astekaria 2017/09/08
arrowItzuli

iritzia

'Els segadors'

Miren Amuriza

'Els segadors' Miren Amuriza

Inpresioa egin zidan Erreferendumerako Legea onartu berritan Kataluniako Parlamentuan sortu zen giroak: diputatuak txaloka zutitu ziren eta kantatzeari ekin zioten; ukabilak altxatuta batzuk, eskuak gurutzatuta besteak. Ez nuen abestia ezagutzen baina solemnea iritzi nion, kutsu epikoduna. Letra topatu nuen gerotxoago, eta orduantxe jabetu kantaldi haren intentsitateaz, sinbolikotasunaz.

Kataluniako himno ofiziala omen Els segadors (Segalariak), bertako nekazariak Felipe IV.aren kontra matxinatu zirenekoa kontatzen zuen XVII. mendeko erromantze batean oinarritutakoa: «Katalunia, garaile, / aberatsa eta osoa izango da berriz! / Egizue atzera jende / harroputz eta hantusteok! / A ze igitai-kolpea! / A ze igitai-kolpea, lurraren defentsoreok! / A ze igitai-kolpea! / Oraintxe dugu unea, segalariok! / Oraintxe dugu alertan egoteko unea! / Zorroz ditzagun ondo erremintak / beste ekain bat datorrenerako! / Zeinen beldurgarria etsaia / gure bandera ikustean: / urrezko galburuak erorarazten ditugun legez/ segatzen ditugu kateak hala komeni denean.»

Eta gurean, zer kantatuko ote genuke gisako egoeraren batera iritsiz gero? Gora ta gora Euskadi? Genikako arbola? Eusko gudariak? Araban bagare? Jende zoriontsua herri libre batean? Kantatzen duen herria ez ei da inoiz hilko, eta (gaur gaurkoz) batera kantatzen ez duen herria?

BERRIAn argitaratua (2017/09/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA