astekaria 2017/09/08
arrowItzuli

bizigiro

Ez dok (gure) telebista

Miren Manias

Ez dok (gure) telebista Miren Manias

Iraganean, 1960ko hamarralditik azken hamar urtera arte, gizarte demokratikoetako informazio egituraren funtsezko elementua zen telebista. Ukiezina eta iraunkorra. Alabaina, aspaldi utzi dio ikus-entzunezko komunikazio tresna garrantzitsu bakarra izateari. Telebista zerbitzu publikoan nozitu da aldaketa hori, neurri handi batean. 1990eko hamarraldian, berrikuntzen artean, kirola eta entretenimendua ekarri zuten lehiakide komertzialek. Ondorioz, telebista publikoaren espazioa murriztu egin da nabarmen. Ikusleen interesa eta parte hartzea galtzeaz gain, haren funtzioa diru publikoaz finantzatzea zalantzan jartzeraino.

Egunotan konturatu naiz telebistarik gabeko kritikaria izango naizela —gailu tradizionalik gabekoa, behintzat—. Eta aparatu horri izkin egin nahi izan gabe, modu (ez) naturalean gertatu den gauza da. Ordea, ez dut sentsazioa telebista ikusteari utzi diodanik. Ez dugu ezta egongelaren antolakuntza aldatu ere, horren ondorioz. Besaulkiak ohiko lekuan daude, Labaien. Hormaren kontra. Aldatu dena da telebista edukiak finantzatzeko, ekoizteko eta hedatzeko modua. Alegia, balio kate osoa. Eskaintzaren erabilgarritasun aroa bizi dugu. Bai eta kontsumo-gizartearena ere. Albistegia, fikzioa, lehiaketak... noiznahi, nonahi eta nolanahi kontsumi ditzakegu. Sarean. Nahieran. Telebista gailu beharrik gabe. Egoera horrek, halabeharrez, denbora gosea eta aukera nekea bultzatu ditu ikuslearengan. Telebista publikoarengan, berriz, oldarka aritzea lehiakide komertzialen aurka.

Bidean erreputazioa, sinesgarritasuna, ahalmen sortzailea, elkarrekikotasuna, ahotsa eta tratua galdu ditu (gure) telebista publikoak. Parte hartze osorako beharrezkoak diren kultura-espazio propioak eskaintzeari utzi baitio. Hizkuntza normalizaziorako eta haren erabilera sustatzeko tresna gisa. Lurralde barneko hedabideak mekanismo osagarriak dira herritarren tokikotasun praktika egunerokoan sartzeko —interes komunak babesteko—. Horrek ez du inplikatzen homogeneotasuna nahitaez. Bai inplikatzen ditu, ordea, gizarte errepresentazioa eta ordezkaritza. Kopiak saihestea. Beste kateek egiten dituzten saioak gurean errepikatzea, alegia. Horregatik, iraganean, banuen sentsazioa gure telebista ikusten nuenik. Ezberdintasun kulturala. Egungoa, aldiz, ez dok gurea.

BERRIAn argitaratua (2017/09/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA