astekaria 2017/09/01
arrowItzuli

ekonomia

Lehorrean hondoratuta

Jon Fernandez

Lehorrean hondoratuta

Itsasontzi bat minutu bakarrean hondoratzen ez den bezala, ontziola batek ere ez du behea jotzen egun batetik bestera. Hona gako batzuk, Sestaoko ontziolaren krisia hobeto ulertzeko:

ZERGATIK IRITSI DA NAVAL KIEBRAREN ATARIRA?





Funtsean, 2014tik orain arte galera handiak pilatu dituelako, 80 milioi eurokoak. Dagoeneko, 150 milioi euroko zorra du bankuekin. Tax lease-aren auziak hutsik utzi zituen ontziolaren nasak pare bat urtez. 2014an, ontzien eraikuntza finantzatzeko sistema berria indarrean jarri zenean, kontratuak iristen hasi ziren. Baina lan horiek lortzeko oso prezio txikiak eta epe estuak onartu behar izan zituen, eta hortik galerak.

ZER ZEN 'TAX LEASE AUZIA'?





Bruselak 2013an erabaki zuen Euskal Herriko eta Espainiako ontziolek erabiltzen zuten tax lease sistema legez kanpokoa zela. Kostu ekonomiko handiko produktuak erosteko sistema bat da, enpresa erosleek ahalik eta zerga txikienak pagatzeko, eta, hartara, erosleari produktua bera merkatzeko. Antzeko sistemak dituzte EBko beste herrialdeetan ere.

'TAX LEASE AUZIAGATIK' DAGO GAURKO EGOERAN?






Ez, ez da arrazoi bakarra behintzat. Izan ere, gainontzeko euskal ontziolak ez daude Navalen koloka berean. Europako Justizia Auzitegiak, 2015ean, bertan behera laga zuen Europako Batzordearen 2013an euskal ontziolen kontra hartutako erabakia. 2014tik, tax lease sistema berria darabilte ontziolek, zaharraren oso antzekoa. Langileen ordezkariek zuzendaritzaren kudeaketa txarrari bota diote egoeraren errua.

ZEINTZUK DIRA NAVALEN JABEAK?






2006an egindako pribatizazioaren ondoren, honela banatzen da kapitala: akziodun nagusiak Murueta ontziola eta Ingeteam ingeniaritza enpresa dira, bakoitza akzioen %38,07narekin. Akzioen %12,18 ditu, berriz, Iniciativas Navales del Nortek; %10,15, Naviera del Nervionek -Del Dagorena-; eta %1,5, Lairak.

ONTZIOLA PUBLIKOA ZEN 2006RA ARTE?






1979tik 2006ra arte, Espainiako Estatua zen ontziolaren jabea, harik eta SEPI sozietate publikoak Construcciones Navales del Norteri (CNN) saldu zion arte.

AKZIODUNEK ZERGATIK EZ DUTE NAHI DIRURIK JARRI?






Egungo zorraren zamarekin, negozioa ez delako errentagarria. Gainera, ez da giro jabeen artean. Akziodun txikiek handiak epaitegietara eraman dituzte, leporatuz aberastu egin direla Navalen bizkar, ontziolari lotuta egindako hainbat operaziori esker.

ZENBAT LANGILE DITU?







Zuzenekoak, 220; baina, zeharkakoak 1.600 inguru, azpikontratuta, ontziola ahalmen betean dabilenean. Azkenaldian, azpikontratutako enpresa askok utzi egin diote ontziolan lan egiteari, ez dietelako ordaintzen.

AZPIKONTRATEK ZER ETORKIZUN DAUKATE?






Behin konkurtsoan sartuta, azpikontratatutako enpresa txikiek oso zail izango dute Navalek zor dien dirua berreskuratzeko. Navalekiko menpekotasun handia dute, nahiz eta askok beste ontziola batzuentzat ere lan egin. Baina Sestaoko ontziolan ontzi handiagoak egiten dituzte, eta, beraz, lana denbora luzeagorako izaten da; horregatik, nahiago izaten dute Navalen behar egin.

ZER ERAGIN IZANGO LUKE ITXIERAK ESKUALDEAN?






Handia. Ezkerraldea langabezia tasarik handieneko eskualdeen artean dago, Erriberarekin eta Enkarterrirekin batera. Iaz, esaterako, %23,8koa zen langabezia tasa Sestaon, Eustaten arabera.

ZER ROL JOKATU DU EUSKO JAURLARITZAK?






Nahiz eta langileek eta oposizioko alderdiek eskatu diru publikoa sartzeko, EAJk eta PSEk osatutako koalizio gobernuak ezezkoa eman du orain arte.

NAVALEK BADU LANIK ESKU ARTEAN ORAINDIK?






Su txikian, baina bai. Berez, 2019ra arte du lana. Lau ontzi ari dira eraikitzen Sestaoko nasetan: Living Stone ontzia daukate aurreratuen, lanaren hiru laurden amaituta. Hala ere, itsaspeko kableak botatzeko ontzia amaitzeko, Herbehereetako Tideway konpainiak 3,5 milioi euro aurreratu ditu, itsasontzia aurten amaituta egon dadin. Halaber, Navalen asmoa da Herbehereetako Van Oord enpresarekin ere negoziatzea dirua aurreratu dezan, harentzako bi draga ontziak amaitzeko. Balearia konpainiarentzat ferry bat ere egin behar du, baina lanak hasi gabe daude.

ESKAERA ZORROA BETEA DUTE EUSKAL ONTZIOLEK?





Aurten euskal ontziolek hiru kontratu berri lortu dituzte, eta, guztira, hemeretzi itsasontzi dauzkate zorroan: hamar Zamakonak (Pasaia eta Santurtzi), lau Muruetak (Erandio eta Murueta), lau Navalek (Sestao) eta bakarra Balentziagak (Zumaia).

ZELAN DAGO SEKTOREA?





Euskal Herriko Itsas Foroaren arabera, aurtengoa urte positiboa izango da ontziolentzat: neurritsua, baina positiboa. Aurten fakturazioa eta enplegua %2,5 haztea espero du foroak. 2016a ere urte ontzat jo du, 2015ean baino %3,5 gehiago fakturatu zuelako sektoreak: 2.943,5 milioi euro. Iazkoa urte zaila izan zen sektorearentzat, petrolioaren merkatzearen eraginez; halere, foroak azpimarratu du ontziolek jakin dutela erreakzionatzen aurtengo lehen hiruhilekoan, «espezializazioaren bidez, internalizazioaren bidez eta dibertsifikazioaren bidez». Kontratu gehiago lortu dituzte beste nitxo batzuetan: arrantzan, akuikulturan, bidaiarien ontzietan (ferryak), garraio ontzietan, eta itsasoko energia eolikoan (offshore energia)».

BERRIAn argitaratua (2017/08/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA