astekaria 2017/09/01
arrowItzuli

kultura

Euskarazko zazpi film emango ditu Donostiako Zinemaldiak

Itziar Ugarte Irizar

Euskarazko zazpi film emango ditu Donostiako Zinemaldiak

Donostiako 65. Zinemaldirako hiru aste eskas falta direla, euskal zinemak aurten jaialdian izango duen lekuaren berri eman dute antolatzaileek. Denera, Euskal Herrian ekoitzitako hamalau pelikula izango dira, eta horietatik zortzi izango dira euskarazkoak. Telmo Esnalen Dantza, ordea, ez dute botako jaialdian. Postprodukzio fasean dago, eta Glocal in Progress sail berrian lehiatuko da, ekoizle, banatzaile eta bestelako zinema profesionalen aurrean erakutsi ostean —Europako hizkuntza ez-hegemonikoetan sortutako zinema bultzatzeko sortu dute Glocal in Progress programa aurten—. Honako hauek dira aurtengo Zinemaldian ikusi ahalko diren euskarazko zazpi filmen izenak: Handia, Nur eta herensugearen tenplua, Akelarre, Areka, Bi Txirulari, Elkarrekin-Together eta Euritan.

Euskal Herriko hamalau ekoizpenetatik zazpi Zinemaldian bertan estreinatu dira, eta zazpi horiek lehiatuko dira Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko. Horietako bi Sail Ofizialean ere lehiatuko dira: Moriarti taldeko Jon Garaño eta Aitor Arregik zuzendutako Handia —Altzoko Handiaren istorioa kontatzen du pelikulak— eta Fernando Francoren Morir filma — 2013an La herida lanarekin kritika onak jaso zituen Zinemaldian Francok, eta azken lan honetan bikote harreman bat jarri du erdigunean—.

Zinemira da euskal ekoizpenei propio gordetako saila, eta fikzioaren alorreko bi debut emango dituzte aurten bertan, biak ere Irizar sarirako hautagaiak: Iñigo Garciaren Bi txirula —mundu berri baten bila doazen bi gizonen bidaia kontatu du Garciak— eta Ximun Fuchs eta Eñaut Castagneten Non (Ez). «Langile baten kexadura ibilbidea» kontatzen du filmak, Fuchsen esanetan. Aipatu duenez, «gaiak hala eskatuta» da frantsesez pelikula.

Sail berean estreinatuko da Elkarrekin-Together, Pablo Iraburuk, Migueltxo Molinak eta Igor Otxoak elkarrekin zuzendu duten pelikula —Zinemaldira Walls eta Pura vida ekarritakoa da aurrez hirukotea—. Viktoria Eugenia antzokian egin ohi den Euskal Zinema eta ETBren galan estreinatuko da, eta Irizar sarirako lehian da hori ere.

Belodromoko emanaldian, Antonio Cuadriren Operación Concha emango dute; Donostiako Zinemaldian girotutako pelikula da, eta Unax Ugalde, Ramon Agirre, Barbara Goenaga eta Mara Escalante daude aktoreen artean.

Bestelako jardueren artean dago, halaber, Bertha Gaztelumendik zuzendu duen Volar filma. Genero indarkeria bizi izan duten bederatzi emakume dira protagonistak, eta elkarrekin landa eremuan igarotako asteburu batean dago girotuta filma. Hori ere Irizar sarirako hautagaien artean dago. Bestetik, Zinemaldiak eta Tabakalerak antolatzen duten Ikusmira Berriak programan erakutsiko dute Maider Fernandezen Las letras de Jordi lana.

Film laburrak Zinemira-Kimuak atalean emango dira, baina, ohiko legez, prentsa kreditazioa dutenak baino ezingo dira emanaldietara sartu. Euskarazko bi lan daude bertan: Irati Gorostidiren eta Arantza Santestebanen Euritan eta Atxur Animazio Taldearen Areka. Zabaltegi-Tabakalera sailean dagoen Koldo Almandozen Plágan (Izurria) ere sartu dute Zinemira-Kimuak sailean. Zikloa osatuko duten laburrak dira Ab alio (Iñigo Royo, Iñigo Fernandez Ostolaza), Apireta pero raramente ahoga (David P. Sañudo), For the Good Times (Andres Daniel Sainz) eta La fiebre del oro (Raul de la Fuente).

Lehiaketaz kanpoko beste bi filmekin osatuko da euskal ekoizpenen zerrenda: aurten zendu den Juanba Berasategiren Nur eta herensugearen tenplua —zinemagilearen azken lana da—lanarekin eta David Arratibelen Converso bigarren film luzearekin.

Euskal zinema, indartsu

Zinemagileentzat Zinemaldia jaialdia «aho biko labana» izan daitekeela aipatu du Jose Mari Goenak, Moriarti ekoiztetxeko kideak eta Handia pelikulako gidoigileak: Zinemalditik igarotzen diren filmak indartuta bezala atera daitezkeelako galbidera bideratuak. Harreraz gain, euskarazko zinemagintzak azken urteetan pauso garrantzitsuak eman dituela aipatu du Goenagak: «Azkenaldian gehiago nabari da, baina Aupa Etxebeste (2005) estreinatu zenetik Zinemaldian bidea egin du euskal zinemak, eta orain uzta jasotzen ari gara».

BERRIAn argitaratua (2017/08/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA