astekaria 2015/11/27
arrowItzuli

mundua

Ikur beltza, urre beltza, merkatu beltza

Kristina Berasain

Ikur beltza, urre beltza, merkatu beltza

Siria eta Turkia arteko 822 kilometroko mugan ehun kilometro luzeko zirrikitu bat dago, kurduen eskuetan ez dagoen mugako ia eremu bakarra, mapan kokatu behar dena azken asteotako gertakariak benetan zenbaterainokoak diren ulertzeko. Estatu Islamikoak eta beste talde armatuek kontrolatzen dute eremu estrategiko hori, ezen zirrikitu hori baliatzen baitu muturreko talde islamistak petrolioa atzerrian merkaturatzeko. Turkiako muga zeharkatuz, kontrabandistek merkatu beltzean saltzen dute ikur beltzaren urre beltza —Estatu Islamikoaren bandera beltzak lelo sakratu bat dauka zuriz idatzita: La 'ilaha 'illa-llah (Ala da jainko bakarra)—.

Nazioarteko potentzia nagusiak, ez ikusiarena egin ostean, arreta jartzen ari dira orain zirrikitu horretan. Afrin eta Kobane artean dago eremua, kurduek mendebaldean eta ekialdean kontrolatzen dituzten eskualde autonomoen erdian. Eta Turkia, noski, kezkatzen hasita dago, azken batean, modu batean edo bestean petrolio negozio horren onuraduna baita. Recep Tayyip Erdoganen funtzionarioak eta semea bera salerosketa ilun horren parte direla eman dute aditzera hainbat iturrik. Bilal Erdoganek uda honetan ustez talde islamistako ordezkariekin afari bat egin zuen negozioak ixteko Istanbulen —Twitterren dabil argazkia—.

Zurrumurru eta gerra propagandak izan daitezkeen mezuetatik harago, baina, orain arte ageriko sekretua zena ozenki bota du Vladimir Putinek: «Ankara Estatu Islamikoaren konplize da». Errusiako presidenteak, noski, interes propioak ditu salaketa egiteko; Turkiarentzat ez bezala, Baxar al-Assad babestea da bere lehentasuna, eta talde matxinoak, erregimenaren kaltetan, aurrera egiten ari dira iparraldean.

Konpromiso lausoa

Al-Assaden aldeko eta kontrakoen arteko aliantza konplexuetatik harago, orain «fronte bakar eta bateratu» bat eratzeko beharra aldarrikatu dute nazioarteko potentziek. EIri aurre egiteak behar du izan aurrerantzean lehentasuna, eta ondorioztatu dute talde islamistaren diru iturriak moztea ezinbestekoa dela horretarako, ezen egunean milioi bat eta hiru milioi dolar artean eskuratzen baititu petrolioarekin EIk —guztira 2.000 milioi dolarreko funtsa duela kalkulatzen da—.

AEB Ameriketako Estatu Batuak gerran esku hartzen hasi zirela hamabost hilabete pasatu badira ere, orain jarri ditu petrolio erregai-kamioiak jomugan. Errusiak, berriz, aurreko astean ekin zion urre beltza garraiatzen duten kamioiak bonbardatzeari. Errusiako Barne Ministerioak jakinarazi du bost egunean mila erregai kamioi suntsitu dituztela. Raqqa hirian zeuden kamioiak, findegietatik petrolioa jasotzeko zain. Washingtonek, berriz, egun bakar batean, hilaren 16an, 116 kamioi suntsitu zituen, urtegia betetzeko zain zeudenak.

Turkiak Estatu Islamikoaren kontra egiteko duen konpromisoa, aldiz, lausoagoa da, hitzetatik harago behintzat. Ankarak iragarri du plan batzuk dituela mugetan Daexen —Estatu Islamikoaren akronimoa, arabieraz— presentzia ezabatzeko. YPG Herriaren Babeserako Unitateak milizia, baina, kurduen kontra gogor egiten ari da urritik: «Eufratestik mendebaldera ez gurutzatzeko esan genion PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiari». Ahmed Davutoglu Turkiako lehen ministroak kurduen adar politikoari esandako hitzak dira; azken batean, bere etsai nagusiak dira kurduak, barruan eta kanpoan, eta, eremu hori beraien eskuetan uztea muturreko islamistak ahultzeko eta petrolio pasabidea eteteko modua izan badaiteke ere, pentsaezina litzateke hori Ankararentzat.

Estatu Islamikoak, bien bitartean, zirrikitua erabiltzen jarraitzen du. Sirian eta Iraken sei-zazpi petrolio eremu kontrolatzen ditu egun muturreko talde islamistak, produkzio osoaren %60-80 eta %10, hurrenez hurren. Egunean 35.000-40.000 petrolio upel ekoizten ditu, merkatu beltzean 20-45 dolarrean saltzeko, nazioarteko batez besteko prezioa 80 dolarrean badago ere. Egunean, beraz, 1,5 milioi eskura ditzake, eta, hilabetean, 40 milioi dolar. Urre beltzaren trafikoa da bere diru iturri nagusia.

Kontrabandoa

Deir ez-Zor da egun islamisten eskuetan dagoen petrolio eremu handiena; egunean 34.000-40.000 petrolio upel ekoizten dituzte han. Kontrabandistek 25 eta 30 dolar artean erosten dute upela, eta 60 eta 100 dolar artean saldu, baina garraio tasak ere ordaindu behar dituzte, eta muga zergak; hortaz, batez beste 10 dolarreko irabaziak izan ditzakete upeleko.

Lana, baina, gero eta arriskutsuagoa da kontrabandoan aritzea beste irtenbiderik aurkitu ez duten ehunka siriarrentzat. Findegietan petrolioa jasotzeko ilara luzeak egin behar izaten dituzte; egunak eta tartean asteak ere egoten dira zain, eta ilara horiek nazioarteko potentzien jomuga bihurtu dira azken egunetan.

Barne kontsumorako erabiltzen da petrolioaren parte handi bat. EIren kontrolpean dauden hirietan salerosketarako merkatuak daude. Sirian Al-Babekoa da merkatu nagusietakoa; Alepotik ekialdera.

Eta atzerrian merkaturatzea da beste aukera. Behin Turkia barruan, bide ezberdinak daude petrolioa esportatzeko; Ceyhan herriko portutik mundu osora garraia daiteke, itsasoz. Afrikara ere iristen da hortik. Eta baita Europako Batasunera ere. Eta, bestela, herrialdean barrena, errepidez. Turkian, gainera, petrolioa prozesatzeko lantegiak daude, eta, behin finduta, garestiago saldu daiteke urre beltza.

Ezen Iraken hainbat petrolio eremuren eta findegiren gaineko kontrola galdu ostean, petrolio gordinaren salmenta igo egin da, eta prozesatzekotan maila txikiagoan prozesatzen ari da, findegi trakets eta eramangarrietan, kalitatearen kaltetan. Horrek prezioa merkatzea dakar, eta, hortaz, diru iturriak murriztea.

Turkiara iristeak, beraz, prezio lehiakorragoak lortzeko modua ematen du. Eta, akordio taziturik gabe, konplizitate zantzuak badira. Turkian bertan kontsumitzen den petrolioaren jatorriari begiratzea baino ez dago horretaz ohartzeko. Ankarak petrolioaren %90 inportatzen du, egunean 233.000 upel; Siriatik eta Iraketik ere bai.

BERRIAn argitaratua (2015/11/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA