astekaria 2017/09/08
arrowItzuli

politika

Eskumen gatazka, agerian

Edurne Begiristain

Eskumen gatazka, agerian

Kataluniako azken eraso jihadistek mahai gainean jarri dute Espainiako Estatuko polizia ezberdinen arteko eskumen gatazka. Aspaldikoa den eztabaida hauspotu dute Kataluniako Gobernuak eta Mossos d'Esquadrak azken asteotan egindako salaketek. Mossoek urteak daramatzate Espainiari eskatzen Europolen alerta sistema integratu nahi dutela, beste poliziekin informazioa trukatu eta koordinatzeko; baina Espainiako Gobernuak ukatu egin die, berriro, sarbide hori. Aldarrikapen bera egin dute azken urteotan Nafarroako Foruzaingoak, eta, bereziki, Ertzaintzak. «Polizia integrala» izan nahi duten heinean, nazioartean jarduteko eskumenak dituztela eta krimen antolatuari eta era guztietako mafiei aurre egiteko prestatuta daudela diote, eta, hortaz, Europako polizia foroetan presentzia zuzena izateko eskubidea ere badutela. Alta, ezezkoa jaso dute beti Madrildik.

Alabaina, Ertzaintzaren egoera errotik aldatuko da uda honetatik aurrera. Madrilek hamarkadetan Ertzaintzari ezarritako betoa kendu du, eta Europolek darabilen informazioa zuzenean eskuratu ahal izango du aurrerantzean. Joan den ekainaren 14an batzartu ziren EAEko Segurtasun Saileko eta Espainiako Barne Ministerioko buruak, Segurtasun Batzordean, Madrilen, eta bertan hartu zen erabakia. Ordubeteko bileran, akordio mamitsuak lortu zituzten bi aldeek. Nabarmentzekoak dira hauek: Ertzaintza Terrorismoaren eta Krimen Antolatua Borrokatzeko Inteligentzia Zentrora (CITCO) eta Europako polizia informaziora (Europol, Siena eta Sirene) sarbidea izatea.

Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko harremanek une gozoa bizi dutenean etorri da erabakia. EAJk eta PPk Madrilen lortutako akordioek ahalbidetu baitute Ertzaintzak Europako polizia foroetan parte hartzea. Zehazki, 2017ko aurrekontuak babestearen truke, Madrilek datozen urteetan bete beharreko 36 konpromisoen artean jasota dago Ertzaintzak Europako erabaki esparru batzuetan parte hartzea.

Kataluniako Generalitateak salatu du mossoak baztertu dituztela akordiotik. Mossoekin sortutako polemikak agerian utzi du auzia politikoa ere badela, eta konpondu gabeko eskumen gatazka bat badagoela Espainiako segurtasun indarren eta erkidegoetako polizien artean. Kataluniako atentatuen ostean, Josep Lluis Trapero mossoen burua kexu zen Madrilek jasotako Europako polizien informazioa ez delako Kataluniara heltzen, eta Espainiako segurtasun indarrek ez dizkiotelako nazioartean izan ditzaketen eskumenak aitortzen. Espainiako Gobernuak aditzera eman du Europolek bere arauak dituela, eta mossoak han ez egotea horren ondorio dela.

Ertzaintzak bai, mossoak ez

Ertzaintza Europolen sartu izanak ez du lagundu polemika baretzen. Mossoak kanpoan utzi izana salatu du Kataluniako Gobernuak, eta Espainiako Gobernuak erantzun du Ertzaintzari ez ezik, mossoei ere eskaini zitzaiela Europako foroetan parte hartzea, baina Generalitateak ez zuela proposamena onartu.

Europako Batasuneko agentzia da Europol, eta horren kide dira Espainiako Polizia Nazionala eta Guardia Zibila. Europolek bulegoak ditu Europako Batasuneko kide diren estatu guztietan. Espainian, Madrilen dago, eta hara iristen da Europako poliziek kriminalitatearen inguruan eskuartean darabilten informazioa. Guardia Zibila eta Espainiako Polizia arduratzen da gero datu horiek erkidegoetako polizien artean zabaltzen. Hori hala izanik, mossoek eta foruzaingoak eta Ertzaintzak duela gutxi arte ez dute aukerarik Europolekin zuzenean koordinatzeko.

Eusko Jaurlaritzak urteak zeramatzan eskatzen Ertzaintzak Europako polizia informazioetarako sarbidea izan zezan. Jiihadismoari eta krimen antolatuari aurre egiteko informazio eta baliabide nahikoak ez zituelako kexu zen. Segurtasun Batzordeak joan den ekainean hitzartutako akordioak aldatuko du Ertzaintzaren rola. Segurtasun Sailak BERRIA-ri argitu dionez, Ertzaintzak oraingoz ez du parte hartze presentzialik izango foro horretan, baina, aurrerantzean, Ertzaintzaren «irizpideak eta premiak» aintzat hartuko dituzte Espainiako Gobernuak bertan dituen ordezkariek. Gainera, Europako edozein polizia ikertzen ari den pertsonen «jarraipena» egiteko aukera izango du Ertzaintzak, eta haien espedienteak eskuratu ahal izango ditu.

CITCOn parte hartze zuzena izatea ere adostu dute Jaurlaritzak eta Madrilek. Segurtasun sailak jakinarazi duenez, parte hartze zuzena du Ertzaintzak orain organo horretan, eta horrek aukera ematen dio beste poliziekin informazioa «trukatu» eta martxan daude ikerkuntzen berri «hurbiletik» jarraitzeko.

Ertzaintzak Europolen eta CITCOn parte hartzeko aukera izatea txalotu dute Ertzaintzaren sindikatuek. Erne sindikatuarentzat, positiboa da, oso, neurria. «Mehatxu global» baten aurrean datuak trukatzea eta «ahaleginak koordinatzea» ezinbestekoa dela adierazi dio kazeta honi Roberto Feijoo Erne sindikatuko bozeramaileak. Haren ustetan, hiritarren «segurtasuna» bermatzeko ezin da «baliabide bakar bat ere» baztertu.

Ziur da Europolen parte hartzeak ahalbidetuko diela informazioa trukatzea, eta aurrerantzean erraztu egingo duela Ertzaintzaren lana. Dioenez, balio handiko erabakia da, zentzu askotan: «Europan ikusiko da Ertzaintza polizia integrala eta modernoa dela, eta gainerako poliziek dituzten tresnak dituela». Ertzaintzaren lanari egindako «aitortza» ere badela dio.

Madrili eskaera

Europol 1994an martxan jarri zenetik, bertan sartzea ukatu zion Madrilek Ertzaintzari, bai eta CITCOn egotea ere, 2014tik. Eta bi foro horietan ez egoteak arazo franko ekarri dizkio Ertzaintzari, Erne-ko bozeramaileak azaldu duenez: «Gertatu izan zaigu Europako Batasunean delitu larriak egin dituzten pertsonak edo bilatze eta atxilotze agindua zutenak aske utzi ditugula, informazio ezagatik». Salatu du Espainiako Gobernuak «arduragabekeriaz» jokatu duela orain arte Ertzaintzarekin, eta gauza bera ari dela egiten mossoekin eta foruzaingoarekin ere. «Eskandalagarria da estatuko poliziek Europako informaziora sarbiderik ez izatea. Erantzukizun politikoak eskatu beharko genizkieke arduradun politikoei».

Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko akordioak konpondu egin ditu Ertzaintzaren aspaldiko eskaera batzuk. Eskumenen afera, baina, ez dago erabat itxita. Iñigo Urkullu lehendakariak aste honetan ohartarazi du Madrilgo gobernuak «hobetzeko asko» duela «terrorismoaren» aurkako borrokaren inguruko informazioak trukatzeko, eta badela garaia onartzeko Ertzaintzak eta mossoek eskumen guztiak dituztela eta «polizia integralak» direla. Segurtasun Saileko iturriek ere baieztatu dute jarraituko diotela Espainiako Gobernuari exijitzen beharrezkoa dela polizien arteko informazio eta inteligentzia gaiak trukatzeko bideak «erraztea eta azkartzea».

BERRIAn argitaratua (2017/09/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA