astekaria 2017/09/15
arrowItzuli

gizartea

Hegazkinak lurreratu ezin diren aireportua

Iosu Alberdi

Hegazkinak lurreratu ezin diren aireportua

Hondarribiko aireportuak (Gipuzkoa) gorabehera ugari izan ditu 1955ean eraiki zutenetik. Oraingoan, Europatik iritsitako segurtasun eskakizunek eta lurreratze pistaren neurriek jarri dute agenda politikoan. Izan ere, Europako Batasunetik eskatutako neurriek pista 300 metro laburtzera behartu ditu aireportuko arduradunak.

Pista moztea abuztuaren 17an amaitu zen. Mozketarekin, ordea, arazoak iritsi dira, eguraldi euritsuarekin batera. Vueling konpainiako Airbus A-319 hegazkinak —egunean bi konexiorekin Bartzelona eta Hondarribia lotzen ditu— ez du lurreratzeko eta aireratzeko leku nahikorik. Beraz, Loiun (Bizkaia) abiatu eta amaitu behar izan ditu hainbat hegaldi. Vuelingek adierazi du «behin-behineko» egoera dela, pistaren egungo zola aldatzeko lanak abiatu bitartekoa. Lanak abiatzean, Air Nostrum enpresaren ATR-72 hegazkinak erabiliko ditu, txikiagoak. Amaitzean itzuliko dira Airbusak. Halere, Bartzelonarako lotura ez da arazoak izan dituen bakarra. Atzerapenak egon dira Hondarribia eta Madril arteko loturan ere.

Aireportuaren sustapenean lan egiten duen Afodesa elkartearen ustez, egokitzapen lanen ondoren egin behar zen mozketa. «Air Nostrumen hegazkinak ez dira irailaren 14ra arte iritsiko. Bitartean, hilabetez, inor ez da bidaiariez arduratu», dio Afodesako presidente Yon San Martinek. «Itxura penagarria ematen ari da».

Egun, Hondarribiko aireportutik Madrilera eta Bartzelonara bakarrik irteten dira hegaldiak. Udan Londreserako eta Palmarako (Herrialde Katalanak) loturak gehitu zaizkie horiei. Aireportuaren eraginkortasuna ezbaian jarri da, egungo egoeraren eta Loiuko eta Forondako (Araba) aireportuen gorakadaren ondorioz. Miarritzeko aireportua ere Gipuzkoakotik 30 kilometro ingurura dago.

Gipuzkoako Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako ahaldun Marisol Garmendiak (PSE), ordea, adierazi du «argi eta garbi» esan behar dela Hondarribiko aireportuak etorkizuna duela. Halere, uste du okerra dela Loiuko aireportuarekin alderatzea: «Inoiz ez gara Bilbo bezalakoak izango». Gipuzkoako Aldundiko bozeramaile Imanol Lasak ere beharrezko ikusten du lurraldeak aireportua izatea, baina horren berezitasunak gogoratuz: «Kontuan izan behar dugu aireportua non kokaturik dagoen».

Hondarribiko aireportua biosfera erreserba batean kokatua dago, eta Irungo eta Hondarribiko hiri eremuetatik gertu. Arrazoi horiek zailtzen dute hainbatek desio duten pistaren luzatzea bideragarri izatea. «Hondarribiko Mendelu auzoaren garapenean eragina izango luke, tokiko bizilagunei eta jarduera ekonomikoari zuzenean eraginez», diote bertako udaletik.

Eusko Jaurlaritzak ere adierazi du luzapenaren inguruko eztabaida ez dagoela mahai gainean. Pistako zolaren egokitzapenean ikusten du etorkizunean errendimendua hobetzeko bidea: «Orain arte Gipuzkoara iritsi ez diren hegaldiei atea irekiko zaie».

Iritzi kontrajarriak

Aireportuaren etorkizunaren inguruan, hainbat arduradun politikoren iritziak argitaratu dira azken egunetan. Bi bandotan banatu dira, luzapenaren aldekoak eta aurkakoak. Gipuzkoako Foru Aldundiko alderdien barruan ere kontraesanak sortu ditu egungo egoerak.

Hitz egiten azkenetakoa Gipuzkoako Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako ahaldun Denis Itxaso (PSE) izan da, bere gobernukideei aurka eginez. Itxasok pistaren luzapenaren alde egin du: «Handitzea da geratzen zaigun alternatiba bakarra». Halere, onartu du konponbide «korapilatsua» dela. Aurretik, bere alderdikide eta Espainiako Kongresuko diputatu Odon Elorzak Espainiako Gobernuari «gestio politikoak» abiatzeko deia egin zion, luzapen posible baten baldintzak Eusko Jaurlaritzarekin adosteko. PPren barnean ez zituzten hitzok ongi jaso. Alderdiaren Gipuzkoako idazkari nagusi David Hernandezek adierazi zuen «EAJk eta PSEk nahi izanez gero» aireportuaren eraginkortasuna bermatua egongo litzatekeela: «Espainiako Gobernuak azpiegituraren inguruko adostasuna defendatu du beti».

Aireportuaren elkarte sustatzaile Ortzibiako kide Hondarribiko Udala, aldiz, luzapenaren aurka agertu da, eta azpimarratu du Ortzibiako bileretan ez dela «inoiz» gaiaren inguruan hitz egin. Hondarribikoarekin batera, Irungo eta Donostiako udalek, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Bazkundeak osatzen dute elkartea.

Pistaren egokitzapena

Mozketaren ondoren, pistaren egokitzapen lanak martxan jarriko dira. Irailetik abendura bitartean egokituko da zola. Aldaketa Vuelingek eskatuta iritsi da, egungo pistaren egoerarekin arazo gehien izan dituen konpainiak. Zolan ardaskak egingo dituzte, marruskadura koefizientea handi dadin eta hegazkinak lur bustiarekin errazago lurrera daitezen.

Ortzibiaren ustez, pistaren artekaketak hegazkin berriak Gipuzkoan lurreratzeko aukerak zabaltzen ditu. Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiak ere orain arteko arazoen irtenbide gisa ikusten du. Adierazi duenez, orain arte eguraldi txarrarekin egoniko arazoak «aurreikusita» zeuden, lanak hasi bitarterako: «Artekaketa horrelako egoerak saihesteko da». San Martin, ordea, ez dator bat ideia horrekin: «Egokitzapena adabaki bat da». Afodesaren ustez, hegazkinak lurreratu ahalko dira, baina mugekin.

Ez da lehen ahalegina

Ez da luzapena proposatzen den lehen aldia. Espainiako Gobernuak, PPren esku, luzatzeko gida plan bat onartu zuen 2001ean. Inguruko udalen ezezkoa jaso zuen plan hark, 300 etxebizitza eta hogei lokal komertzial desagertzea baitzekarren Hondarribiko Mendelu auzoan. Gida plan hura 2004an indargabetu zuten.

2006an, ordea, euskal erakundeak ados jarri ziren Espainiako Sustapen Ministerioari pistaren luzapena eskatzeko. Luzapen hori Espainiako Gobernuak proposatutakoa baino txikiagoa zen, 150 metro ingurukoa. Mendelu auzoko hainbat pabiloiri eragingo lieke, baina ez tokiko etxebizitzei. Aenaren aurreproiektu ere izan zen proposamena, baina bertan behera geratu zen 2009an, aurrekontuarekin lotutako arazoak medio. Ordutik, aireportuaren inguruko udalak luzapenaren aurka agertu dira.

BERRIAn argitaratua (2017/09/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA