astekaria 2017/09/08
arrowItzuli

ekonomia

PREZIOEN DILEMA

Ivan Santamaria

PREZIOEN DILEMA

Langabezia tasa zerora hurbildu ahala, ekonomia baten prezioak igo egingo dira, eta, ondorioz, inflazioa handitu egingo da. Langabeziaren eta inflazioaren arteko harreman negatibo horri Phillipsen kurba esaten zaio, eta gaur egungo eredu makroekonomikoen oinarri funtsezkoetako bat da. Desinflazioak eta deflazio arriskuak arreta guztia bereganatu dute azken urteotan, baina ez da sekula zalantzan jarri egoera onbideratzen hasita prezioek noizbait berriro gora egingo zutela. Baina ez da halakorik gertatu.

Gas isuriak ote zeuden ikertzeko meategietara jaisten zituzten kanarioen zeregina bete beharko luke langabeziak banku zentralentzat. Gasa ikusi ezin denez, kanarioen heriotzak azaleratzen zuen arazoa. Langabeziaren erorialdi bati, luze gabe, inflazioaren gorakada batek jarraitu beharko lioke. Baina gasa egonda ere, oraingo honetan kanarioa ez da hil. Ekonomia gehienetan, inflazioa historiako txikienetakoa da, baita krisiaren zama atzean utzi eta susperraldi egonkor samarra izan duten zenbait herrialdetan ere. Ekonomisten arteko eztabaida piztu du egoerak: hil egin da Phillipsen kurba, meategietara jaisten zituzten kanarioak gasa arnastean hiltzen ziren modura?

AEBetan, hazkundeak hartu du erritmoa. Urte arteko tasan %3 hazten ari da, eta langabezia %4,3raino jaitsi da. Haatik, inflazioa %2,5etik %1,7ra jaitsi da urtearen joanean. Prezioen gorakadaren presioa ez da inon ageri, eta misterioak harrituta dauzka Erreserba Federaleko (Fed) agintariak. Erreserbako kide batzuen ustez, Phillipsen kurba ez da dagoeneko baliogarria inflazioarekin zer gertatuko den aurreikusteko. Kide gehienek, ordea, badute konfiantza orain arteko ereduekin.

Ez dira soilik AEBak, ordea: Japonian eta Alemanian, joera antzekoa da. Erresuma Batuan ere antzeko emaitzak daude, baina herrialde horretan inflazioak izan duen gorakadak zerikusi handiagoa du brexit erreferendumaren emaitzekin. Egoera bereziki korapilatsua da EBZ Europako Banku Zentralarentzat. Eurogune osorako politika bat ezarri behar du, baina herrialdez herrialdeko egoera oso ezberdina da. Gainera, ekonomia sustatzeko ezohiko neurriekin zer egingo duen erabaki beharko du aurki.

Igotzen ez diren soldatak

Polemika tekniko eta ezkutu samarra irudi lezake, baina herritarren poltsikoan ondorio praktiko zuzenak dituzten horietakoa da. Langabezia jaisteak, batez ere, soldatak igotzea eragin beharko luke, eta hazkunde hori bihurtzea inflazioaren bultzatzaile. Ez da hori gertatzen ari. Europako Banku Zentralak gaiari heldu zion uztailean, bilera agirian irakur daitekeenez. «Faktore batzuk egiturazkoak direla dirudi. Posible da lan merkatuetan, kontratuetan eta soldatak finkatzeko prozesuetan egon diren aldaketek egiturazko haustura bat egin izana Phillipsen kurban», dio testuak.

Kurbaren eragina desagertu izanari azalpen ezberdinak bilatzen ari zaizkio. EBZk berak batzuk aipatu ditu. Horietako bat da langabezia neurtzeko bestelako aldagairen bat erabili beharra. Tasa orokorra behera doa, baina lanpostu prekario, partzial eta aldi baterakoen gainean. Horien ugaritasuna soldaten hazkundea trabatzen ariko litzateke. Laburbilduz, enplegu berriak kalitate eskasagoa du. EBZren arabera, azpienplegu horiek gehituta, lanpostu baten bila daudenak %18ren bueltan leudeke —langabezia tasa %9,1 da eurogunean—. Alegia, enpresaburuek badute non aukeratu, eta horrek soldatak baxu mantetzen ditu. Gainera, langabezia tasa txikia bada ere, jarduera tasak ez dira asko handitu. Hortaz, badira lan merkatura egoera hobetzean sar daitezkeen pertsona gehiago, eskulan eskaintza handituko dutenak.

Phillipsen kurba hil bada, nor da erruduna? Faktore bat baino gehiago aipatu dute adituek. Teknologiaren hobekuntza, globalizazioa eta sindikalizazioa apaldu izana aipatu dira, langileen negoziazio ahalmena mugatu duten arrazoi gisara. Beste batzuetan sakontzen hasiak dira ikertzaileak. MITeko eta AEBetako Ekonomia Ikerketen Bulego Nazionaleko talde batek merkatu oligopolistikoen hedakuntzari erreparatu dio. Konpainia boteretsu batzuek merkatuaren zati geroz eta handiago bat kontrolatzen dute. Kontzentrazioa handien den sektoreetan, jaitsi egin da langileen ordainak hartzen duen partea, batzuetan nabarmen, mende berria hasi zenetik. Beste azalpen bat lanaren izaeraren aldaketa litzateke: lanpostuak geroz eta zatikatuagoak daude, batez ere zerbitzuetakoak.

Euroguneko inflazio tasa %1,5 izan zen abuztuan, bi hamarren igota, baina azpiko inflazioa —energia eta elikagaiak kenduta— %1,3 da oraindik ere. Ostegunean bilduko da EBZko kontseilua, eta ondo pentsatu beharko du bere hurrengo mugimendua: garaia da pizgarriak kentzeko Phillipsen kurbaren arrastorik ez bada?

BERRIAn argitaratua (2017/09/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA