astekaria 2017/09/08
arrowItzuli

gizartea

Ingalaterrako muga, Zierbenan

Asier Arrate Iruskieta Ibai Maruri Bilbao

Ingalaterrako muga, Zierbenan

Euskal Herrian ere bada migratzaileen joan-etorria oztopatzen duen alanbrezko hesi bat. Zierbenan dago, Bizkaian. Bilboko portua inguratzen du. Portsmouthera doan ferryra igota Ingalaterrara joan gura duten dozenaka gazte zauritu ditu uda honetan. «Jende normala gara. Lan bila joan nahi dugu Erresuma Batura. Ez gara ez lapurrak, ez gaizkileak». Adrianek 18 urte ditu. Abuztuko laugarren astean iritsi zen Alemaniatik. Denboraldi batez han bizi izan da. Baina Europako Batasuneko herrialde batean gehienez hiru hilabete egon daiteke. Ez du lanik aurkitu, eta, han egoteko baimena bukatu aurretik, Bizkaira etorri da. Oraingoz ez du harresia gainditu. Ez du ahaleginik egin.

Iraileko lehen egunetan, 50 lagun inguru bizi dira portutik gertu osatu duten behin-behineko kanpalekuan. Oihalezko kanpadendetan babesten dira. Batzuk duela hiru hilabete etorri ziren; gainontzekoek denbora gutxiago daramate. Uztail-abuztuetan, 200 ere izan dira. Jatorriz albaniarrak dira gehienak. Dena den, baliteke eskualdeko beste leku batzuetan gehiago egotea, haiek baino hobeto ezkutatuta.

«Gazteak dira, eta lan egiteko ametsa dute, euskal herritar askok sarri egin duten moduan. Hori dute delitu bakarra», ohartarazi du Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kide Ana Elena Altunak. «Delitugile bakarrak» Europako Batasuneko estatuak direla deritzo. «Arazoa Europa da, bere lege madarikatuekin. Oztopatu egiten du jendearen zirkulazio librea. Kanpalekua ez da arazoa». Errefuxiatuen auzian Euskal Herriak duen erantzukizunaz ere ohartarazi du. «Zer esan handia dugu Sirian gertatzen denarekin. Bilbotik arma mordoa irten da Saudi Arabiara, eta han ez dago gerrarik. Ez dira han geratzen; gatazka guneetara joaten dira. Gure ekonomia altxatzen ari diren enpresak dira; beraz, badugu esatekorik».

Fenomeno berria

Tarteka, noiz edo noiz, agertu izan dira Portsmouthera polizoi moduan joaten ahalegindu direnak. Baina ez da oso ohikoa. Kanpalekuarena fenomeno berria da. Altunaren ustetan, zerikusia izan dezake Frantziako Gobernuak Calaisko kanpalekua desegin izanarekin. «Urte askoan hura izan da Ingalaterrara joan nahi dutenentzako abiapuntua. Frantziatik, ordu gutxian zaude Mantxako kanalaren beste aldean; Zierbenatik, egun eta erdi behar dute, ferry barruan doan ibilgailu batean ezkutatuta».

Aukerarik zailena da Bilbokoa, baina orain daukaten bakarra. Lehenengo, portura sartu behar dute, hesia gaindituta. Ondoren, Espainiako Poliziak eta Bilboko Portuko segurtasun langileek ez ikustea lortu behar dute —haiek zaintzen dute azpiegitura—. Gero, ibilgailu batera sartu behar dute. Aduanako kontroletan Guardia Zibilak harrapa ditzake. Batzuk hainbatetan ahalegintzen dira, baina Adrianek alde egingo du lehenengoan lortu ezean. «Agian, hilabete barru ez da inor egongo. Frantziara edo leku epelagoetara joango gara».

Ferryra sartuta ere, bidaia ez da hesia eta kontrolak gainditzea baino atseginagoa. Klajdi izeneko 23 urteko gazte batena da testigantza hau: «Hiru egun ere egin ditut kamioi batean, jatekorik eta edatekorik gabe. Batzuetan arriskutsua izaten da, barruan eramaten duten zamagatik». Beti ez dute jakiten ibilgailu hori ferryra sartuko den, eta, sartzen bada, noiz sartuko den. Behin itsasontzian, ezin dira ibilgailutik irten, eta han egoten dira jan eta edan gabe, eta pixarik eta kakarik egin gabe. Horregatik, ahalegina egin aurreko egunetan ere baraurik egoten dira. Eta, itsasoaren egoeraren arabera, batzuetan itsasontzia izugarri mugitzen da.

«Zenbatetan entzuten dugun etorkinek sekulako gastua eragiten diotela Osakidetzari. Gazte hauek osasuntsuak dira, eta sasoiko daude. Bestela, nola jasango dituzte horrelako baldintzak?», egin du gogoeta Altunak. Osasun etxera joaten direnean, zauriengatik izaten da.

Klajdik ferryra sartzeko hainbat saio egin ditu, eta behin Portsmouthera iristea lortu zuen. Baina hango portuan harrapatu, eta Bilbora bueltan bidali zuen Poliziak. «Atxilotu egin ninduten, eta zortzi orduz eduki ninduten bakartuta». Kontatu du jipoitu egiten dituztela portuan harrapatuz gero. Ezagutzen du aurpegia ubelduraz beteta utzi zioten gazte bat.

Altunak azaldu duenez, migratzaile horiek trenez edo autobusez etortzen dira Euskal Herrira. Nahiz eta Albania Europako Batasunetik kanpo egon, gazte horiek erabateko askatasuna dute kide diren herrialdeetan ibiltzeko, pasaportearekin. Herrialde bakoitzean, hiru hilabetez. Baina Erresuma Batua Schengengo Ituneko eremutik kanpo dago, eta sartzeko bisa eskatzen diete. Horregatik, han legez kanpokoak dira iristea lortzen dutenak. «Baina hori da haien ametsa, han albaniarren kolonia garrantzitsu bat dagoelako, eta lana lortzen lagunduko dietela uste dutelako. Portsmoutheko portutik irtetea lortzen dutenean, ametsa behintzat bete dute».

Altunak uste du «animalia basati eta arriskutsu modura» tratatzen dituela Europak. «Baina Euskal Herriko beste edozein gazteren antzekoak dira. Arropa dute, sakelako telefonoak dituzte, dirua dute. Baina ez dute bizitzeko lekurik», azaldu du izenik eman nahi ez duen Zierbenako andre batek. Familiako eta inguruko beste emakume batzuekin, migratzaile horiek lagundu dituzten bakarretakoak izan dira.

Ez dute hedabideetan agertu nahi. BERRIAri kontatu dio ahal dutenetan jaten ematen dietela, herriko lokal batean babestu dituztela, sakelakoaren bateria kargatu dietela eta medikuarenera ere lagundu dituztela. Andre talde horretako bakar batek ere ez du atzerriko hizkuntzarik menderatzen. Hala ere, ez dute komunikatzeko arazorik izan. Erakunde publikoekin «oso minduta» agertu da. Gehiago egin zezaketela iruditzen zaio. «Abadeak elizpea zabalik utzita dauka, gauetan han babes daitezen. Keinu txiki bat baino ez da atea giltzaz ez ixtea. Kiroldegian ezin zaie lekurik egin? Hainbeste kostatzen da?».

Andre honek badu kezka bat, eta uste du Zierbenako herritarrek ere hori darabiltela buruan: migratzaile horiek eurek ordaintzen dituzte euren otorduak ostatuetan. «Baina aurreztuta ekarri duten dirua ez da betiko. Zer gertatuko da bukatzen zaienean?». Horregatik, ezinbestekoa iruditzen zaio gizarte zerbitzuek ahalik eta arinen neurriak hartzea. Klajdik kontatu du aurretik Frantzian egon dela, eta, han ere bizitzeko lekurik ez zuen arren, behintzat gobernuak 300 euro ematen zizkiola hilero. «Egoera okertzen hasi zen azken hiletan, eta horregatik erabaki nuen Bilbora etortzea, hemendik Erresuma Batura joateko».

Espero baino okerrago

Haietako batzuek lana lortu dute Portugaleten. Gainontzekoek eguna Santurtzin igarotzen dute, erosketak egiteko eta Internet bidez etxekoekin hitz egiteko. Hondartzako dutxak erabiltzen dituzte euren buruak garbitzeko; arropa, iturrietan. «Bilbora iritsi aurretik, ez nuen imajinatzen baldintza hauetan bizi beharko nuenik. Ikusi nuenean, ezin nuen sinetsi», aitortu du Adrianek. Familiakoek badakite Ingalaterrara joatekotan dela, baina ez die bere egoeraren berri kontatu.

Herrian ikusi dituen migratzaile gehienak gazteak dira, 18 eta 30 urte artekoak. Oraingoak albaniarrak dira, baina gazteek esan dute Siriatik etorritakoak ere izan dituztela uda partean. Bizkaiko Foru Aldundia egiten da adingabeen kargu. Baina, horretarako, identifikatu egin behar ditu Poliziak. Amarildo oraindik ez dute aurkitu; horregatik, 15 urte dituen arren, kanpalekuan bizi da. Taldeko gazteena da. Diputazioaren esku geratzen direnak adingabeen egoitzetara eroaten dituzte. Altunak salatu du espetxean bezala sentitzen direla han gazteak. «Hainbat izan dira baldintza horiek onartu ez eta egoitza horietatik joan direnak».

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideak ere kanpalekuan ibiltzen dira. «Lege arazoak baldin badituzte, laguntzen diegu. Azaltzen diegu zein eskubide dituzten». Altunaren esanetan, laguntzarik handiena euren ingurukoen artean lortzen dute. «Gure laguntzarekin edo gabe, etorri, egon eta joan egiten dira. Baldin bagaude, ondo. Baina ez daude gure zain. Ez digute laguntzarik eskatzen. Guretzat, errefuxiatuei laguntzea gizaki gisa jokatzeko sentitzen dugun beharra asetzeko modua da».

BERRIAn argitaratua (2017/09/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA