astekaria 2017/09/15
arrowItzuli

kultura

Ez du haizeak eraman

Amagoia Iban

Ez du haizeak eraman

Ez da 35. urterik izango. 34 urtez, hutsik egin gabe, Gone with the Wind (Haizeak eramana, Victor Fleming, 1939) eman ostean, Tennesseen, Memphisko Orpheum antzokiko pantailan, ez da filma gehiago erakutsiko. Joan den abuztuaren 11n izan zuen azken aldia. Egun berean, areto horretatik 1.200 kilometrotara, ehunka zuri arrazistek beren nagusitasuna aldarrikatu zuten Charlottesvilleko (Virginia) kaleetan. Biharamunean, Charlottesvillen bertan, manifestazio antifaxista baten aurka jo zuen arrazista zuri batek, autoz, eta manifestarietako bat hil, eta beste hemeretzi zauritu zituen. Ordurako, Orpheum aretoko arduradunak herritar ugariren kexuak jasotzen hasiak ziren, Gone with the Wind filma ematen zutelako. AEBetako hegoalde esklabistan girotuta dago filma, iparralde abolizionistarekiko gerra betean, eta esklabotza erromantikotzea eta beltzak nagusirik gabe bizitzen ez dakiten pertsona otzan gisa agertzea leporatu zioten ikusle ugarik. Antzokiko arduradunek, azkenean, filma gehiago ez ematea erabaki dute, AEBetako Zinema Institutuak inoizko hamar pelikularik onenen artean sailkatua daukan arren —sailkapen hori egin dutenen irizpideei buruz hitz egiteko garaia ere badela idatzi du zenbaitek—. Abuztuaren 27an jakinarazi zuen erabakia Orpheum Theater Groupeko presidente Brett Pattersonek: «Ezin dugu hiriko biztanle asko eta askorekiko sentiberatasun eza agertzen duen film bat erakutsi». Memphisko biztanleen %64 beltzak dira.

Denek ez dute begi onez ikusi erabakia. Filma arrazakeriaren kontzientzia hartzeko baliagarria ere izan daitekeela adierazi dute batzuek. Besteek, Hattie McDaniell ekarri dute gogora, film horretan egiten zuen neskame rolagatik Oscar saria jaso zuelako. Lehen beltza izan zen sari hori jasotzen.

Jaiotzetik

Zinemaren eta arrazakeriaren arteko lotura ez da berria, inolaz ere. Hizkuntza zinematografikoaren hastapenak markatu zituen The Birth of a Nation (D.W. Griffith, 1915) pelikula mutuak —iraupen luzeko kontakizun bat eta plano desberdinetako filmaketen muntaketa eskaini zuen, ordura arte inork ez bezala—, esaterako, arrazakeria sustatu zuen, zurien ustezko nagusitasuna haizatuz eta Ku Klux Klan Hegoaldea beltzen mehatxuarengandik babesteko heroi talde gisa agertuz. Mutua izanik ere, «ariar arrazaren nagusitasuna» aipatzen da filmean, eta beltz burujabeak bortitz, arlote, kriminal eta emakume zurien bortxatzaile potentzial gisa agertzen ditu. Beltz onak ere agertzen ditu: neskame eta mirabe otzanak. Gone with the Wind-eko protagonista nagusiaren, Vivien Leighek gorpuztutako Scarlett O'Hararen, Mammie neskame esklaboa —Hattie McDaniell— bezalaxe. Bada alde bat bi filmetako esklabo rolen artean, hala ere: Griffithek beltzez margotutako aktore zuriak erabili zituen; Flemingek, benetako beltzak.

Donald Bogle zinema historialariaren arabera, zinemaren hastapenetan beren burua antzezteko aukera ere ukatu zitzaien beltzei, aktore zuriak margotuz horretarako. Segidan, aktore beltzei rol jakin batzuk bakarrik egiten utzi zitzaien: mirabe, neskame, komiko, piztia basati, kriminal hipersexualizatu edo pertsonaia dardarti eta irizpide propiorik gabea. Film horiek ikusten zituzten beltzak ohitu egin ziren beren arrazakoak azpiratu beharreko pertsona gisa ikustera, belztasuna zerbait lotsagarritzat barneratzera. Horri erantzunez, «arraza filmak» ezizenez deitu zitzaienak ekoizten hasi ziren Hollywoodetik kanpo. Beltzek beltzentzat egindakoak ziren film haiek, eta Ipar Carolinako Oscar Michieux idazle, ekoizle eta zuzendaria izan zen aitzindaria. 1919an zuzendu zuen The Homestader. Genero horretako lehen lan gisa hartua da. Beltzen aurkako lintxamenduak, bazterketa, zapalkuntza ekonomikoa eta bestelako bortxei buruz mintzatu zen filmatu zituen 44 pelikuletan. Bazekien zertaz ari zen, bera ere esklabo izana baitzen. Haren pertsonaiak konplexuak ziren, zinema zuriak ezarritako estereotipoak puskatzen zituzten. Segregazio garaiko AEBetan, arraza filmak beltzentzako aretoetan bakarrik ikus zitezkeen; zurientzakoetan sekula ez ziren erakutsi. Film haietan, beltzak protagonista izan zitezkeen, profesional arrakastatsuak.

Bien bitartean, NAACP Koloreko Pertsonen Aurrerabiderako Elkarte Nazionalak Hollywood estutzeari ekin zion. 1942an, bilera egin zuen estudio nagusietako buruekin, afro-amerikarren filmetako irudia hobetzeko eskatuz. Kameren atzean ere langile beltzak ugaritzea eskatu zuten. 1950-1960ko hamarkadetan, Eskubide Zibilen Aldeko Mugimenduarekin, Harry Belafonte, Dorothy Dandridge eta Sidney Poitier izar bihurtu ziren. Azken hori, zurien moduan —dotore jantziz, jokatuz eta hitz eginez— jokatzen zuen beltzaren estereotipoa bihurtu zen. 1970eko hamarkadan, zurien biolentziari biolentziarekin erantzuteko arazorik ez zeukaten beltz lotsagabeak eta oso matxistak ugaldu egin ziren afro-amerikarrek egindako pelikula arrakastatsuenetan. Hamarkada luze bat geroago heldu zen beren komunitatearen arazoen kontzientzia langai bihurtu zuten Bill Duke, Reginald Hudlin, Spike Lee eta John Singleton moduko zinemagileen belaunaldia.

Gaurkotasun osoa

Aitzindarien lehen lanetan ageri den egiturazko arrazakeria ez da desagertu zinema pantailetatik. Ezta AEBetako kaleetatik ere. Telebista pantailen bidez hedatu zen Los Angelesko Poliziako lau agentek 1991ko martxoaren 3an Rodney King taxilari afro-amerikarrari eman zioten jipoiaren irudiak, eta orduan piztu zen suaren antzekoek aldiro zeharkatu dituzte sare sozialak, hedabideak, arrazakeriaren aurkako ekintzaileak eta kaleak. Tryvon Martinen hilketa 2012an; Michael Brownena 2014an; sakelako telefonoaren zein tokian-tokiko Poliziaren kamerek grabatutako beste hamaikaren tiroketak... Pelikula sorta batez erditu dira. Gehienak, dokumentalak. Oscar Michieuxek duela ia mende bat lintxamenduak nola, hala dituzte hizpide egun beltzen aurkako tiroketak, jazarpen ekonomikoa eta kartzelatze masiboak. Ryan Cooglerren Fruitvale Station-ek (Fruitvale geltokia) Oscar Grant III.a Poliziak tiroz hil zuenekoa kontatu zuen 2013an. Ava DuVernaysen 13th (Hamahirugarrena) dokumentalak, espetxeetan zeuden beltzak bihurtu zituen protagonista iaz, eta Raoul Pecken I Am Not Yor Negro-k (Ez naiz zure beltza), James Baldwin idazle eta aktibista afro-amerikarraren borrokak. Fergusongo ekintzaileei buruzko Sabaah Folayan eta Damon Davisen Whose Streets? (Noren kaleak?) ikusgai dago oraintxe AEBetako zinema aretoetan. Armarik gabe zegoen anaia eskizofrenikoa 1992an tiroz hil zioten Yance Forden Strong Island (Uharte indartsua) Netflixen eta aretoetan estreinatuko dute hil honetan. Oaklandeko Polizia Saila berritzeko ahaleginei buruzko Peter Nickeren The Force (Indarra) ere, berehala helduko da aretoetara. Erik Ljungek hiru urteko lanaren ondoren aurkeztu du Poliziak Milwaukeen hil zuen Dontre Hamiltonen inguruko The Blood is at the Doorstep (Odola sarreran dago). Ez dira halako lan bakarrak. Azkenak ere ez dira izango. Charlottesville da horren froga. Azkena, oraingoz.

BERRIAn argitaratua (2017/09/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA