astekaria 2017/09/08
arrowItzuli

bizigiro

Euriaren esperoan

Anixe Uribarren - Oskia Ollakarizketa

Euriaren esperoan

Arabako Zuia udalerria edateko ur falta jasaten ari da, beste uda batez. Hamarkada bat baino gehiago pasatu da Zuian ur eskasia izaten hasi zirenetik. Hala, gaur, oraindik ere, herritarrek ezin dute ura normal erabili. Izan ere, uda garaian, ibaiaren ur emaria jaitsi egiten da, eta Baia ibaia ia-ia guztiz lehorra gelditzen da.

Zuia udalerriko Gillerna herria Gorbeia mendiaren hegalean dago. Berrogeita hamabi biztanle ditu. Hara bidean, urrundik sumatu daiteke lehortea. Herriaren inguruan dauden belardiek ez dute ohiko kolore berdea. Siku daude, hori.

Gillernara heldu, eta ezkerraldean, baserri bat dago. Han, Oscar Urrutia nekazaria behiei jaten ematen ari da. Urrutiak esan du berari ur faltak egunerokoan ez diola asko eragiten. Ordea, nekazariak ezin du nahi beste ureztatu: «Ezin dugu ortua ureztatu. Norberaren kontsumorako diren barazkiak ureztatzeko badugu behar beste ur; adibidez, tomateak ureztatzeko. Ostera, patatak ureztatzeko ez dugu gura adina ur. Hala ere, iturriak, behintzat, ura isurtzen jarraitzen du», esan du.

Baserrian, animaliak ere badaude, eta ura beharrezkoa dute. Behi mordoxka bat agerian dago baserri ondoko nabe batean. Baserritarra kezkatuta dago ur eskasiak esne ekoizpenean eragina izan dezakeelako: «Hemengo behi batek sortzen duen litro esne bakoitzeko, gutxienez hiru litro ur behar dira. Hala, errendimendu handiko behiek egunean 150 litro ur behar dituzte. Ur kantitatea murrizten bada, behiak sortzen duen esne kantitatea ere murriztu egiten da».

Gorka Iriondo ere Gillernako herritarra da, eta arduratuta dago: «Euririk egiten ez badu, hilabeteren buruan arazoak egon daitezke, eta ura moztuko digute, seguruenik», azaldu du. «Beti daukagu buruhauste hori, ura moztearena», gaineratu du. Udalerri osorako ura jasotzen duen urmaela husten hasten bada, ur mozketak izango dira, eta horrek asko arduratzen du Gillernako herritarra. «Ura oinarrizkoa da», azaldu du Urrutiak. Horrez gain, Urrutia eta Iriondo ados daude udalerriko uraren prezioa merkeagoa izango litzatekeela ur kantitate handiagoa balego.

Noiz edo noiz ura moztu izan dietela azaldu dute Urrutiak eta Iriondok; badirudi egoera hori ez dela horren ezohikoa. Uraren kontsumorik ez egoteko egiten dira ur mozketak; hala, berriz ere, ur andelak bete egiten dira. Horrek, baina, egunerokoan, arazoak sortzen dizkie abeltzain eta nekazari askori: «Ur mozketak izaten direnean, animaliei edaten emateko, ibaira joan behar izaten dugu ur bila. Guretzat, berriz, urez beteriko botilak erosten ditugu», azaldu du Urrutiak.

Zuiako alkate Unai Gutierrezek ondo ezagutzen ditu herritarren arazoak. Edateko ura badaukatela dio, «baina, hain da baxua, etxe batzuetara ez baita ura heltzen; bi edo hiru pisu dituzten etxeetara ez da urik heltzen, esaterako». Alkateak argi du zein den arazoaren konponbidea: neguan eta udaberrian ura biltzea, horrela, udan, herritarrak ur horren bitartez hornitu ahal izateko. Baina, uraren bilketa gauzatzeko, erakundeen finantzaketa ezinbestekoa da.

«Arabako Foru Aldundia eta Uraren Euskal Agentzia (URA) dira arazo honen erantzuleak. Bi horiek beti arrazoitu izan dute ez dutela arazoa konpondu finantzaketarik ezagatik», dio alkateak. Bi erakundeak esaten dutenarekin ez direla koherenteak azaldu du: «Bere garaian, Zuiako herritarrei edateko ura bermatzeko proiektua aurrera atera baino nahiago izan zuten dirua gastatu ureztatze sistemarako urtegi bat egiten [Barrongo urtegia]». Foru Aldundiak, berriz, esan du, kasu honetan uraren kudeaketaren ardura administrazio batzarrena eta udalarena dela.

Uzta aurreratuta, Nafarroan

Jende gutxi dabil kalean Ablitasen (Nafarroa). Goizean goiz Erriberako herria lainotuta esnatu den arren, eguzkiak gogor jotzen du 12:00etan. Kaleek desertua dirudite, herria inguratzen duten lautadekin sintonian baleude bezala. Plazan, gizon batzuk lanean dabiltza, izerdi patsetan, jaietarako hesiak jartzen eta agertokia egokitzen. Bizilagun gutxi batzuk ere ausartu dira etxetik ateratzen, eta erosketak egitera joan dira fruta dendara eta okindegira, betiere bidean itzala bilatuz.

Hala ere, egoteko lekurik erakargarrienetakoa tabernetako terrazak dira. Eguzki oihalaren azpian, itzalaren babesean. Garagardo fresko batekin dago horietako batean Jaime Oliver ablitastarra. «Udak hemen beti txarrak dira, baina hau bereziki txarra izaten ari da», adierazi du Oliverrek. Azken egunetako ekaitz bakanak kenduta, Ablitasen ez du euririk egin uda osoan. Azken egunetan bai, 40 litro bota dituela aipatu du, eta ura beharrezkoa zutela gaineratu du. Hala ere, «garaiz kanpo» izan dela dio; izan ere, bat-batean hainbeste litro erortzeak ere ez dio onik egin: baratzea hondatu zaio.

Edonola ere, Oliverren ustez klima aldaketaren eragina nabaria da: «Duela 30 urte, zainzuriak mendian landatzen ziren. Gaur egun, mendian, ez bada ureztatzen, ez da ezer ateratzen. Oso lehorra dago».

Julia Aznar bizilaguna ere kalean dabil, baina ez dago lehortearekin bereziki kezkatuta. «Leku guztietan euria ari du, baina hemen ez du inoiz euririk ari, normala da», aipatu du Aznarrek. Etxeetan ez dute ur eskasiarik nabaritu, baina aitortu du horrelako lehorteekin nekazariek jasotzen dutela parterik txarrena.

Herriaren erdigunetik pixka bat aldenduta, horren erakusgarri dira Francis Calvo Aznar nekazariaren laborantzak. Calvo Ablitaseko Nuestra Señora del Rosario kooperatibako kidea da, eta mahastiak, olibondoak, almendrondoak eta zereal soroak ditu. Guztira, 80 hektarea laborantza ditu herrian: horietako 35 hektarea laborantza ureztatuak dira, baina gainontzeko 45ak lehorreko laborantzak, mendikoak. Azken horietan izaten ari da lehortearen eragina nabarmena.

Izan ere, Ablitasko nekazariek Lodosako ubideko ura eta Val-eko urtegiko (Aragoi, Espainia) ura erabiltzen dute haien soro ureztatuak ureztatzeko, eta uda oro izaten duten %20ko murrizketaz gain, ez da aparteko murrizketarik egon ur horren erabileran.

Aldiz, mendiko leku altuagoetan, lehorreko laborantzak daude, eta horiek ez dira ureztatzen. Horietara ez da ubideko ura iristen. «Mendiko guztia galtzen ari da», aipatu du Calvok.

Haren kasuan, almendrondoak izaten ari dira aurten kalte handiena jasaten ari direnak. Zuhaitzen kolorea marroia da, hostoak lehortuta daude, eta almendrak itxiak daude. «Euririk egiten ez badu, ez dira almendrak irekitzen, eta, orduan, ez dute ezertarako balio», aipatu du nekazariak, atsekabeturik. Gainera, uzta normalean baino lehenago bildu behar izan dute: «Normalean, irailaren 16aren bueltan hasten gara almendrak biltzen, eta, aurten, dagoeneko, dena bildua dugu. Hogei egun aurreratu da». Mahatsa ere biltzeko prest dagoela aipatu du Calvok, eta, olibei dagokionez, litekeena dela ekaineko beroarengatik ere uzta bilketa aurreratzea.

Ablitasek, guztira, 77,4 kilometro koadroko azalera dauka, eta horietako gehienak mendi eremua edo soroak dira. Harrizko bidexketan zehar igarotzean kolore horia eta marroia dira nagusi paisaian. Laborari batzuk jo eta su dabiltza lanean, lastozko txanoak jantzita, eguzkitik babesteko. Bitartean, Calvok penatuta erakutsi ditu guztiz lehortuta gelditu zaizkion zereal soroak ere. «Zerealaren %90 bildu gabe gelditu zen ekainaren bukaeran, uzta guztia lehortu egin zelako», dio ablitastarrak. Inma Martinez Kooperatibako idazkariak azaldu duenez, zerealaren kasuan, nekazari bat bera ere ez da gelditu lehortearengatik kalteen parte eman gabe.

Lehortea gutxi balitz bezala, Ablitasen beste arazo batez kexu dira nekazariak: untxiez. Mendiko lehorreko eremuetan oso untxi populazio handia dago, eta uztak jaten dizkie nekazariei, batez ere, brokoliak, azaloreak eta orburuak. Almendrondoen eta olibondoen beheko aldeak ere karraskatzen dituzte, eta zuhaitzak lehortu egiten dira. Horregatik, nekazariek dirutza gastatu behar izaten dute zuhaitzetarako babesleetan eta soroetan hesiak jartzen.

Beste herri batzuen egoera, ordea, okerragoa dela gogorarazi du Calvok. Ribaforadan (Nafarroa), adibidez, lehorteari aurre egiteko neurriak hartu dituzte, eta ureztatzeko ur kantitatea murriztu dute. Neurri horiek landatutako hektarea kopuruarekin eta behar duten ur kopuruarekin proportzioan hartu dituzte.

BERRIAn argitaratua (2017/09/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA