astekaria 2017/09/08
arrowItzuli

kultura

Obabakoak, eszenan

Iñigo Astiz

Obabakoak, eszenan

Bizikleta banaren gainean jarrita, Joseba Apaolaza mikrofonora noiz gerturatuko zain dago aktore talde osoa Bilboko Otxarkoaga auzoko Harrobia entsegu aretoan. Iñake Irastorzak eskuekin eragiten die gurpilak gora dituen bere bizikletaren gurpilei, eta haurtzarotik berreskuratutako musika horrekin sartzen du Apaolazaren ahotsak ikuslea Obabako elizaraino: «Ze toki iluna!». Eta berehala aktore koroaren errieta: «Shhhhhhh, Esteban, ez ezazu hain altu hitz egin!». Bernardo Atxagaren Obabakoak eleberria eszenara eramateko erronka jarri dio bere buruari Calixto Bieto antzerki eta opera zuzendari eta Bilboko Arriaga Antzokiko zuzendariak antzokiarentzat egingo duen lehen produkzio propiorako, eta proiektuarekin pozarren dagoela dio. Hamabost egun dira lanean hasi direnetik, eta bera eta bere talde teknikoa baino ez daude oraingoz aktoreen lana ikusten. Urriaren 18rako dute estreinaldiaren data Bilboko Arriaga Antzokian, Bartzelonako Teatro Lliurera joango dira gero, eta Alemaniara ere eraman nahi luke pieza ondoren. Oraingoz, ordea, adi jarraitzen ditu aktoreen mugimendu guztiak entseguan. Bizikleta hotsa oraindik fondoan.

«Hamaika ahotseko poema sinfoniko moduko bat izango da hau». Atxagaren liburua oinarri hartu, eta ipuin eta pertsonaia puzzle moduko bat osatu du Bieitok. Atxagarekin berarekin ere hainbat bilkura egin ditu antzezlana prestatzen hasi aurretik. «Ikaragarria da nobela hori. Dena dauka. Ez naiz literatur kritikaria, baina ez ninduke harrituko azken 50 urteetan idatzitako nobelarik onenetako bat izateak. Ikaragarria da. Hemen oso-oso harro egon beharko zenukete». Aurrez ere Tirant lo Blanch egokitua du Bieitok eszenarako, eta baita Michel Houellebequen Plateforme ere. Eta pozik dago orain proiektuarekin. «Antzezlanean dauden esaldi askok eta askok hunkitu egiten naute», aitortu du.

Talentuaren froga

«Arriaga zuzentzera iritsi nintzenean ere esan nuen hemen oso talentu handia zegoela, eta antzezlan hau da horren froga», dio Bieitok. Hamaika aktorekoa da lantaldea, eta euskal antzerkian ezagun diren izenak daude tartean: Apaolaza, Ylenia Baglietto, Gurutze Beitia, Ainhoa Etxebarria, Miren Gaztañaga, Iñake Irastortza, Karmele Larrinaga, Itziar Lazkano, Koldo Olabarri, Lander Otaola eta Eneko Sagardoi. Horrez gainera, Susanne Gschwender eszenografoa, Michael Baur argi diseinatzailea, Sarah Derendinger bideogilea, eta Sophia Schenider figurinista ere badaude taldean.

Babel kutsu bat ere badu entseguak tarteka. Bazter batean, ingelesez mintzo dira aktoreen kokapenari buruzko xehetasunez Bieito eta eszena zuzendari laguntzailea, alemanez egiten dio lankideari agertoki atzealdeko pantailei buruzko apuntea Sarah Derendinger irudi zuzendariak, agertoki lanak egiten dituen linolioaren gainean gazteleraz aktore batzuk teknikari batekin hizketan, soinekoei neurriak ingelesez hartzen jantzigilea, eta Joseba Apaolaza aretora sartzen, paperak eskuetan, testuko euskarazko hitz baten esanahi zehatzarekin borrokan. «Muskerraren errainua... Errainua... Errainua...».

Euskaraz estreinatuko dute lehenik antzezlana, eta euskarazko testuarekin ari dira lanean aktoreak ere. Gaztelerazkoa ere prestatuko dute gero.

Bieitok ez daki euskaraz, baina Bieito ohituta dago halako egoera linguistikoetara, eta zehatz jarraitzen du aktoreek entseguetan euskaraz esaten dutena. «Jende pila batekin egin dut lan nire bizitzan, eta maiz aritu naiz ulertzen ez ditudan hizkuntzetako lanak zuzentzen. Ez dut finlandierarik hitz egiten, ez danierarik, ez errusierarik, baina lan egina naiz hango aktore eta antzoki garrantzitsuekin ere. Ohitu nintzen musikarekin lan egitera, eta plazera da niretzat euskarazko antzezlan bat zuzentzea».

Oraingoan, gainera, berak prestatu du testuaren gaztelaniazko moldaketa, eta gai da horregatik kasik Apaolazaren euskarazko jarduna hitzez hitz jarraitzeko. Eta baita zuzentzeko ere. Bromak ere egin dizkie aktoreei horregatik:«Ez dakit nik, zure esaldi hori ongi ote dagoen...». Barre lantaldeak.

Zubi ikusezina

Bizikleta gainean dabiltza aktoreak entseguan, eta, oraingoz, xumea da eszenografia ere: mikro batzuk sabaitik zintzilik, pantaila sorta bat agertoki atzealdean. Bideoarekin lanean dabil horregatik Derendinger. Garrantzi berezia hartuko dute irudiek, eta, inspirazio iturri modura ere, antzezlanaren unibertso poetikoarekin bat egiten duten irudiz estalita daude aretoko horma batzuk. Pilotari baten eskua takoak jartzen. Musker begi baten lehen planoa. Antzara batzuk uretatik hegaldatzen hasteko unean. Kutsu onirikoko irudi batzuk. Agertokiko pantailen kokaerarekin bat datorren Pietr Mondrian margolariaren koadro bat. Psikiatrikoetako argazki batzuk. Eskola frankistetako talde argazki horietako batzuk. Eta Egon Schiele margolariaren giza figura bihurritu horietako bat ere bai, azpian apunte batekin: «Crazyness of Esteban» (Estebanen zoramena).

Eskolan irakurri zuen aurrenekoz Atxagaren liburua Sagardoik, eta, aitortu duenez, ez zitzaion gehiegi gustatu. «Ez nuen oso ongi ulertu». Bigarrenez irakurri du antzezlana prestatzen hasi aurretik, eta bere libururik gogokoenetariko bat dela dio orain. «Gure imajinariotik irtendako obra bat da, eta munduko edozein pertsonak uler dezakeen unibertso bat islatzen du. Halako obra bat oholtzara euskaraz eraman ahal izatean, uste dut sortzen dela halako zubi garden ikusezin moduko bat. Lekukoa pasatzen da letretatik oholtzara, eta sentitzen dut oso transformazio naturala dela, beste batzuetan zaila izaten dena».

Pozik dabil lantaldean Gaztañaga ere, eta zuzendariak eskaintzen dien konfiantza eta askatasuna nabarmentzen ditu. «Plazer hutsa da proiektua nola eramaten duen ikustea. Oso giro ona sortzen du taldean, eta oso garrantzitsua da hori. Eta, gainera, gu geu ere sortzaile izateko espazio bat uzten digu».

Zuzendariaren lan metodoak harritu du gehien Etxebarria. «Entsegu motzak egiten ditugu, baina ordu gutxi diren arren, harrigarria da zelako eraginkortasuna daukaten. Oso lan organikoa izaten ari da».

Hanburgon izango da Bieito hurrengo asteetan opera bat zuzendu behar duelako, eta etenaldia egingo du ondorioz lantaldeak. Zuzendariak promesa egin die aktoreei, ordea, entsegua bukatu aurretik: «Oso gogotsu itzuliko naiz, benetan diot».

BERRIAn argitaratua (2017/09/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA