iritzia
Gaur ezin dut
Idurre Eskisabel
Antzeratsu kantatu zuen Hertzainak-ek 20 urte beranduago, No time for love, Jack Warshawren abesti ezaguna gurera ekarriz, ez zela maitasunerako garaia: tortura, atxiloketak, espetxeak, gerra? Hori dena tartean izanik, ez zela amodiorako betarik.Eta antzeratsu jarraitzen dugu gaur: sekulako auzi eta arazoak baititugu, serioak, sakonekoak, larriak, maitasunaren pareko «kontu txikiei» heltzeko. Esaterako, azaroaren 13ko Parisko erasoek beldurra oraindik eta sakonago itsatsi digute urdaileko zuloan, eta keinu larriz diogu ez dela onargarria Argiaren ?edo, hara, Maitasunaren? Hiriko terraza xarmant batean kafe bat lasai hartzen lagatzen ez digun mundu bat.
Eta lagunarteko bazkarietan aho batez eskatzen dugu jar ditzatela Europan, gutxienez, AEBetara sartzeko adina kontrol eta traba ?ahaztu zaizkigu, gogotik, gure umeen hainbesteko traza zuen Aylan haur hilotzaren argazkiak; eta ahaztu ez ezik, ezabatu ere egin zaigu borondatetik behinolako iluntasunean esku-argi izandako Gerrari Ez hura?. Eta segidan aldarrikatzen dugu mundu basa dela gureaz bestekoa: itsua, fundamentalista, matxista ?batik bat, matxista; gureaz bestekoaz ari garenean plazer berezia ematen baitu ahoskatzeak: ma-txis-ta?.
Nolanahi ere, maitasun hitzak nahi genituzke esan, baina, agidanez, gaur ezin dugu? No time for love? Eta halaxe joan zitzaigun atzoko eguna, Azaroaren 25an, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkakoa, egunez egun, behartze bat, mehatxu bat, kolpe bat, zauri bat, heriotza bat harilkatzen dituen, nola izendatu, «arazoarena». Halaxe joan zitzaigun: erasotzaile zital, ero, gizatxarrak gaitzesten. Hainbatetan, erasotzailea gureaz besteko erretratatzen.
Halaxe joan zitzaigun, kontu larriez ari garenez, apenas maitasunaz hitz egin gabe. Eta, bereziki, ohartu gabe maitasuna esaten diogun hori dagoela andreoi bakerik ematen ez digun indarkeria horren muinean: ez dela banako ero batzuen edo moroen kontu bat, afektuen, sexuaren eta emozioen gaineko pentsaera, antolaketa eta kudeaketa zehatz baten ondorio baizik. Gure pentsaera, antolaketa eta kudeaketarena. Gehiago oraindik: hurkoaren jabetzan oinarritzen den bikote unitatea dela gure zutoina, antolaketa sozioekonomiko eta politikoarena ez ezik, gutako bakoitzaren giltzadura emozionalarena.
Jelosiari leialtasun esaten dion maitasunaren ikuspegi bat, atxikimendu erabatekotik gorroto muturrekora segundo hamarrenean jauzi egin dezakeena; are, amodioa eta herra txanpon beraren aurki eta ifrentzu biziarazten dizkiguna. Eta maitasunaren irakurketa horretarako desberdin entrenatzen garela emakumeak eta gizonak: printze urdinaren musu/hatsaz bizitzeko batzuk, printzesa ederra babesteko/kontrolatzeko besteak. Eperrak jan ondorengoak hain gutxitan kontatu dizkigute, ordea?
Zer diren gauzak? Hitz egin nahi nuke gauza handiez ?arrakala sozialez, ekonomiaren iruzurraz, geopolitikaz, kulturaren noranzkoaz, independentziaz??, baina gaur ezin dut: hondora begira jarriz gero maitasunaren gaineko ikuspegia eraldatu beharra eta elkarrekin bizitzeko beste eredu batzuk esploratzeko premia agertzen baitzait auzi horietako bakoitzaren erraietan.