiturik eman. «Helburu hori ez dago soilik gure eskuetan eta ez da lortzerik izan», aipatu du zuzendaritzak kongresurako idatzian. Hala ere, nabarmendu du euren alderdia dagoenetik «ezker abertzale osoak» bere egin izan dituela Aralarrek aldarrikatutako irizpide batzuk. Bakegintzakoak edota barne antolaketari buruzkoak ez ezik, lurraldetasun kontuak aitatu dituzte, kasurako: «Lurraldetasunaren helburua modu demokratikoetan eta euskal gizarteak duen izaerari errespetuz lotuta sustatzeko bide demokratikoak erabiltzea ezker abertzale osoak onartuta dauka».

Independente EH Bildun

EH Bilduk joan den ekainean egin zuen I. kongresua, eta geroztik bilkideak dauzka, afiliatuak. Figura berri horretan, alderdietako kideak ez ezik —independenteak—, horietako afiliatuak ere egon ahal dira. EH Bildun alderdien mahai bat ere badago, eta hor da Aralar, Sorturekin, EArekin eta Alternatibarekin batera. Abenduaren 2an Aralarrek desegitea erabakitzen baldin badu, handik aurrera bere egungo kargudunak eta beste EH Bildun soilik independente gisa ariko lirateke. «Orain arte defenditu ditugun ideiak defendatzen jarraituko dugu». Ezkertiar, abertzale, subiranista, ekologista, feminista, aurrerakoi eta independentistak «batzen» dituen mugimendua egituratzen segitzea nahi du Aralarren zuzendaritzak. «Euskal Herriak eta bereziki ezker abertzaleak behar duen eraberritzeak ausartak izatea eskatzen digu».

Hor kokatzen dute Aralarreko buruek alderdiaren «zikloa ixteko» eta tresnatzat EH Bildu hartzeko proposamena. Dokumentuak ez du jaso han Aralarrekoak iritzi ildo gisa aritzeko aukera.

Aralarren zuzendaritza nagusiaren proposamena osorik:

www.berria.eus

BERRIAn argitaratua (2017/09/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA