astekaria 2017/09/08
arrowItzuli

kultura

Auster: «Leku mingarrietara ere joateko prest behar du idazleak»

Iñigo Astiz

Auster: «Leku mingarrietara ere joateko prest behar du idazleak»

«Sekula ez zait gustatu liburuak gehiegi planifikatzea. Bulkada batekin hasten naiz, prosaren musikaren zantzu batekin, eta liburu bakoitzak dauka bere musika horregatik. Musika entzun badezaket, liburua idatz dezaket». Oraingoan, lau doinuko sinfonia oso bat bilakatu zaio hasieran igarri baino egiten ez zuen doinu xume hori Paul Auster idazleari (New Jersey, AEB, 1947). Bere gaztaroan ezagututako 1960ko hamarkadatik aurrerako AEBen erretratu zabala eskaintzen duen 900 orritik gorako eleberria kaleratu du, eta bitxia da horretarako baliatu duen teknika narratiboa ere, protagonista bakarra izan arren, protagonista horren lau bizitza posible paralelo kontatzen baititu 4 3 2 1 liburuak. Europan egiten dabilen aurkezpen biraren barruan Bilboko Azkuna zentroan izan da lana aurkezten.

Lehen lerroko idazlea da Auster, eta ezagun dira haren New Yorkeko trilogia, Brooklyngo erokeriak, Leviathan eta Sunset Park eleberriak, esaterako. Ipar Amerikako idazlerik esanguratsuenetakotzat daukate kritikariek, eta maiz aipatzen dute bere izena Literatur Nobel sarietarako hautagaien artean. Halere, idazle bizitzaren hasiera ez zela hain erraza izan gogoratu du Bilbon: 17 argitaletxek esan zioten ezetz Kristalezko hiria eleberriaren eskuizkribuari.

«Pentsa, New Yorkeko trilogia Los Angeleseko argitaletxe txiki literario oso on batek atera zuen!», egin du broma. Eta irribarrez zehaztu du orduan jasotako diru aurrerapena ere. 100 dolar lehen liburuarekin. 100 bigarrenarekin. Eta 100 hirugarrenarekin. Dioenez, ordea, on egin zioten ezezko haiek guztiek, haiei esker ikasi baitzuen ez zuela argitaratzeko idazten. «Gosea» aipatu du bere idazteko gogoa azaltzeko. «Garai hartan, ez nien eman zizkidaten ezezkoei kasurik egiten, eta, beraz, orain ere esaten dituzten gauza onei buruz kasurik ez egitea iruditzen zait zintzoena. Mantendu burua lurrean, segi lanean, eutsi goseari, eta jarraitu zeure burua urrunago joatera behartzen».

Manifestua, patuaren aurka

Ezagun zitzaion aurreko liburuetan ere kasualitateekiko eta zoriarekiko zaletasuna idazleari, eta muturreraino eraman du oraingoan joera hori. Bidegurutze guztiak batera hartu ditu idazleak bere azken eleberrian, eta lau bizitza posible irudikatu dizkio Archie Ferguson protagonistari. Guztiak dira Rose eta Stanleyren seme, eta guztiak jaio dira 1947ko martxoaren 3an, baina bereiziz joango dira hortik aurrera beren ibilbideak, eta lau Archie posible horien jarraipen zehatza egiten du liburuak. Kazetari bilakatzen da Archie bizitza posible horietariko batean, zuhaitz batek azpian harrapatu eta 13 urterekin hiltzen da beste bizitza batean, bohemio bihurtzen da hirugarren bide paraleloan, eta bere eleberri handia nola idatziko asmatu nahian dabilen idazle bat da beste batean. Archie 1, Archie 2, Archie 3 eta Archie 4, alegia, eta horregatik liburuaren titulua ere: 4 3 2 1.

Ezetz esan du lehenik: ez, ez duela patuan sinesten. Eta baietz esan du gero: bai, liburua har daitekeela patuaren aurkako manifestu modukotzat. «Bizitza bakarra edukitzera murriztuta gaude, baina liburuak kontatzen du bizitza bakar hori nola izan zitekeen ezberdina, baldin eta baldintzak ezberdinak izan balira, are, baita soilik apur bat ezberdinak balira ere».

Bere idazketa prozesuari buruz ere eman ditu azalpen batzuk idazleak. Eskuz idazten jarraitzen duela azaldu du, esaterako. «Hiru urte behar izan ditut liburua idazteko, nik ere ezin nuen sinetsi zeinen azkar ari nintzen idazten. Eskua lehertzeko arriskua izango nukeen azkarrago idatzi banu!». 50 urteko ibilbidearen ondoren ere, esku hutsez eta idazmakinaz idazten jarraitzen baitu idazleak oraindik ere. Paragrafoz paragrafo aritzen dela dio. Koaderno batean idazten ditu lehenik lumaz, eta bukatutzat ematen duenean soilik, pasatzen du idazmakinara, zuzenketak egiten dizkio, eta orduan gordetzen karpetan. Eta berdin paragrafoz paragrafo. «Idaztean, sekula ezagutu gabeko herrialdeetara doan abenturazale baten pare sentitzen naiz maiz».

Lilurarik ez, ordea. Minak ere badu bere partea idazketa prozesuan Austerrentzat. «Oso lasai egon behar duzu idatzi ahal izateko, eta prest egon behar duzu ezerosoak eta are mingarriak ere izan daitezkeen lekuetara joateko».

Kennedy, sexua eta Trump

Nahasian doaz 4 3 2 1 eleberrian pertsonaien bizipen intimoak eta AEBetako historiako pasarteak. Hala, hain justu Kennedy hil zuten egunean jotzen du larrua lehen aldiz Archiek bere hirugarren bizitza posiblean. Eta presentzia handia dute liburuan eskubide zibilen aldeko borrokek, Vietnamgo gerraren aurkako mugimenduek eta Kaliforniako gay eta lesbianen giroak ere. AEBetako PEN klubeko kide ere bada idazlea, gainera, eta Bilbon ez du ezkutatu Donald Trump lehendakari izateak sortzen dion ezinegona.

«Bai, amesgaizto bat da», aitortu du, baina berriz ere kasualitateari eta zoriari zabalik utzi dio atea. «Baliteke gaur arratsaldean bertan hiltzea, edo baliteke zortzi urtez gobernuan jarraitzea, eta mundua leherraraztea, ez dakit». Literaturak distantzia behar duela dio horregatik. «Ezin duzu zerbait kontatu, harik eta amaituta dagoen arte. Trumpi dagokionez, horregatik, ez dut uste artea denik behar duguna, oso kazetaritza ona baizik. Gertatzen ari dena ongi kontatzea».

BERRIAn argitaratua (2017/09/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA