astekaria 2017/09/15
arrowItzuli

kirola

Berdintasuna izan da garailea

Ainara Arratibel Gascon

Berdintasuna izan da garailea

Futbol epaileen jardunari beti erreparatu izan zaio luparekin. Zaleek begiz jota izan ohi dituzte erabaki oker edo eztabaidagarri bat hartzen dutenean. Begirada guztiak haiengan daude jarrita, maiz. Igandean, ikusmin hori are handiagoa izan zen, Hertha Berlinen eta Werder Bremenen arteko Bundesligako partidan. Izan ere, Bibiana Steinhaus (Hannover, Alemania, 1979) lehen emakumea izan zen gizonezkoen goi mailako futbol liga batean partida bat epaitu zuena. Ikusmin hori zegoela jakinda ere, ohikoa duen zorroztasunarekin eta nortasunarekin zuzendu zuen partida Steinhausek. Jokalariekin gertukoa izanda, baina erabakietan irmo. Partida bana amaitu zen. Baina partidak izan zuen garaile bat: berdintasuna. Futbolak beste gol bat sartu zion berdintasunik ezari.

Haien jarduna oharkabean pasatzea izan ohi da epaile guztien nahia. Erabakiak zuzen hartu izanaren seinale izan ohi da hori. Steinhausek hori, behintzat, lortu zuen. Lasai zelairatu zen, eta partida behar bezala gidatzen jakin zuen: jokatzen utziz, zegokionean erabakiak hartuz, eta jokalariei behar bezala horiek azalduz.

Bi jokaldi eztabaidagarri izan ziren norgehiagokan. Biak Werder Bremenen arean. Lehena, 73. minutuan izan zen. Valentin Stocker Herthako erdilaria area barruan erori zen, Salomon Kalou taldekidearekin bat-bikoa egin ostean. Jokaldi korapilatsua zen, eta etxeko taldeko zaleen presioarekin, errazena penaltia adieraztea zen. Burua hotz izan zuen, ordea, Steinhausek, eta VAR Epaileei Laguntzeko Bideoa begiratzea erabaki zuen. Horri esker berretsi zuen ez zela penaltia, eta jarraitzeko adierazi zuen.

Handik minutu gutxira antzeko beste jokaldi bat izan zen:Vedad Ibisevic aurrelaria izan zen arean jausi zena. Oraingo honetan, jokaldia argia zen. Robert Bauber atzelariak baloia jo zuen, eta garbi kendu zion Ibisevici. Amaieran, guztiek zoriondu zuten.

«Pozik» eta «eskertuta» mintzatu zen Steinhaus: «Nire ametsa beti izan da Lehen Mailan epaile izatea, eta oso pozik nago». Emakume izateari ez zion aparteko garrantzirik eman nahi izan. «Beste emakume batzuei Lehen Mailara iristen laguntzeko balioko balu, pozik nengoke. Baina ez edu axola epailea emakumea izan edo gizona izan. Erabakiak ondo hartzean dago gakoa».

Txikitatik izan zuen gustuko futbola. Atzelari postuan jokatu zuen bere auzoko taldean: Bad Lauterbacken. Baina berehala konturatu zen horrek ez zuela betetzen. Beste modu batera bizi nahi zuen futbola. Jokatu baino gehiago, epaitu egin nahi zuen. Aita epaile zen, eta haren arrastoari jarraitu nahi zion. 16 urterekin hasi zen horretarako prestatzen. Urte hauetan maila guztietan epaitu du. 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetan ere egon zen, eta aurreko sasoiko emakumeen Txapeldunen Ligako finala zuzendu zuen.

Dena den, ez zuen espero hain gora iristea. Beraz, epaile izateko prestatzearekin batera, Polizia izateko lan eskaintza publikoa gainditu zuen. Urte batzuetan hori izan zuen lanbide. Bere bi ogibideek antzekotasuna dutela esan izan du sarritan: «Erabakiak hartzean oinarritzen dira, eta horiek azaltzen jakitean».

Horri lotuta, argi du epaile batek izan behar dituen ezaugarriak: «Zorrotza eta irmoa izan behar du erabakietan, nortasuna duela erakutsiz. Baina komunikatzeko gaitasun handia ere izan behar du, batez ere jokalariekin». Ez horiekin bakarrik, baita marrazainekin ere. Izan ere, talde lanean sinesten du Steinhausek: «Futbola asko aldatu da. Garai batean baino bizkorrago jokatzen da, eta, hori dela eta, gero eta zailagoa da erabakiak hartzea: adibidez, jokoz kanpoak adieraztekoko orduan. Beraz, epaileok marrazainekin izan behar dugun harremana gero eta estuagoa eta eraginkorragoa izan behar du». Hala, ez du zalantzarik: «Epaile batek ezin du bere kabuz erabaki bat hartu».

Zorroztasuna eta umorea

Jokalarien eta entrenatzaileen errespetua irabaztea ere ezinbestekoa iruditzen zaio. Bere ibilbidean hala erakutsi du. 2014an, adibidez, Bayern Munichen eta Borussia Moenchengladbachen arteko partidan laugarren epailea izan zen. Haserre gerturatu zitzaion Bayerneko entrenatzaile Pep Guardiola. Bere onetik aterata, sorbaldatik heldu zion. «Ez ukitu», esan zion Steinhausek, begirada zorrotz eta irmoarekin. Hori nahikoa izan zen Guardiola aulkira itzultzeko. Partida amaieran hedabide guztiek galdetu zioten gertatutakoaz. Baina nahiago izan zuen ez erantzun. Errespetua zelaian irabazten dela uste baitu, eta ez hedabideekin hitz eginda.

Umorea eta irmotasuna erabiltzen ditu errespetu hori lortzeko. Sasoi honetan, Steinhausek epaitu zuen Bayern Munichen eta Chemnitzen arteko Alemaniako Kopako partida. Falta bat adierazi, eta hura jaurti aurretik, Frank Ribery Bayerneko jokalaria makurtu egin zen. Ezustean botetako sokak askatu zizkion Steinhausi. Ez zion txartel horirik atera, baina hitzez adierazi zion ez zitzaiola gustatu. Partida amaieran, Ribery bera joan zitzaion eskua ematera eta barkamena eskatzera. Elkarrekin egin zuten aldagelarako bidea, irribarrez.

Zorrotz prestatzen du partida bakoitza. Fisikoa asko lantzen du. «Batez ere abiadura, jokaldien gainean egoteak asko laguntzen baitu». Bideoak ere ikusten ditu: «Horrek beste epaileen jarduna aztertzen laguntzen dit, eta jokoa hobeto ezagutzen, besteak beste».

BERRIAn argitaratua (2017/09/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA