astekaria 2017/09/08
arrowItzuli

gizartea

Jaizkibel: ikusi nahi ez dena

Arantxa Iraola

Jaizkibel: ikusi nahi ez dena

Hondarribiko (Gipuzkoa) jaiak hastear dira. Aurten, kartelak sortu du polemika; izan ere, urtero biharko egunez egin ohi duten alardean 21 konpainia ateratzen dira desfilatzen aurrean kantinera bat dutela, baina festetako kartelean hogei besterik ez da ageri irudikatuta. Bat falta da. Bereiz desfilatu behar izaten du Jaizkibel konpainiak —parekidea da, gainerakoak ez bezala, eta bazterketa jasaten du horregatik—, eta berehala ulertu da horixe utzi dutela kanpoan. Kartelaren egileak berak aitortu du Hondarribiko Udalean esan ziotela hogei konpainia besterik ez zela ateratzen, eta horrexegatik irudikatu zituela horiek. Udalak antolatutako lehiaketa baten barruan hautatu dute kartela, eta keinu baztertzaileak kritika ugari eragin ditu. Jaizkibel konpainiako kideek ere kritikatu dute, baina haientzat keinu hori ez da deus berria: soka luze batean egindako korapilo zatar bat gehiago da. «Beste bat». Izaskun Larruskainek konpainian kapitain jardun du hainbat urtez, eta bazterkeria keinu ugari ditu gogoan. «Jai egitarauan, esate baterako, gure argazkirik ez da agertzen inoiz», deitoratu du.

Arazoak izaten dituzte entseguak egiteko baimenak lortzeko ere. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren bitartez hitzartzen dituzte orain; izan ere, udalarekin esperientzia oso txarrak izan dituzte: beti sentitu dute trabak besterik ez dietela jarri. «Guri udalak baimena eman izan digu gaueko hamarretan entsegua egiteko, eta han [oso leku urrun batean izan dela adierazteko keinua egin du]. Eta entsegu bat ez da guk geure burua entzuteko; entseguek badute bere tokia, eta bere denbora». Jaiaren parte dira. «Guk ordutegi arrunta nahi dugu: besteena bezalakoa». Alardea egiten den egunean, baztertzaileak udal gobernuaren onespen keinua jasotzen du. «Haiek pasatzen direnean, eliza parean egoten dira, EH Bildu kenduta, gainerako taldeetako udal ordezkariak», azaldu du Larruskainek. Jaizkibel pasatzen denean, berriz, PSE-EE eta Abotsanitza taldeko ordezkariak baino ez dira geratzen han; jeltzaleen ordezkaririk ez dute inoiz ikusi, eta haien esku dago udal gobernua. Alarde baztertzailearen aldeko keinuak, gainera, urteekin gero eta «agerikoagoak» direla uste du Larruskainek: «Lotsa galdu dute».

Baztertuak

Badira Jaizkibelen presentziarik gabeko ekitaldi gehiago. Ia denak halakoxeak dira. Gaur, esaterako, elizkizun garrantzitsua izaten da herrian, salbea; han, konpainia baztertzaile guztietako ordezkariak izaten dira. «Pribilegiozko toki bat izaten dute; haiek sartzen dira aurrena. Atzetik, udal ordezkariak». Mingarria egiten zaio irudia Larruskaini. Elizkizunaren ostean, Arma plazan alkateak aurreskua dantzatzen du. Jaizkibelen inoiz ez dute joateko gonbidapenik jaso; saiatu ere ez dira egin agertzen. Larruskainek aitortu du andreak baztertu gabeko jaien aldeko borroka zaila dela oraindik ere gaur Hondarribian. Konpainia sortu eta hogei urtera. «Nahikoa dugu dugunarekin».

Gorriak ikusi izan dituzte, esaterako, irailaren 8an Guadalupeko Amaren ermitan egin ohi den mezan. Beti parte hartu dute. Eta ia beti sentiarazi diete arbuioa. Atze-atzean egon behar izaten zuten aurrena. «Zutik». Azken urteotan, eserlekuetan tokia izatea lortu dute, baina beste konpainietatik bereizita egon dira beti. «Gure inguruan, jendea zutik jarri izan ohi da elizkizun guztian; gu ikusezin egiteko. Esertzeko eskatu behar izan diegu». Aitortu du, hala ere, azken bi urteotan apur bat baretu dela tentsio hori: hobera. «Orain urte bi izan ziren momentu oso politak». Urte hartan, elizkizun amaieran, lehen aldiz agurtu zuen alkateak Larruskain. Iaz, ordea, berriz okertu zen giroa; Kale Nagusiko igoera aski argia izan zen hori ikusteko. Alarde parekidearen kontrakoek arbuioa erakusteko zabaltzen duten plastiko beltza aurreko urteetan baino handiagoa izan zen. Giroa, beltzagoa.

Berdintasun Saria ematen dute Jaizkibel konpainiako kideek urtero festen atarian. Urtero jai parekideen alde nabarmendu den norbait aukeratu, eta ekitaldi bat egiten dute, Hondarribian bertan, saria emateko. Joan den asteburuan izan da aurtengoa; saria emakumezko bertsolariei eman diete. Udalak kale hor ere. «Urtero gonbidatu ditugu udaleko buruzagiak; ez dira inoiz agertu». EH Bilduko ordezkariak agertu izan dira, eta Abotsanitza eta PSE-EEkoak. Udal gobernutik, ordea, inor ez. Are gehiago, eragozpenak izan dituzte sari banaketa taxuz egiteko —eta beste hainbat ekitalditarako— udal aretoak lortzeko.

Aparteko presentzia

Txosnak ipintzeko baimenak emateko garaian ere udalak alarde baztertzailearen alde egiten duen hautua oso agerikoa dela adierazi du Larruskainek. Txosnen ohiko gunetik aparteko leku batean ipintzen dute taberna bat alarde baztertzailea antolatzen dutenek: San Pedro kalean, herriko tabernarik garrantzitsuenak dauden eremuan. «Tokirik onena da. Baimena nork ematen die? Udalak. Gero, jakina: 'Herria gurekin dago'». Besteak baino handiagoa da txosna hori, eta herriaren bihotza hartzen duela adierazi du Larruskainek, kritiko: «Kalea moztuta; nahi duten ordutegian, nahi duten arauekin».

Beste keinu askok ere erakusten dute Jaizkibel ia ikusezina dela egunerokoan. Jaietako erakusleiho apainduak horren erakusgarri. «Hondarribian ez dago denda leihorik gure aldeko ikurrekin», aitortu du Larruskainek. Irunen ere antzeko arazoa dute alardearekin; han ere, babesa urriagoa dute parekideek. «Han ere gutxi dira. Beldurra dago».

BERRIAn argitaratua (2017/09/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA